Albistea entzun

Leire Palacios Egiguren. Kazetaria

«Ikus-entzunezkoek zentzua dute talde lana direnean»

ETB1ek 'Munduko plazan' bidaia saioa estreinatuko du bihar, 22:30ean. Palaciosek zenbait hiritako txokoak ezagutuko ditu, haietan bizi diren euskaldunen laguntzaz. Instagramen ere eduki ugari jarriko dituzte.
BEGIRA PRODUKZIOAK Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko irailak 8 - Donostia

Puntueus fundazioko langilea da Leire Palacios Egiguren (Basauri, Bizkaia, 1986). Euskadi Irratiko Sarean irratsaioaren seigarren denboraldia abiaraziko du bihar, 21:00etan. Bizkaia Irratiko Irakurrieran literatur saioa aurkezten ere jarraituko du asteburuetan.

Ez dira bidaiatzeko garai samurrenak izan aurten, baina bidaiatzea erabaki duzue.

Bai, saioari esker ezagutu ahal izan dugu, gainera, pandemia nola dagoen munduan zehar, nahiz eta hori ez den saioaren muina. Programan agertuko dira Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldun batzuk eta herrialde horiek. Euskaldun horiek herrialdeak nola bizitzen dituzten kontatu digute.

Zein dira ezaugarri nagusiak beste bidaia saio batzuen aldean?

Hiria bera eta bertan egin daitezkeen planak erakutsiko ditugu. Hau da, turismoan herrialde horretara joan nahi duenak egin ditzakeen planak. Hein horretan, sare sozialekin lotura egiten saiatu gara: Instagramen pilulak jarriko ditugu, eta hiri bakoitzaren artxibategi bat egongo da Munduko plazan saioaren kontuan. Herrialde bakoitzeko argazkiak jarriko ditugu, eta toki berezien bideo laburrak ere bai.

Usainak, koloreak, soinuak… zerk eman dizu atentzio gehien?

Herrialde bakoitzak kolore eta argi bat dauka, eta atentzioa eman zidan. Herrialde bakoitzean bizi diren euskaldunen izaera desberdina da. Euskaldunok, kanpora joaten garenean, gure azentua aldatu eta egokitu egiten dugu: ahalmena dugu bizi garen tokiko bizimodura egokitzeko, gurea mantenduta. Polita da hori.

Musikak nolako presentzia izango du saioan?

Presentzia nabarmena du, baina programarekin eta bidaiarekin batera joango da. Berezko soinuak agertuko dira ataletan, halaber. Tokian tokiko herrialdeen abestiak ere erabili ditugu.

Begira Produkzioak ekoiztetxe txikiarekin egin duzue saioa. Nolako lantaldea osatu duzue?

Ikus-entzunezkoek zentzua dute talde lana direnean: ikus-entzunezkoak egin ahal izateko, taldea behar da. Konplizitate handia izan dugu hasiera-hasieratik. Sekulakoa izan da taldea. Markel Suarezek egin du kamera lana eta errealizazioa; kamera aurrean gorputza jartzea zaila da, eta zaintzen zaituen kameralari batek asko errazten dizu lana. Okerrena izan zen COVID-19ak jarri zigun markoa, eta horrek sorrarazi zizkigun arazo batzuk, zenbait tokitara ezin izan ginen joan eta.

Lehen atala Istanbulekoa da. Nolako euskaldunak topatu zenituen han?

Gazteak, batez ere. Sormenaren eta letren alorrean lan egiten dutenak topatu ditugu, baita ikasleak ere.

Mexiko Hiria, Zurich, Atenas, Lisboa eta Varsovia ere bisitatu dituzte. Aukera izan dezakezue etorkizunean atal gehiago grabatzeko?

Hori ez dago nire esku. Niretzat, saio hau ikasketa prozesu bat izan da, eta neure burua beste toki batean jartzeko aukera izan dut.

Puntueus fundazioan ari zara lanean. Zer erronka dituzue orain?

Plan estrategikoari dagokionez, helburuak betetzen ari gara. Gizartearen euskarazko digitalizazioan eragiten ari gara, eta industriarako jauzia ematen.

Sarean irratsaioko esatari gisa, iruditzen zaizu azkeneko urteetan ingurune digitalean euskarazko eskaintza ari dela aurrerapausoak ematen?

Eremu digitalari dagokionez, enpresa alorrean industria indartsu dago, eta aurrerapauso sendoak eman dira. Hizkuntzari dagokionez, oro har, kontziente gara egoeraz, baina lan asko dago oraindik egiteko. Gainera, badaude kontu batzuk gure esku ez daudenak: euskara lehian dagoen eremuan, joerek gure kontra egiten dute; adibidez, Googlek ez gaitu hizkuntza gisa identifikatzen batzuetan. Algoritmoak gure kontra egiten baldin badu, algoritmoari erakutsi egin behar zaio, eta horretarako denbora behar dugu. Garai interesgarri eta garrantzitsuan gaude, eta orain egiten ditugun aldaketek emango dituzte fruituak etorkizunean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Musika ekoizleok artistak ere bagara»

Unai Etxenausia

Musika urbanoa ekoizten hasi zen Denso duela bost urte. Euskal Herrian indarra hartzen ari den generoa dela nabaritzen du. Horregatik, estudio profesional bat irekitzeko apustua egingo du.
Ezkerretik eskuinera, Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal eskolako zuzendaria, Eñaut Agirre eta Zineb el-Ghaouti gurasoak, eta Karmele Perez Huheziko irakaslea. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eskola denentzat izan dadin

Ane Insausti Barandiaran

Eskolako funtzionamendua euskaraz izan dadin, baina, era berean, edukiak guraso guztiek uler ditzaten, proiektu bat abiarazi dute Zaldibiako eskolan. Guraso euskaldunak eta migratzaileak elkarrekin ari dira baliabideak sortzen. Orain arte egindako bidea aztertu dute, jardunaldi batzuetan.
 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

«Ipuinetako lizentziak hartu dituzte bertsolariek»

Urtzi Urkizu

Bertsolari Txapelketa Nagusiko ETBko emanaldietan analisiak egiten aritu da Martin, Ilaski Serrano esatariaren alboan. Hala arituko da hilaren 18ko finalean ere, Iruñean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.