Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. Ainhoa Arteta. Sopranoa

«Denbora daramat nire ahotsari jarraitzen eta nahi duena egiten»

Soprano tolosarra Giacomo Puccini konpositorearen Madama Butterfly operan ariko da Donostiako Musika Hamabostaldian, abuztuaren 13an eta 15ean. Cio-Cio San protagonistaren rola interpretatuko du obran.
JON URBE / FOKU

Aitor Arroyo Askarai -

2019ko abuztuak 9
Ia hiru hamarkada dira Donostiako Musika Hamabostaldian lehen aldiz kantatu zuela. Mundu osoko agertokietan izan da ordutik Ainhoa Arteta sopranoa (Tolosa, Gipuzkoa, 1964). Ongi gogoan ditu bere ibilbideko une gozoak, esaterako, Metropolitan zein Placido Domingo sariak irabazi zituenekoak. Baita gaziak ere, nahiz eta badakien horiei alde onik aurkitzen ere. «40 urterekin ahots krisi izugarria eduki nuen, baina krisitik fenix hegazti baten moduan atera nintzen, indartuta eta hobetuta». Askotariko rolak interpretatu ditu urteotan, eta argi du aurrera begira zer egin nahi duen: «Egiteko geratzen zaidan gauza bakarra da nire ahotsari jarraitzea. Hori, zoriontsu izatea, abesten jarraitzea eta nahi dudanean erretiratzea, ez beste batzuek nahi dutenean». Hamabostaldian berriro kantatuko du datorren astean; protagonistaren rolean ariko da Madama Butterfly operan. Aurkezpenaren ostean, tarte laburra hartu du BERRIAren galderei erantzuteko, entseguen aurretik atseden hartu beharra baitzuen.

Urte hasieran estreinatu zenuen Pucciniren Madama Butterfly. Zer aldatu da ordutik hona?

Laguntza gutxi jaso nuen, eta ia ez genuen entsegurik egin agertokian; ahotsa prest izan arren, ez nintzen oso eroso sentitu estreinaldian. Oso pertsonaia konplexuak dira, eta, zuzendarien laguntza jaso ezean, oso zaila da aurrera egitea. Baina, orain, eszena zuzendariaren eta orkestrakoaren laguntza eduki dut. Horregatik diot obraren estreinaldia orain izan dela. Halere, bost urte barru egingo den Madama Butterfly ezberdina izango da, produkzio bakarrean zaila baita halako pertsonaiak ondo menperatzea. Abestu ondoren, nekatuta, bai, baina harro sentitzen zara. Hau emanaldi askoren lehena izatea espero dut.

Pucciniren beste opera batzuk ere egin dituzu aurrez. Zer ematen dizu haren obrak lantzeak?

Denbora daramat nire ahotsari jarraitzen; berak nahi duena egiten dut, eta eroso sentitzen da Pucciniren roletan. Hainbat urtez landu ostean, uste dut Puccini emakumeen roletan aditua dela. Sinestezina egiten zait gizon batek emakumeek sentitzen dutena hain modu zehatzean transmititzea. Nigan ere bada oso indartsua den aktore sen bat, eta bere obretan osotasunean landu dezakedala sentitzen dut. Horrek ere eragina du nire ahotsa, pertsona, eta psikea eroso sentitzeko garaian.

Verdiren La traviata hainbat urtez kantatu duzu. Zergatik utzi diozu egiteari?

Ni soprano liriko arin gisa hasi nintzen. Aldi horretan, traviatak egiten nituen, New Yorkeko Metropolitan antzokian batez ere. Ahots kontua da, eta aldatzen doa urteekin. Kontuan hartu behar dugu ahotsa bizirik dagoen instrumentu bakarra dela; eta pertsona baten gorputzean bizi denez, gorputzak dituen aldaketak ere jasaten dituela. Ez da gauza bera nerabea zarenean, 30-40 urte dituzunean, edo nire kasuan bezala, 50 urte dituzunean. Ahotsa gero eta pisu handiagoa hartuz doa. Irakasleek beti esango dizute tonu altu horiek eta arintasun hori ez direla galdu behar, baina pisu handiko ahotsak ere ezinbestekoak dira. Ahotsa aldatzeak errepertorioa aldatzea dakar.

Operaren mundua oso kontserbadorea da, eta emakume pertsonaiak menpeko roletan agertzen dira maiz obretan. Egungo garaietara egokitu behar dira?

Opera gizartearen isla da. Kontuan hartu behar dugu obra hauek 1800-1900. urteetan idatzi zirela. Aintzat hartu behar da garai hartan emakumeek oraindik gizonaren menpeko eta esaneko rola zutela. Baina hala ere, nortasun oso indartsuko pertsonaiak ere badaude: Tosca, Violetta... Gizartearen zapalkuntza irudikatzen dute, baina baita aurre egiteko kemena ere.

Gaur egun, zortea dugu irudimen handiko eszena zuzendariak ditugulako. Nik beti egiten dut puskatzaileak diren obren alde, koherentzia mantentzen badute behintzat. Opera guztiek izaten dute lerroarte bat, eta eszena zuzendari bikain hauek lerro horien artean irakurtzeko gai dira. Bada mezua ondo ulertzen ez duenik ere, baina ondo irakurtzen baduzu, eta partitura ikasten baduzu, mezua hor egongo da; beti egoten da bigarren irakurketa hori istorio hauetan.

Gaur egungo abeslariek teknika ona baina ahotsean nortasunik ez dutela esaten da. Zein da ezaugarririk garrantzitsuena?

Operaren negozioa aldatzen ari da. Lehen pentsaezina zen 20-30 urte inguruko abeslariek 45-50 urte ingurukoen obrak abestea. Orain, berriz, abeslari horiek zaharrak omen dira. Ez dakit ikus-entzunezko munduaren gorakadagatik edo operak zinemara egin duen jauziagatik den. Baina, abestea denborarekin ikasten den zerbait da, eta oso gaztea den norbaitek halako arriskurik hartzen badu, erre egiten da. Abeslari gazteak oso ibilbide laburra edukitzen ari dira, eta horrek pena ematen dit. Orain, 50 urtetik aurrera elefanteen hilerrira bidaltzen gaituzte, eta garai hori da ahots aukerarik indartsuenak ditugun momentua. Karrera hauek epe luzekoak dira, eta laburtzen saiatzen ari dira, bereziki horregatik: behin erabili eta botatzeko abeslariak egiten ari direlako, eta hori ez zait bidezkoa iruditzen.