Maddi Ane Txoperena. Idazlea

«Gizartean ez zaio garrantzirik eman izan andreen historiari»

Josefina neskame aritu zen 1950eko hamarkadan, sorterria utzita; Marie haren biloba gazteak horren berri izan nahi du. Biak ditu protagonista 'Ene baitan bizi da' Txoperenaren lehen eleberriak.

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hainbat eskualdetan, orain dela hamarkada batzuk, emakume asko joan ziren neskame besteen etxera, sorterria utzita. Maddi Ane Txoperena Iribarrenek (Hendaia, Lapurdi, 1994) Nafarroatik Lapurdira abiatu zen amatxiri entzunda izan zuen haien bizipenen berri lehenik, eta Antropologiako ikasketetako lan bat egiteko asmotan sartu zen gai horretan idazle, bertsolari eta BERRIAko kazetaria. Baina fikziora jotzea erabaki zuen gero. Amatxi-biloba biren arteko harremana du ardatz bere lehen eleberriak, Ene baitan bizi da (Elkar). Antropologoaren begirada, hitzekin jolasteko bertsolariaren sena eta kazetariaren eskarmentua lagun izan ditu Txoperenak nobela idazteko.

Euskal literaturan apenas landu den gai bat aukeratu zenuen, eta gizartean ere askorentzat nahiko ezezaguna dena. Zerk erakarri zintuen zu gai horretara?

Uste dut, besterik gabe, berezko kuriositateak hurbildu ninduela gaira, amatxi ibili zelako neskame lanetan gaztetan, Ziburun eta Donibane Lohizunen. Txikitatik jaso izan nituen istorio horiek, eta niretzat bazen zerbait hurbila, interesa pizten zidana. Gero, egia da ikusgarritasuna eman nahi niela emakume horiei, ikusten nuelako itzalean gelditzen zirela, eta beste istorio batzuk askoz ere gehiago iritsi zaizkigula: Ameriketara joandako artzainenak edo kontrabandoan ibilitakoenak, adibidez. Ikusgarritasuna eman nahi nien, baina hasierako interesa besterik gabeko kuriositatea izan zen.

Antropologiatik hurbildu zinen gaira hasieran, baina literaturatik landu zenuen azkenean. Zer ematen dizu fikzioak?

Esango nuke askatasuna ematen didala. Antropologiako lan batean, oso lotuta zaude errealitateari eta zure iturrietatik jasotako informazioari, herrena ere izan daitekeena. Zentzu horretan, gai honetan zehazki, askatasuna eman dit literaturak, ez nituen elementu batzuk sortzen utzi didalako. Gainera, gai nagusia neskame ibili ziren emakumeena den arren, uste dut pertsonaia nagusia Marie dela, Josefinaren biloba gaztea, eta fikzioak eman dit aukera haren bidez beste gai batzuk lantzeko. Idaztearen plazera ere eman dit; sorkuntza lan batean daukazun askatasun horrekin idaztea, nahiz eta beti mugak ere badituzun, plazera izan da.

Hainbat andrerekin hitz egin zenuen idazten hasi aurretik. Atentzioa zerk eman zizun gehiena?

Nik uste dut, gertakari jakinek baino gehiago, kontatzeko edo ez kontatzeko moduak eman zidala atentzioa. Emakume haiengana joan eta ikustea ez zizkidatela gauzak kontatu nahi lan serio baterako bazen. Ez zuten arazorik kafe baten bueltan hitz egiteko, baina grabagailu bat jartzen banien, pareta bat topatzen nuen.

Liburuan ere, Mariek gaiaz galdetzean, «nik bizi izandakoa ez dun inportantea» erantzuten dio Josefinak. Hori topatu zenuen?

Bai, erantzun hori, adibidez, emakumeetako batek eman zidan, eta kristoren kolpea izan zen; horregatik sartu nuen eszena hori. Halere, nahiz eta ni harritu ninduen erreakzio horrek, uste dut ez dela kasualitatea. Batetik, uste dut gizartean orokorrean emakumeon historiari ez zaiola garrantzi handirik eman, baina emakumeok guk geuk ere gutxiesten ditugula askotan guri gertatzen zaizkigun gauzak. Baita gaur egun ere. Erakutsi digute ezin garela lehen planoan egon; besteen gauzak direla inportanteak, eta gureak, bigarren mailakoak-edo. Eta uste dut zaintza lanak izateak ere baduela zerikusia, ez zaielako eman, orain arte behintzat, garrantzirik. Uste dut ez zaigula iruditzen beste istorio batzuk izan daitezkeen bezain heroikoak direnik, eta horregatik ez zaiela eman garrantzirik.

Transmisioaren gaia bada nobelako ardatzetako bat. Kezka sortzen dizun zerbait da?

Bai. Uste dut urte gutxitan asko aldatu dela bizitza, gure aitatxi-amatxien belaunalditik gurera, aldaketa asko eta oso azkarrak izan direla. Bizitzeko, hitz egiteko, pentsatzeko modu asko daude asko aldatu direnak eta nolabait galtzear daudenak, eta asko interesatzen zaizkit gauza horiek. Horri lotuta, landu nahi nuen baita ere familia barruan askotan dagoen isiltasunaren kontua; askotan, ez dakigu garai batean gure aita, ama, aitatxi edo amatxia zertan ibili zen; hainbat arrazoirengatik ezkutatu zaizkigu gauzak, askotan minak daudelako gertakariokin lotuta —oso nabarmena izan daiteke 1936ko gerrarekin zenbat gauza ezkutatu diren—.

Belaunaldi eta izaera ezberdinekoak izan arren, hainbat antzekotasun daude bi protagonisten istorioetan: andre gazteen lan baldintzak, adibidez. Nabarmendu egin nahi zenuen hori?

Jolasean ibili naiz iraganaren eta orainaren artean, eta urte hauetan gauza asko aldatu diren arren, iruditzen zitzaidan aldi berean beste gauza asko ez direla hainbeste aldatu, kezka eta gai batzuk errepikatzen direla historian. Eta horietako bat izan daiteke laneko esplotazioa, nahiz eta ez dudan konparazioetan sartu nahi. Baina badut kezka egungo gazteen prekaritatearekin, eta errepikatzen den istorio hori erakutsi nahi nuen, nahiz eta formaz aldatu.

Egun, beste andre askok egiten dute orduko haien kontrako ibilbidea, sorterria utzita hemen zaintza lanak egiteko. Paradoxa hori ere aipatu izan duzu.

Bai, nobelaren bukaera aldera ere agertzen da nola Josefina zaintzeko Hego Ameriketako emakume bat kontratatzen duten, eta bazen paradoxa hori erakusteko nahia ere. Ez dakit zenbateraino jabetzen garen gu ere etorkinak izan ginela duela ez hainbeste.

Bi protagonisten istorioak elkarrekin josiz doaz, iraganaren eta orainaren artean saltoka. Hasieratik argi izan zenuen egitura?

Uste dut nahiko hasieratik izan nuela garbi. Nahiz eta Josefinaren istorioa hasieran ardatz nagusia izatea nahi nuen, bururatu zitzaidan gaur egungo neska gazte baten pertsonaia sartzea, errazagoa zitzaidalako gazte baten larruan sartzea eta istorioa hortik abiatzea. Eta gero bai, saiatu nintzen kontu komun batzuk bilatzen hari gisa, lotura egiteko, nahiz eta iraganetik orainera saltoka ibili.

Gazteluma sariaren bultzadaz idatzi duzu lehen nobela, eta bigarrena Igartza sariaren babesaz landuko duzu. Zer garrantzi dute halakoek, gazteen lanak sustatzeko batez ere?

Halako sariketek ematen dizuten babesa nabarmenduko nuke bereziki. Gaztea izanda, nahiz eta sorkuntzarako grina eduki, ziurgabetasun handiak ditugu —edo nik behintzat baneuzkan—, ez dakizulako idazten ari zaren horrek balio duen zerbaitetarako, ongi edo gaizki dagoen... Eta horrelako sari batera aurkeztu eta irabazteak, aurrera jarraitzeko babes hori izateak animatzen zaitu, ematen dizu nolabaiteko aitortza bat esaten dizuna idatzi duzunak merezi duela-edo, hein batean. Pena da urtean behin-edo ematen direla halakoak, eta pertsona bakarrak irabazi ohi dituela, eta beste gazte asko geratzen direla babes hori gabe; beste bide batzuk bilatzea ere interesgarria izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.