Erik Rodriguez. Zinemagilea

«Adiskidetasunaren barruko muga lausoak interesatzen zaizkit»

Maitasuna, obsesioa eta jeloskortasuna jorratu ditu, besteak beste, Bartzelonako D'A jaialdian saritutako 'Larrua jo' film laburrean. Euskalduna ez izan arren, lana euskaraz ondu du, «erantzukizunez».

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Obsesio baten istorioa islatu du Erik Rodriguez (Iruñea, 1996) zinemagileak bere opera prima-n: noraino hel daitekeen norbait adiskide batez maitemindu eta, hari esan ordez, bien arteko muga lausoak zeharkatzen saiatuz gero. Eta izen adierazgarria jarri dio: Larrua jo. D'A zinema jaialdian estreinatu du, eta ikusleen saria jaso du, film laburren atalean.

Lan akademiko baten ondorioz sortu duzu filma. Zein izan da prozesua?

Batxilergoa bukatzean, zinema ikasi nahi nuela erabaki nuen; arte zuzendaritza, zehazki. Beti interesatu izan zait, sentitzen baitut istorio bat kontatu nahi dudanean non gertatzen den ikusi behar dudala; testuinguru handia behar dut. Adibidez, liburu bat irakurtzen dudanean, niretzat ez da inondik inora gauza bera ekintza gertatzen bada armiarma sarez beteta dagoen gela batean edo Ikeako altzariekin apaindua dagoen batean. Hortaz, horretan sakontzea erabaki nuen. Bartzelonan [ESCAC zinema eskolan] ikasi nuen gradua, eta film labur hau nire gradu amaierako lan gisa jaio zen. Eskolak hamar lan aukeratzen eta ekoizten zituen, baina ez zuen gure proiektua aukeratu. Hala ere, taldeak ideiarekin jarraitzea erabaki zuen; gogoa genuen, eta aurrera egin genuen.

Obsesio baten istorioa da, labur adierazita. Nondik sortu zitzaizun ideia, eta zer adierazi nahi izan duzu?

Oso interesgarria iruditzen zitzaidan adiskidetasunaren barruko zenbait muga aztertzea, lausotu ohi direnak. Adibidez, lagun batekin izan dezaket hainbesterainoko konfiantza, ezen biluzik egon gaitezkeen, arazorik gabe. Baina pentsa harekiko nire sentimenduak aldatu egin direla. Nire lagunik onenari esango banio gustuko dudala, ziurrenik adiskidetasunean oinarritutako gauza horiek eten egingo lirateke. Horregatik, agian ez nioke esango gustuko dudala; ordea, horren harreman estua dugunez, agian lauso samar izaten diren marra horietaz baliatuko nintzateke.

Horrekin batera, «nafar izaerak» pisua izan duela adierazi izan duzu. Zer esan nahi du horrek?

Nik beti pentsatu izan dut badela Iberiar penintsularen iparraldean hotzagoak garen estigma bat. Baina, egia da, era berean, Nafarroatik alde egin nuenean konturatu nintzela baietz, ni nafarra naizela, alde horretatik. Alegia, uste dut adiskidetasunean eta harremanak izateko moduan zenbait desberdintasun daudela toki batzuen eta besteen artean; ez oso handiak, halere. Horri lotuta, larrua jotzearen kontzeptuari bueltak ematen hasi nintzaion, esanahia larruazala ukitzea besterik ez baita. Ideia horiei tiraka, ezarritako muga batzuekin jolastu nahi izan nuen, eta obsesio hori jorratu: lagunaz maitemintzearen drama. Besteari ez esatea, tentsioa luzatzea, gero eta gehiago hurbiltzen saiatzea... eta horri guztiari hemengo izaera hori gehituta.

Zergatik erabaki duzu euskaraz egitea zu euskalduna ez izanda?

Euskara ez da nire ama hizkuntza, baina eskolak jaso izan ditut haurra nintzenetik, eta orain hizkuntza eskolan izena eman nahi dut. Jabetzen naiz hizkuntzak duen balioaz, eta erabaki hau, neurri batean, erantzukizunagatik hartu dut. Lana euskaraz egiteak ate batzuk ixten ahal dizkidala esango nuke, baina baita beste batzuk ireki ere, eta argi dut: horrela egingo nuke berriz ere.

Azpitituluak jarri dizkiozu, baina zalantzak izan dituzu, ezta?

Bai, askotan zineman gauza guztiak kontatzearen eta esatearen akatsa egiten dugulako, horiek erakutsi beharrean. Adibidez, D'A jaialdiko gure filmaren saio batean, akats bat izan zen, eta ez ziren azpitituluak agertu. Amaitzean, azpitituluekin jarri genuen berriro. Bada, oso esperimentu interesgarria izan zen: ikusleek, irteterakoan, esan zuten lehenengo aldian ia guztia ulertu zutela, eta batzuek nahiago zutela azpititulurik gabe, istorioa imajinatzen ari zirelako. Izan ere, azpitituluek xehetasunak gehitzen dizkiote filmari, besterik ez.

Umetan ikusi nahiko zenukeen zinema sortzeko helburua duzu. Hutsune bat sentitu duzu?

Bai, txikitan, filmak ikustean, adibidez, homosexualitatearen gisako gaiak jorratzen zituztenean, ez nintzen inoiz irudikatua sentitzen. Arrotza zen ikusten nuena. Beti izaten ziren droga asko, hiesa... Hori, noski, existitzen da, baina nik ez nuen gertukoa sentitzen. Beraz, istorioak kontatu nahi ditut, dakidanetik eta ikusi nahi dudanetik abiatuta.

Zuretzat zer dakar D'A zinemaldian ikusleen saria jasotzeak?

Oso positiboa da, autore zinemaren esparruan jaialdi garrantzitsua delako. Hemen ez da oso ezaguna, baina Bartzelonan bere marka berezia duen jaialdi bat da. Bat-batean, aukeratuak geundela jakin genuen, eta hori jada asko zen; baina, gainera, irabazi egin genuen. Beraz, pozik nago, modua emango duelako filmak ibilbide luzeagoa izan dezan. Orain, Nafarroako gazte ekintzaileentzako arte talentuaren sustapeneko sarirako hautatu dute.

Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?

Zinemaldietan mugitzen jarraitzeko asmoa dugu. Hemengoei dagokienez, niri gustatuko litzaidake NIFF Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdian egotea; Nafarroan sortu eta garatutako proiektua izanik, ondo legoke nafarrek ikusi ahal izatea.

Beste proiekturik baduzu?

Bai, pare bat ditut. Hurbilena Nafarroako inauteriei buruzko dokumental bat da, sexualitatea eta indarkeria ardatz hartuta. Aspalditik ikertzen ari naizen gai bat da, eta gehiago aztertzeko asmoa dut. Beste proiektua fikziozko film luze bat da, Bartzelonan kokatutakoa, hiru gizonen arteko harremanari buruzkoa. Protagonista klase baxukoa da, eta hark uste du klase altuko norbaitekin elkartuta etorkizuna ziurtatua izango duela. Klase horretara nola edo hala iristeko, beharrezkoa ikusten du bi kideetako bat baztertzea, klase altukoa ez dena.

Orain Bartzelonan lan egiten duzu; sorterrira itzultzeko asmorik duzu?

Bai, oxala! Kontua da ikus-entzunezko mundua gurpil bat bezalakoa izan ohi dela; sartzen zarenean amaitzen dira buruhausteak. Bartzelonan oraintxe sartu naizela esango nuke; baina Nafarroan zailagoa da gurpil horretan sartzea, askoz txikiagoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.