Elena Olabe. Idazlea

«Bizitzeko gero eta denbora gutxiago dugu; berdin sortzeko»

Louise Bourgeois artistaren obratik hartu du Olabek bere estreinako poema libururako izenburua: 'Zeldak'. Bertan jasotako poemak «barne eta kanpo ezagutzan garatutako bilaketa» baten emaitza direla dio.

itziar ugarte irizar
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Argi du bere garaitik eta bere lekutik begiratzen duela ingurua, eta hortik duela idazten. Elena Olabe, Durango (Bizkaia), 22 urte. «Beti izan dut poesia idazteko joera», dio, eta kalean du bere lehen poema liburua: Zeldak (Balea Zuria). Ezohiko eran plazaratu du: DK poesia lehiaketara aurkeztu, eta Balea Zuria argitaletxearen deia jaso zuen —antolatzailea da, Donostia Kulturarekin batera—, saririk ez zuela irabazi, baina argitaratzeko prest zeudela. Eta pozik Olabe, plaza publikora hurbildu ahala bere buruarekin zorrotzago jokatzen sumatu den arren. Artearen Historian lizentziaduna da, eta uztartuta bizi ditu artea eta idazketa. «Idazteko baliagarria zait irudi edo egoera konkretuetatik abiatzea. Eta horiek gehienbat artean aurkitu izan ditut».

Irudiak daude, beraz, zure poemen abiapuntuan?

Irudiak, momentuak, sentsazioak... Baina, bai, batez ere irudi edo eszena konkretuetatik abiatuta garatzen ditut ideiak. Poesia eta ikusizko artea irudiak sortzeko baliabideak dira niretzat; biak irudien bitartez egituratzen dira, eta sinboloak sortzen dituzte. Azkenean, sinboloak, irudiak eta hitzak direnetik harago ulertu behar dira. Poesiak, ikusizko arteak bezala, interpretazio ariketa sakonagoa eskatzen du.

Louise Bourgeoisen obra bati zor dio izenburua liburuak; horren arabera egituratu duzu lana. Zergatik egin zaizu hain baliagarria zelden kontzeptua?

Oso interesgarria iruditu zitzaidan beste espazio edo testuinguru batera lekualdatzearen ideia. Liburukoak nire gorputzetik sortutako zeldak dira, eta, azkenean, irakurlea edo interpretatzailea zelda horietan barneratzen denean, beste pertsona batena izan arren, bere gorputzetik bizitzen ditu. Egitura modura oso interesgarria iruditu zitzaidan irakurle aktibo batekin joko hori egiteko.

Zelda bat, poema bat, igaro daitekeen espaziotzat.

Bai. Zeharka dezakezun zerbait.

Azpititulura eraman duzu: Gorputz honetatik. Aldarri modura?

Nire gorputzetik eta gorputz horren testuinguruan bizi izandako egoeretatik sortuak direlako poemak. Garrantzitsua iruditzen zait agerian jartzea sortzaile bakoitza testuinguru eta gorputz jakin batetik dela sortzaile; egoera materialak baldintzatzen duen bezala lana.

Lau atal daude: existentzian ardaztutako poemetatik harremanetara, deseraikuntzara eta, ixteko, irekidura batera. Bilaketa da atzean dagoen pultsioa?

Bai. Barne ezagutzan eta kanpoko errealitatearen ezagutzan garaturiko bilaketa baten emaitza izan dela uste dut; emaitza txiki bat. Errealitatea antzemateko ikuspuntu bat gorpuztu edo plazaratu dut. Prozesu bat, azkenean.

Zer pisu du gaztetasunak honetan guztian?

Gazte naizen neurrian, bilaketa garaia dela uste dut: kokatu, bide bat aukeratu, pentsamendu eta praktika batzuk aukeratu, horiek zalantzan jarri... Gaztetasuna hor dago, idazterako zein hausnartzerako orduan. Oraindik gauza asko dut bizi izateko.

Eta, halere, egoera hori gai literariotzat hartzea izan daiteke liburuaren indarguneetako bat.

Bai, uste dut zalantza horiek gazte garenean presenteago ditugula. Hala ere, heldutasuneko faseetan ere agertzen diren zalantzak eta jarrerak dira. Agian gazteok gogo gehiagoz aldarrikatzen ditugu, baina uste dut beti jarraitzen dutela gurekin, fase batean ezkutatu edo alde batera utzi arren.

Suma daiteke poemetan bilaketa hori gaur are eta korapilatsuago izatearen ajea. Garai likidoena, helduleku faltarena...

Bai, bat egiten dut garaiaren irakurketa horrekin. Mugak gaur oso lausoak dira, oro har. Gaztetasunetik hitz eginda, batzuetan gure hitzek eta esperientziek balio gutxiago dutela sentitzen dut, zilegitasuna kentzen dietela. Baina gazte izateak eta gaurko egoera horrek mugak zalantzan jartzera ere bultzatzen gaitu, eta hori oso aberasgarria da.

Denboraren joanak ere badu pisua poemetan. «Denbora badoa galderarik egin barik/ erantzun baten behar ezak bultzaturik».

Egun denboraren afera beti dago presente: denbora galtzea, denbora inbertitzea... Eta egia da nire sentsazioa dela gero eta denbora gutxiago dudala. Ez da bakarrik nire kasuan gertatzen; argi dago sistematikoa den kondizio bat dela. Sorkuntzari lotuta arduratzen nau gehien: sortzeko denbora eta bizitza behar dira, eta bizitzeko gero eta denbora gutxiago dugu; berdin sortzeko.

Erreferentzia ugari sartu dituzu lanean; mitologia grekotik gaur-gaurkoetarainoko aipamenak.

Uste dut lan akademikoak egitearen ondorioa dela; beti jarri izan ditut. Beste hitzetan nik sentitzen ditudanak islatuta ikustea oso polita da; nire baitatik ez nituzkeenak agian horrela esango, baina oso baliagarri zaizkidanak. Nik sortutakoarentzat aberasgarria dela uste dut; ez dela bakarrik hornidura, gehigarria baizik.

Forma aldetik zeri ematen diozu garrantzia idazterakoan?

Ez dakit. Erritmo edo musikaltasun konkretu bati eutsi nahi badiot, aldatu egiten da, baina gehienetan ideiak ematen didan luzeraraino luzatzen dut poema.

Idatzi ostean, lan asko egiten duzu poemaren gainean?

Bai, bai. Lehenengo ideia idatzi eta hor egoten da, baina gero, ikerketa lan guztiek bezala, ideia horri forma emateak, editatzeak... denbora eskatzen du.

Subjektu poetikoa aldatuz doa ni-tik kolektibora. Are, gai gisa ere ageri da bien arteko tenka.

Sortzaile gehienok bezala, uste dut ni-tik sortzen dudala. Nire errealitate propiotik, nire ikuspuntutik. Baina badira egoera batzuk, poema batzuk, nire gorputzetik baino gorputz kolektibo batetik sentitzen ditudanak, eta horrek subjektuaren aldaera eragiten du. Hala ere, subjektu poetikoa ni-a izan arren, bai sentitzen dudala poema horretan gurutzatzen diren ideiak ez direla bakarrik nire ni-an erreproduzitzen.

Kontrazalean dakar aurrez Julene Azpeitia saria irabazi zenuela. Sariketak aparte, plazaratzeko nahikoa bide sumatzen dituzu?

Lehiaketa hori 18 urterekin irabazi nuen. Nire inguruan ezagutzen ditudan literatura sortzaile gazteek autoekoitzitako argitalpenetan idazten dute, edo sare sozialetarako proiektuetan, edo era anonimoan lehiaketetara aurkezten dira. Literatur plazara irteteko aukerak oso urriak dira. Sentsazioa da oso gazte gutxi daudela. Apur bat ikusgarriak diren idazle gazteek, zer izango dituzte, 30 bat urte? Gazteak dira, baina 20 urteren bueltakoak? Ez dakit bulkadarik ez dagoen horiek plazara irteteko, haien esperientziei edo idazteko moduei balio artistikorik ez zaien ematen, edo aukerarik, denborarik edo baliabiderik baduten, zeren hori ere izan daiteke.

Sarrionandiak egin du hitzaurrea. Bukatzen du esanez ez berea ez bere aitona-amonena ez zen hizkera bat topatu duela zure poemetan. Seinale ona?

Beste belaunaldi batekoa naiz. Gure belaunaldikook beste sentsazio, egoera eta esperientzia batzuk bizi ditugu, eta hizkuntza ere birmoldatzen da horren eta egoera historikoaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.