'Natura Bizia' dokumental saila estreinatuko dute gaur, ETB1en

Euskal Herriko parajeak eta ekosistemak izango dituzte aipagai atal bakoitzean

Alberto Iñurrategik aurkeztuko ditu saioaren zortzi atalak. BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Pirinioak, kostaldea, bailarak,errekak eta basamortua. Euskal Herriko habitat eta ekosistema ezberdinak ezagutu ahal izango ditu ikusleak Natura Bizia zortzi dokumentalez osaturiko sailean. Gaur estreinatuko dute lehen atala, 22:30ean, ETB1en; Alberto Iñurrategi aurkezlearen eskutik, Pirinioetan barna ibiliko dira. Parajeez gain, hainbat animalia izango dituzte hizpide, tartean hartz arrea, eta tokiko adituak ere agertuko dira saioan.

Atal bakoitzean, ingurune bat eta hango animaliak eta ekosistemak izango ditu ardatz Natura Bizia-k. Euskal Herriko ingurune geografiko berezia eta hark eskaintzen dituen askotariko aukerak nabarmendu ditu Lexeia Larrañaga zuzendariak: «Oso eremu txikian, aniztasun handiko ekosistemak sortzen dira, eta horrek balio handia ematen dio gure lurraldeari». Gainera, Iñurrategik hainbat aditu elkarrizketatuko ditu; izan ere, haien lana ezagutarazi nahi izan dute, eta hari balioa eman.

Hilabete askotako lanaren ondotik helduko da Natura Bizia telebistara. Apirilean, izen bereko filma aurkeztu zuen Larrañagak, eta saila filmaren jarraipena izango da. Halaber, bestelako ikuspuntu bat gehitu nahi izan diotela azaldu du zuzendariak: «Filmeanalderik politena ikusten da, eta sailean gehiago aztertzen dugu arazoak non dauden eta gure naturak zeri aurre egiten dion».

Pasioz eta dedikazio handiz eginiko proiektu gisa deskribatu du Larrañagak saioa, eta irudiaren garrantzia azpimarratu: «Irudia oso zainduta dago. Gure inguruan daukaguna beste modu batean erakutsi nahi izan dugu». Horren atzean, hiru urte inguruko lana dago. Animalia basatiak grabatzea izan dute erronkarik handiena: « Ordu asko pasatu behar dituzu ezkutatuta, zain. Beti prest egon behar duzu haiek etortzen direnerako. Ez dira aktoreak».

Sentsibilizaziorako tresna

Alabaina, itxaronaldi luzeek fruituak eman dituzte. Bizkaiko Golkoan zetazeoak grabatzea izan da zailtasun handienetako bat. Lehen aldia izan da Larrañagarentzat, eta hainbat adituren laguntza izan dute: «Irteera pila bat egin behar izan ditugu, baina pozik gaude emaitzarekin». Era berean, izan dute ezusteko gozoren bat edo beste ere. Gidoian ageri ez zen espezie bat grabatzeko aukera izan dute: bisoi europarra. Europako ugaztunik mehatxatuena da bisoia, eta bisoi basatiak grabatzea oso zaila dela dio Larrañagak. Horregatik, pozik agertu da lortutakoarekin.

Ikusleari Euskal Herriko paraje eta ekosistemak ezagutarazteaz gain, ikus-entzunezkoak badu beste helburu bat ere: jendearengan naturarekiko kontzientzia eta sentsibilitatea sortzea. «Ez baduzu ezagutzen zure inguruan daukazuna, ez duzu ezer egingo hori babesteko. Ingurua maitatzeko eta babestu nahi izateko, ezagutu egin behar da aurrenik». Horregatik, itsasoan pilatzen den plastikoa eta espezie inbaditzaileen presentzia izango dituzte hizpide dokumental sailean, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.