Lasok kolpea eman du (22-17)

Elezkano kanporatu du, eta lau eta erdikoaren ligaxkarako sailkatu da. Artolak 22-20 irabazi dio Peio Etxeberriari, baina biek egin dute aurrera
Unai Laso pilota astintzeko prest, atzoko partidan.
Unai Laso pilota astintzeko prest, atzoko partidan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko urriak 8
Unai Lasok lau eta erdiko txapelketako lehen kanporaketetako ezusteko bakarra eman zuen atzo, Tolosan. 22-17 irabazi zion Danel Elezkanori, eta lehen aldiz sailkatu da final-laurdenetako ligaxkarako. Hori ez zen izan jaialdiko partida bakarra, aurretik Iñaki Artolak 22-20 irabazi baitzion Peio Etxeberriari. Partida horretan biek egin dute aurrera, Mikel Urrutikoetxearen lesioak ligaxkako atea ireki baitzion tanto gehien egiten zuen final-zortzirenetako galtzaileari, eta Larraintzarkoa izan da. Horiek hala, hauek dira bi ligaxkak jokatuko dituzten pilotariak: A multzoan, Altuna III.a, Etxeberria, Victor eta Jaka. B multzoan, berriz, Bengoetxea VI.a, Ezkurdia, Artola eta Laso ariko dira.

Beotibarren bildu ziren zaleek bi partida gogor ikusi zituzten, eta ahal fisikoak garrantzi handia izan zuen. Artola zen faborito lehen partidan, Peio Etxeberria, baina, ezustekoa emateko gogoz kantxaratu zen (0-5 eta 1-7). Artolak denbora pixka bat behar izan zuen bere tokia aurkitzeko, baina garaiz jarri zuen makina martxan. Zazpina berdindu zuen lehenbizi, eta 14-10 eta 19-14 jarri zen aurretik gero. Etxeberriak, baina, argi zuen zein zen bere arma atzo, eta, sake erremateari esker, aurkaria harrapatu zuen (19-19 eta 20-20). Artolak, halere, ondo eutsi zion tentsioari, eta azken bi tantoak bereak izan ziren.

Etxeberriak hogei tanto egin zituen, altxorra, baina urduri ikusi zuen Laso eta Elezkanoren arteko partida, hura ere estua izan baitzen. Hasiera oso orekatua izan zen. Bederatzinakoaren aurretik, zortzi berdinketa egon ziren. Elezkanok eskarmentua zuen alde, baina Lasok, kolpea. Erasokor aritu zen, arriskatuz, eta tartetxoa ireki zuen (12-9, 15-12 eta 14-18). Gehiago zen, baina Elezkano atzean uztea ez da erraza, eta 19-17raino gerturatu zen hura. Tanto bakoitza funtsezkoa zen, eta Laso freskoago zegoen. Giharrari esker egin zituen azken hiru tantoak.

Final-laurdenetako ligaxkak asteburu honetan hasiko dira, eta zerrendaburuak lehian sartuko dira. Ziurra da finalerdietan aurpegi berri bat egongo dela, Jaka, Victor eta Peio Etxeberria multzo berean daudelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna