Karlos Zabala. Idazlea eta itzultzailea

«Bitxikeria diluitu egiten da azkenik»

Atzeraka ibiltzea erabaki duen gizon baten istorioa kontatu du egileak 'C'est la vie kantatzen dute zaharrek' eleberrian. Xelebrekeriatzat hartuko dute ingurukoek aurrena, baina azkenerako ohitu egingo dira ekintzara.

MAIALEN ANDRES / @FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Gazte literatura eta poesia jorratuak zituen aurretik Karlos Zabalak (Irun, Gipuzkoa, 1963), eta, 'C'est la vie' kantatzen dute zaharrek obrarekin, helduentzako eleberrian ere murgildu da jada. Elkar argitaletxearekin atera duen nobelak Anton Pla du protagonista, atzeraka ibiltzen hastea erabaki duen gizon bat. Hautuaren inguruan liburu bat idazten ari da Pla, eta haren larruan jarri da idazlea: introspekziorako beta eman dio, baita idazketa estiloan eragin ere.

Zergatik egin duzu jauzi helduentzako literaturara?

Beti ibili naiz literaturaren inguruan bueltaka, baina ez dut askorik idatzi. Literatura euskaratu: hori egin dut gehien. Jauzia baino gehiago, nik beti izan ditut buruan askotariko proiektuak, baina buelta gehiegi eman izan dizkiet, eta azkenean makroproiektu bihurtu eta egingarri izateari utzi diote. Hau istorio nahiko sinplea da.

Absurdora jo duzu Anton Plaren istorioa kontatzeko.

Zalantzak izan nituen. Hasieran, istorio horrekin ipuin bat egin nuen, eta giroa ezberdina zen: atzeraka ibiltzen zen, baina bere egoera okerrera zihoan, eta bukaeran hil egiten zen atzeraka ibiltzeagatik, kamioi batek harrapatuta. Istorio luzeagoa egin zitekeela bururatu zitzaidan; kontu barregarri bat otu zitzaidan, eta konturatu nintzen hori sartuz gero dena aldatzen zela. Ildo ilunetik jarraituz luza nezakeen, baina umoretik egitea errazagoa zen. Azkenean, kontrastetik jo nuen: tipoak egiten duena xelebrekeria da, baina inguruko gauzak normalenenak dira.

Zein izan da kontrastearen helburua?

Xelebrekeria nabarmentzea. Baina halako kontu bat sartzen baduzu normaltasunaren barrenean, pixkanaka-pixkanaka normal bihurtzen da. Beraz, hasieran kontrastatzen du, baina momentu batetik aurrera ohitu egiten zara, edo hori nahiko nuke nik. Jokoa da, eta gero xelebrekeria diluitu egiten da. Hori askotan gertatzen da errealitatean: inertzia batzuek bitxiak iruditu lezakete kanpotik, baina barrutik ikusita gauzarik normalenak dira.

Oinarria espekulatzea da, ezta? Antonen erabaki arbitrarioa muturrera eramatea.

Bai. Horregatik, horrela egitea erabakita neukanean, atzeraka zergatik ibiltzen zen pentsatzen hasi nintzen, baina ez arrazoitzea erabaki nuen. Pertsonaiak ez daki, ezta nik ere. Motibo asko daude; pilaketa izan daiteke garbiena, egoera eskuetatik joan zaiola. Espekulazio joko bat da. Sinbolo bat da azken finean: tipo batek normala ez den gauza bat egiten du, eta bakoitzak pentsa dezala nahi duena.

Hainbatetan aipatzen da egonkortuta dauden ohiturak iraultzeko erraztasuna. Horri buruz hausnartu nahi izan duzu?

Hausnarketarako bidea eman dezake, baina batez ere ispilua jarri nahi izan dut, bakoitzak bertan zer dagoen ikus dezan. Ez dago mezurik, baina, bat bilatu beharko balitz, izango litzateke nola jotzen ditugun normaltzat berez normalak ez diren gauza asko.

Bizkarra ematearen adiera asko ageri dira, batzuk figuratiboak.

Askotan gertatzen da: iruditzen zaizu originala izan zarela, eta toki guztietan agertzen da ideia hori. Aipamen horiek ere liburuan sartzea erabaki nuen. Hemen, atzeraka ibiltzea sinbolo bat da, fisikoa zein ez-fisikoa.

Aipamen horietako asko filmetatik eta liburuetatik datoz.

Literaturak beti du metaliteraturatik, eta sarri arrazoia da istorioarekin lotura duen zerbait agertzen dela aipamen horietan. Osatzeko modu bat da, atzeraka ibiltzearen bilduma bat egiteko edo. Bestalde, atzeraka ibiltzen hasita, dena argitu zaio neurri batean Antoni: burua azkarrago dabilkio, abandonatuta zeuzkan komikiak berriz ere irakurtzen hasten da, baita liburu bat ere.

Printzipioz, Antonen asmoa gizartetik aldentzea da, baina, paradoxikoki, gizarteak inoiz baino kasu gehiago egiten dio.

Hori ere askotan gertatzen da: ingurukoek onartzen duten momentuan, bere funtsa galtzen du egiten hasi zaren bitxikeria horrek. Bestalde, barregarritik jota, Antoni gauzak konpondu egiten zaizkio, ez guztiz beharbada, baina liburuaren hasieran baino hobeto bizi da bukaeran. Tristea izan daiteke: protesta onartzen denean, jada ez du zentzurik. Eta, moraletik ikusita, miseria ere izan liteke: zurea lortu duzunean, bost axola besteena.

Liburuaren izenburuak konformismoa adierazten du, ezta?

Izenburua modu askotara uler daiteke; konformismoa badago, baina xelebrekeria bati lotua. Normaltzat jotzen da normala ez dena. Tipo bat atzeraka doa? C'est la vie. Horrekin lortzen dugu ez pentsatzea, ez hausnartzea. Beharbada ia denetan egin dezakegu bestelako gogoeta.

Liburuaren aurkezpenean bi liburu aipatu zenituen inspirazio iturri nagusi gisa: Nathaniel Hawthorneren Wakefield eta Italo Calvinoren Il barone rampante. Nola izan zaizkizu erabilgarri?

Bai batean, bai bestean, xelebrekeriak egiten dituzte, baina egingarriak dira, ez dira zientzia fikzioa. Cosimoren kasuan [Calvinoren obrako protagonista], zuhaitz batera igotzen da 15 urte dituela, eta ez da arboletatik jaisten bizitza guztian. Wakefield-en kasuan, gizon bat etxetik joaten da, eta ez da hogei bat urtean itzultzen. Tarte horretan, alboko etxetik zelatatzen du bere etxea izandakoan gertatzen dena. Arraroa da, baina egin liteke. Nik horrelako abiapuntu bat nahi nuen. Denak ibiltzen gara batzuetan atzeraka: lanpasa pasatzeko, museoan perspektiba hartzeko... Ni irakasle nabil, eta aurrera eta atzeraka ibiltzen naiz. Kontua da Antonek muturrera eramaten duela.

Hawthorneren eta Calvinoren obretan ez bezala, zure liburuan protagonistak kontatzen du bere historia. Zergatik?

Kontalari orojakilearekin, nola kontatu barruko gauzak? Sinesgarriagoa izan liteke norberak kontatzen badu, introspekzio kontuak errazago justifikatzen dituzu. Asmoa zen ni bere larruan jartzea. Pertsonaiarekin enpatia errazago izatea ere eragiten du.

Zer estilo erabili duzu?

Anton ari da idazten, baina ez du irakurtzen, eta bere erreferentzia bakarrak aspaldian irakurri gabe zituen komikiak dira. Argi neukan bere ingurukoek lagundu behar ziotela hau idazten edo, gutxienez, orrazten. Itzulpen literarioetan erabiltzen den estiloa hautatu dut, gutxi gorabehera. Eta nola justifikatu erabakia? Ba, bera itzulpen bat irakurtzen ari delako. Estilo hori egokia izan zitekeela uste nuen, eta, gainera, nik urteak pasatu ditut literatura itzultzen.

Itzulpengintza estilo bateratu bat dago?

Uste dut badagoela estilo finko samar bat. Ona da erreferentzia bat izatea; gero aldenduko gara aldendu behar den guztia. Edozein gauza esateko modu argi samarra, baina ez guztiz sinplea; lehenengoan ulertu behar da. Liburu batetik bestera aldatzen da, baina badago oinarri bat irakurle askok bereganatua dutena, konturatuta edo konturatu gabe.

Gizartearentzat zer da Anton Pla: xelebrea edo arriskua?

Halako kasuetan, distantzia da gakoa: urrun dagoenean, barre egiten duzu, baina norberaren egoeran eragiten hasten bada, gauzak aldatu egiten dira; oldartu egiten gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.