Albistea entzun

Angel Illarramendi. Musikagilea

«Musikak boterea dauka ez sinesteko ikusten ari zaren hori»

Zarautzen egin zuten emanaldi monografikoa disko formatura eraman du Illarramendik, baina atzera begira geratzeko asmorik gabe. Sorkuntza sinfonikoan jarraitzen du, jakin gabe musikak nora eramango duen.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2018ko abenduak 15 - Donostia

2017ko irailaren 15ean, Zarautz poema sinfonikoak izena ematen dion herria ezagutu zuen. Angel Illarramendi musikagileari (Zarautz, Gipuzkoa, 1958) omenaldia egin zioten egun hartan, hango udalak antolatuta. «Kontzertu monografikoa zena omenaldi bihurtu zen», kontatu du Illarramendik, «baina oraindik geratzen dira urteak gauza horietarako!». Gau hartako abestiak jaso, eta disko bikoitza atera du: Zuzenean (Karonte). Sei konposizioko lana da, Zarautz-ekin hasi, eta Agur jaunak-ekin buka.

Nola erabaki zenuen omenaldia diskora eramatea?

Udalak proposatu zidan kontzertu monografikoa egitea, eta hark enkargatua zen jo genuen Zarautz izeneko poema sinfonikoa. Radio Clasicak grabatu zuen, gero irratian emateko. Sorpresa ederra izan zen, grabazioa oso ondo atera baitzen. Zuzenean grabatzeak arriskua hartzea dakar.

Gau berezia izango zen zuretzat.

Nola ez, denak niri begira! [barreak]. Esan zidaten aukeratzeko orkestra, zuzendaria... Liluragarria izan zen, oso gustura egon nintzen, eta herrian bertan, gainera.

Ez zenuen aukera makala egin.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Zarauzko abesbatza eta Donostiako Orfeoia. 200 artista baino gehiago egon ziren agertokian.

Ardura izan zen Zarautz poema sinfonikoa etxean aurkeztea?

Ez zen gauza erraza izan, bazegoelako presio hori. Banekien obrak izan behar zuela erritmo aldetik bizia, alaia, Zarautz alaia delako. Eduki behar zuen euskal kutsua ere, Zarautz herri euskalduna izan delako betidanik. Inspiratu nintzen euskal dantza batzuetan, aurreskuen erritmo bizietan.

Egun, zer ari zara sortzen?

Nire azken obra izan da kantata bat, Homo spiritualis, orkestra, abesbatza eta bakarlarientzat.

Hamargarren sinfonia egiteko asmorik baduzu?

Etorriko da. Komenigarria izaten da sinfonia batetik bestera tarte bat uztea, lurrarekin egiten den moduan. Sinfonia izaten da eguneroko bat bezalakoa, bakoitzak bere garaia jasotzen du. Nik uste dut etorriko dela hamargarrena, forma horretan oso ondo sentitzen naizelako. Niretzat, abentura bat da: hasten gara, eta ea nora eramaten gaituen.

Sortzeko garaian, zer eskatzen diozu zeure buruari?

Eskatzen diodana da naturaltasuna. Efektismoak ez zaizkit batere gustatzen. Ez da batere erraza, baina itxura hori emanez gero, ondo goaz. Obra bat hasi, bideak zeharkatu, eta noizbait bukatu egin behar da. Bide horietan gauzak gertatzen dira, baina obrak eramaten zaitu, zu zoaz segika.

Hori izan ohi da zailena ere, norbera den bezalakoa azaltzea.

Naturaltasuna, animalientzat. Koreografia bat egitea, adibidez, ez da gauza erraza, natural mugitzea ez delako erraza. Dantzan azaltzen dira gure barruko akats guztiak, argitasun eta iluntasun guztiak. Gortina bat, esaterako, beti da elegantea. Ekaitz handia dagoenean, kaotikoa da, baina haize pixka batekin, elegantea. Ni horrekin hunkitu egiten naiz. Gu humanoak gara, bereziak.

Eguneroko gauzak behatzen topatzen duzu inspirazioa?

Bizitza da mirari bat. Misterioa hor dago. Aitona-amonek galdu egiten dituzte lotsak, beren nortasuna onartzen dutelako. Beldur guztiak, kezka guztiak, onartu egiten dituzte. 20 urte dituzunean, beti zaude zeure buruaren kontra, baina gero naturalagoak gara, nortasuna onartzen dugulako. Bizitza konplexua da, baina abentura polita ere bai.

Sortzerakoan, lehen baino askeago aritzen zara?

Ni gaztea naiz oraindik [barreak]. Bizitza osoan ikasten ari naiz, eta, azkenean, pixkanaka, onartzen duzu zeure burua.

Esan izan duzu gizartea ere aurreiritziak galtzen ari dela.

Gizartea orokorrean ez, batzuetan inkisizio berria ematen du, sare sozialetan-eta. Baina artean, musikan, libreagoa da. Ni gogoratzen naiz XX. mendean beste presio bat zegoela, konplexu gehiago, abangoardiak, modak. Gaztetan, arte eta saiakera zinema ikustera joaten ginen, eta serio-serio irteten ginen handik, erreberentzia batekin. Gaur egun, jende gazteak esaten du: «Hau ez zait gustatzen, eta kito».

Musika klasikoarekiko halako solemnitate bat badago oraindik ere, ezta?

Musika klasikoaren aurrean errespetu handiegia dago oraindik ere. Galdu egin behar da pixka bat, modu onean, noski. Obra gustatuz gero, ondo; gustatzen ez bazaizu, ez txalotu; egin garrasi, edo zerbait. Errespetu handiegia dago. Musika klasikoa ez da hain serioa, bizirik egon behar du.

Nola aldatzen da ikuspegia?

Estetikoki ikuskizun polita da orkestra bat egotea hor. Batere jo gabe, afinatzen dutenean, zuzendaria irteten denean, protokolo hori guztia. Eta hasten da zuzendaria besoak modu arraroan mugitzen. «Zer da hau, pailazoa?». Ume begiekin ikusi behar da, begirada berriekin. «Tipo bat 40 urterekin baino gehiagorekin nola ibil daiteke horrelako gauza arrarotan?» [barreak]. Baina musikariak zoragarriak dira, beti asmatzen dute. Bi orduko kontzertua, eta akatsik ez; ez dira despistatzen. Beti harritzen nau: 80 tipo partiturari begira, eta funtzionatu egiten du. Baina hori, berez, jo gabe, ikuskizuna da.

Aspaldian ez duzu zinemarako lanik egin.

Azken boladan gehiago nabil sinfonikoan, baina ez dut zinema utzi. Niri zinema ikaragarri gustatzen zait; baina niretzat da gauza bat gehiago.

Oso desberdina da jarduteko modua?

Forma desberdina da, operan bezala. Gidoi bat dago, eta pelikula ikusten duzunean, zatitzen duzu eta ordenatu: leitmotiv batzuk egin, neurtu, moldatu. Musikak indar handia dauka, eszenak berak baino gehiago. Musikak sekula ez du gezurrik esaten. Jartzen baduzu, zerbait gertatuko da: boterea dauka publikoak ez dezan sinetsi ikusten ari den hori. Zuzendariaren konplizitatearekin gauza asko egin daitezke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Oraindik ez naiz igandeko zurrunbilotik guztiz atera»

Miren Mujika Telleria

Joanes Illarregi izan zen nagusi Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketan. Eta, hain zuzen ere, garaipen horrek berak eman dio finalaurrekoetarako aukera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...