Aguxtin Alkhat. Musikaria

«Urostasuna berriz antzematen lagundu didate kantuok»

Garai ilunetan argi izpiak atxikitzeko mezua zabaldu du Aguxtin Alkhatek 'Hutsaren hatsa' bere ibilbideko hirugarren diskoan. Azken urteetan bizi izandakoek pisu handia hartu dute lan berrian.

BERRIA.
Jon Eskisabel.
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Aste honetan argitaratu du Aguxtin Alkhatek (Armendaritze, Nafarroa Beherea, 1982) Hutsaren hatsa disko berria, prozesu luze baten ondotik. Diskoaren kaleratzea iazko udaberrirako iragarri zuen egileak berak, artean zenbait kantu grabatzea falta zitzaiola. Diskoaren lehen aldea osatzen duten lau abestiak ziren. Jeremie Garat musikari eta ekoizlearekin grabatu nahi zituen Alkhatek, hari moldaketez jantzita. «Asko maite dut musikarekin duen harremana; laguna dut, eta nahi nuen berarekin lan egin. Baina ez zuen denborarik aurkitzen; beti hurrengo hilabeterako uzten genuen, eta, urtebete igaro ondoren, erabaki behar izan nuen beste pertsona batekin lan egitea». Johannes Buffengana jo zuen Alkhatek, eta bi egunetan grabatu zituzten abestiak. Oso azkar joan zen dena. «Pierre [Sangla, bateria] eta Julien [Labat, gitarra] ostiral batean etorri ziren nire etxera moldaketak lantzeko, eta astelehenean grabatu genituen. Freskotasun bat bada hor». Gainerako abestiak, elektrikoenak, aspaldi grabatuak zituen Iñigo Irazokiren Atala estudioan. Martxorako etxean zituen fabrikatik jasotako hirurehun aleak —CD+LP—, baina COVID-19ren krisiak bi hilabetez atzeratu du argitaratzea, baita diskoa aurkezteko eman behar zuen lehen kontzertua —apirilean Tolosako Bonberenean— bertan behera utzi ere.

Autoekoizpenaren ordaina izan liteke. Lehen bi diskoetan—Ihes egin (2013) eta Haizeen meneko (2015)— UsoPop Diskak eta Elkar diskoetxeen babesa jaso zuen, baina oraingoan autoediziora jotzea erabaki zuen Alkhatek, disko honetan «kontu intimoak» aipatzeak «modu independenteago batean» lan egitea eskatzen zuelakoan. Ez zaio damu. «Hastapenetatik eskuetan ukan arte, disko bat argitaratzeko pasatu behar diren etapa guztiak ikasi behar izan ditut, eta esperientzia handi bat izan da».

Alkhaten kantuen atzean sarri daude esperientzia pertsonalak, baina disko honetan are pisu handiagoa du azken urteetan bizi izandakoak. «Nire egoera pertsonala asko aldatu da; etxez aldatu naiz, nire ondasun guztiak utzi ditut, eta zerotik hasi naiz berriro. Pare bat urte behar izan dut oreka berri bat atzemateko nire bizitzan, eta aski momentu ilunak pasatu ditut».Kantua izan du une horietan gogoaren beheraldia gainditzeko terapia. «Ilunpe uneetan, doinu bat entzun du / Gauaren atean argia ikusi du / ta haruntz joan nahi du», abesten du diskoari izenburua ematen dion kantuan. «Abesti hori, oso garai ilunetan etxean bakarrik nengoelarik, kasik negarrez abesten nuen. Disko honetako kantuek oroitarazi didate urostasuna gauza sinpleenetan bilatu behar dudala: nire alabaren irrian, eguzki izpi batean, gauez izarrak ikustean... Urostasuna berriz antzematen lagundu didate».

Anjel Lertxundik BERRIA-n idatzitako zutabe batetik hartu du Hutsaren hatsa izenburua. «Euskarazko literatur ekoizpenaz ari zen, baina nire kasura egokitu nuen: hutsetik ere ateratzen ahal da hatsa. Fisika kuantikoa ere maite dut, eta, horren arabera, huts absoluturik ez da; huts handienean ere badira energia kuantikoak». Hain zuzen ere, kantuen atzealdean iluntasuna dagoen arren, itxaropenezko mezua eman nahi dio Alkhatek entzuleari. «Garairik ilunenetan ere beti dira argi batzuk, eta hara joan behar da. Gauza oro pasatzen da, nahiz eta momentuan berean pentsatzen dugun sekula ez dugula berriz atzemanen oreka bat. Mezu sinplea da, baina ondo dago oroitaraztea».

Bizi dugun garai honetarako apropos idatziak dirudite zenbait kantuk. Mundua aldrebes izenekoak irekitzen du diskoa («norbait eseri da / mundu bazterrean / Lurra irauli nahiz / segundu bakar batean») eta Esku eta lumek abestiaren hasierak horrela dio: «Mila ta mila aukeren / bila ta bila geunden / egunak hurrenez hurren /baina urrea urririk zen». Eta amaierak: «Gure esku eta lumek / ahizpa anai ta umeek / ausartu nahi ez zutenek / zeregin daukagu denek». Pandemiak eragin duen krisi global honetatik irakaspenen bat aterako dugun «esperantza» dauka kantu egileak, baina aldi berean «eszeptiko» ageri da. «Errealitatetik kanpo kokatu da gizartea; ez ditu kontuan hartu gizakiaren jardunak lurrari eta biodibertsitateari eragiten dizkion ondorioak, eta birus bat behar izan da sistema hori guztia gelditzeko. Baina beldur naiz hau ere pasatuko dela eta itzuliko garela lehen bezala kontsumismora, milioika auto fabrikatzera...».

Zortzi kantuetatik blues akustikoko ale bat bereizten da. Irakurketa bikoitza du Ai ama blues-ek. Batetik, Xalbadorren Ama Euskal Herria hartzen du ispilu gisa Alkhatek. «Hark bezala, ikuspegi pesimista dut nik ere. Gizartearen masak itotzen ditu euskaldunak eta euskal kultura, Hegoaldean zein Iparraldean. Ezagutzen dut ikuspegi baikorra duen jendea eta poza ematen dit, baina nahitarat maite dut halako diskurtso pesimista bat zabaltzea, jendea iratzarrazteko». Bestetik, fonetikoki ingelesez irakur daiteke izenburua, I am a blues. «Zure heriotz egunean / beztituko gara beltzez / agurra eman nahiean / blues hau bertso baten ordez», dio hitzak. «Bluesak kanpotik ezarritako uniformazioa adierazten du, baina beltzen garrasia ere izan da bluesa, eta nik ere oihu egin nahi nuen».

Ibilian-ibilian bere buruarenganako konfiantza eskasiari buelta ematen ari zaio Alkhat. «Bada jendea maite duena egiten dudana eta bultzatzen nauena, baina nik neure buruari egunero hamar mila galdera egiten dizkiot. Beti zalantzan jartzen dut. Ez naiz musika eskolara joan, ezta kontserbatoriora ere, eta beti sentitu dut nolabaiteko zilegitasun falta mundu horretan. Musika niretzat pasioa da, eta, UsoPop eta Elkar etorri ez balira, segituko nuen etxean bakarrik kantatzen. Baina aukerak etorri zaizkit, eta hartu ditut».

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, jo webgune honetara: www.badok.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.