Jon Salsamendi. Orioko entrenatzailea

«Uste dut uda honetan arrauna ikusiko dugula»

Arraun mundua lanean ari da udan traineru estropadak izateko, eta lanean ari den bat Orioko entrenatzailea da. Arrauna izaten bada, nolakoa izango den: horixe ez dakiela onartu du.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Konfinamenduan ere ez du aspertzeko astirik Jon Salsamendik (Orio, Gipuzkoa, 1970). Orioko entrenatzaileak entrenamenduak prestatzen dizkie arraunlariei, entrenamenduetan egoten da birtualki, eta udan traineru estropadak jokatzeko ere buruari eragiten ari zaio.

Zer aldatu zaizue prestakuntzan, ageriko kontuez gain?

Aldaketa handiena eragin diguna izan da etxetik egin behar dugula lan guztia, eta, arrauna taldeko kirola izanik, banatuta egin behar dugu: horixe da gure oztopo edo traba handiena orain. Bestela, arraunlaria ohituta dago etxean entrenatzen, neguko entrenamendu aldian askotan egiten dugulako lan horrela. Baina egoera normal batean etxean entrenatzen ari denean, arraunlariak badaki asteburuero uretara joango garela. Gaur egun, denok gaude etxean eta denok gaude bakarrik, jakin gabe noiz izango dugun elkartzeko aukera. Horrek dena aldatzen du. Lan fisikoa eta teknikoa moldagarria dira, teknologia erabiliz moldatu daitezkeelako lan horiek egoera honetara. Baina buruko lanean gertatzen ari dira aldaketa handienak, arraunlaria ezer baino lehen pertsona baita. Arraunlari bakoitzaren egoera psikologikoa kontuan izan gabe, ez luke zentzu handirik arlo fisiko-teknikoa kontrolatzeak. Haienganako gertutasunean gure esku dagoen guztia egiten saiatzen ari gara.

Ahalik eta normaltasun itxura handiena eman nahian, aste honetan esfortzu proba egin dute zure arraunlariek.

Saialdi berezi bat da. Lan eta ardura asko eskatzen du, eta, logistika aldetik sekulako zama izaten ari den arren, lortzen ari gara. Egokitu beharra daukagu, batez ere lan psikologikoa ondo egin ahal izateko.

Aditu asko esaten ari dira kirola lehiara itzultzen denean lan fisikoak bainoago lan psikologikoak izango duela aparteko garrantzia emaitzetan. Zu ere bide horretatik zoazela garbi dago.

Hala da. Ez dakigu orain igarotzen ari garen egoera honek zenbateko eta nolako eragina izango duen gutako bakoitzarengan lehiara itzultzen garenean, eta hori ezin dugu orain neurtu. Aukera baldin badaukagu uretaratzeko, baldintzak ez dira orain artekoak bezalakoak izango, eta horrek bakoitzari nola eragingo dion oso gertutik zaindu beharko dugu; egunero egon beharko dugu arraunlarien gainean egoera horiek neurtzeko, eta, hala ere, batek daki zer gertatuko den. Garbi dago oraingo lan psikologikoak eragin egingo diola geroko egoerari eta lan egiteko modu berriari. Hori ez badugu neurtzen ondo, zaila izango da orain egiten ari garen lan eta ahalegin guztiari etekina ateratzea.

Traineru estropadak jokatuko dira udan?

Inork ezin du hori erantzun, ausartegia izatea bailitzateke, eta ez dut txoriburua izan nahi. Baina nahiago dut jendeak esatea Salsamendi ameslaria dela batere ez dela mugitu esatea baino. Gaur egin dezakeguna da udan uretan izateko aukera emango ligukeen zerbait egitea. Hori gure esku dago. Noiz lehiatu ahal izango dugun ez dago gure esku, baina nola lehia gaitezkeen proposatzea badago gure ardurapean, eta hori da garrantzitsua. Garbi dago lehiatzekotan ez garela lehen bezala lehiatuko, eta horretara egokitzen eta prestatzen saiatu behar dugu. Gure kasuan, arraun munduak elkar hartuta joan behar dugu, mahai gainean jarriz nola itzul gaitezkeen lehiara. Agintari eta eragile guztiekin ere ari beharko dugu elkarlanean, jakina.

Zuen esku baino gehiago, ez al dago egoera orokorraren eta gobernuen esku?

Irudi batekin azalduko dut zer den hau dena: esan digute tunel bat eraikitzeko, eta ausartzen denak jakin behar du tunel horretako azkeneko metroko harria kentzea beste batzuen esku dagoela: agintarien esku, alegia. Baina ez daki noiz kenduko dioten azkeneko metroko harri hori, eta ez daki kenduko dioten ere. Baina garbi dago tunela eginda badago azkeneko harria kentzen duten momentuan bertan aukera izango dela beste aldera pasatzeko. Ordurako ez baduzu tunela egin, ez zara sekula pasatuko. Gainera, beste oztopo bat ere bada: lanean ari den bitartean tunela egiteko beste inor ez da konturatzen zertan ari den. Zein dago prest tunela zulatzen hasteko? Oso jende gutxi. Konpromisoa eta lana behar dira. Tunela egiten badugu, agian uretan izango gara udan; ez badugu egiten, inola ere ez. Arraun munduan gure esku dagoen guztia ari gara egiten tunela egiteko, bukatuta egoteko.

Lehiatzeak, arrauna indartzeaz gain, gizartean mezu sendoa zabalduko lioke?

Gizarte osoaren onerako izango litzateke, eta itxaropena baino zerbait gehiago badaukat hala izango dela. Baina tunela eraiki behar lehendabizi. Denboraldi berezia izango litzateke, aztergai asko izango lituzkeena, baina uste dut udan arrauna ikusiko dugula, nolakoa izango den ez badakit ere. Gizarteari alaitasuna, ilusioa eta entretenimendua adierazteko modua izan daiteke gu uretan izatea, baita jendeari erakusteko modua ere nola lan egin dugun hori gauzatzeko.

Zerbait zehatza badakizu zuk udan lehiatzeko aukeraz.

TKEk bilera informatiboa dauka larunbatean, eta etxeko lanak dauzkagu talde guztiok egun horretarako. Denon arteko lana da, eta, guk ez badugu egiten, ez du inork egingo. Hemen kontua da zerbait jakinda ere inork ez dakiela ezer, baina arraun mundua lanean ari da, eta seriotasunez.

Zer ari zara ikasten krisi egoera orokor honetatik?

Egokitzeko erakusten ari garen gaitasuna harrigarria da, eta batez ere haurren kasuan. Elkarkidetza, laguntasuna eta umiltasuna ari gara erakusten, baina gaiztakeria handia ere badabil, badago-eta jendea egoera honetaz baliatzen ari dena beste inori begiratu gabe nahi duena egiteko. Hurrengorako, ikasi behar da zer behar dugun horrelako bati aurre egiteko, bizimodua gelditu gabe.

[YouTube]https://youtu.be/x899yrbW2zk[/YouTube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.