Donostiako 69. Zinemaldia. Perlak. Julia Ducournau. Zinemagilea

«Ez dut hitzen bidez kontatu nahi: fisikoki sentiarazi nahi dut»

Indarkeria eszena batzuen ondoren, aita batek hamar urtez desagertuta egon den semea aurkituko du 'Titane' filmean. Pelikula optimista da haren egilearen hitzetan, eraldaketaren bidez iristen delako maitasuna.

DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Cannesko Zinemaldiko sari banaketan, deskuiduan, Spike Lee epaimahaiburuak Urrezko Palmaren irabazlearen izena esan zuen gainontzeko sariak ematen hasi aurretik: Julia Ducournau (Paris, 1983). Munduko zinemaldirik garrantzitsueneko sari nagusia irabazi duen bigarren emakumea da —lehena Jane Campion izan zen, 1993an, Chen Kaigerekin ex aequo—. Titane-k, Ducournauren bigarren lan luzeak, Cannesko ikusleak aztoratu zituen, eta Donostiako Zinemaldiko hizketaldietan gehien entzuten den filmetako bat da. Perlak sailean eman dute, lehiaketatik kanpo.

Zer ideia edo irudi izan zen filmaren abiapuntua?

Nire lehen bulkada maitasunaz hitz egitea zen, nahiz eta hori ez den filma ikusten duzunean burura etortzen zaizun lehen gauza. Erakutsi nahi nuen nola sortzen den maitasuna elkar maitatzera bideratuta ez dauden bi pertsonaren artean. Grave-ren [2016] postprodukzioan bururatu zitzaidan; denbora luzea neraman film harekin lanean, eta beste istorio batzuk kontatu behar nizkion neure buruari.

Baina ez duzu soilik maitasunari buruzko film bat egin...

Azkenean, filma bere buruarengandik emantzipatzen den neska bati buruzkoa da; emantzipatzen da munstrotasunaren bidez, munstrotzat hartzen den hori aurkitzen duenean. Maitasunaalbo gai bat da. Niri harremana gustatzen zitzaidan gehien, baldintzarik gabeko harreman hori. Orduan, neure buruari galdetzen diot zergatik ez nuen hori jarri filmaren erdigunean, eta konturatzen naiz niretzat zaila dela maitasunaz hitz egitea.

Zergatik?

Ez dudalako hitzen bidez adierazi nahi. Ez nuen istorioa hitzez eratu nahi: ikusleei fisikoki sentiarazi nahi nien zerbait, eta oso zaila da maitasuna era horretan sentiaraztea. Erronka bota nion neure buruari: «Ados, hurrengo filmean maitasunari buruz hitz egin behar duzu. Zuk ikusi nola». Hor duzue emaitza.

Hain justu, maitasuna pizten da gizarteko arauak eta mugak hausten direnean. Optimista zara transformazioarekiko, mutazioarekiko?

Erabat. Uste dut Titane inoiz egin dudan filmik optimistena dela. Baita ilunena ere. Hori nahi nuen: argi bat piztea ilunpe sakon horretan. Iruditzen zait azalberritzea ona dela; gure bidean etengabe aldatzen gara. Agian inoiz ez zara esentziara iritsiko, baina azal desberdinetatik igaro behar duzu zeurea zein den jakiteko.

Zergatik munstroekiko interes hori?

Munstroak irudiak dira, metaforak, askoz ere gauza ilunagoak erakusteko. Zalantzan jartzen dituzte gure ikuspegia, gure sinesmenak, bizi dugun normatibitatea. Horregatik nago haiengandik gertu. Filmak egiten jarraituz gero, nire zineman geratuko direla uste dut. Munstroa ispilu bat da, eta ispiluari begiratzeak beti du zerbait egiatik. Munstroak urrun kokatu ohi dira, eta nik gure mundura ekarri nahi ditut.

Haurdunaldia eta zahartzea prozesu biolento gisa irudikatu dituzu filmean.

Interesgarria da biak elkarren ondoan jartzea. Alexiaren haurdunaldia konparatzen dut Vincentek kosta ahala kosta aita izateko duen behar bizi horrekin. Berak ez du ama izan nahi, eta haren haurdunaldian daude mina, sufrimendua eta gorputzaren distortsioa. Hori gertatu egiten da. Ematen du emakumeak pozez zoratzen egon behar direla haurdun daudenean, eta ez du zertan. Ez da batere justua. Beste aldea erakutsi nahi nuen: umerik eduki nahi ez izateak ez zaitu munstro bihurtzen. Aitatasunari buruzko filmak gero eta ugariagoak diren arren, Vincentekin beste zerbait erakutsi nahi nuen. Berak ez du aita izan nahi soilik; zeharo galduta dago aita izan gabe. Ama sena maiz irudikatzen da, baina aita sena ez.

Zer izan da filmatzen zailena?

Batetik, teknikoki, filmaren hasierako auto erakusketaren sekuentzia izugarri gogorra izan da. Kamera mugimendu asko zituen, garabiari lotu behar genion planoaren erdian, estra pila batekin, koreografiarekin, argiztapenarekin, Europatik ez dakit zenbat auto ekarrita... Filmaketako lehen eguna izan zen, eta uste dut hori ondo atera izanak indarra eman zigula denoi perfekzioaren bila segitzeko. Bagenuen defendatzea merezi zuen zerbait.

Eta bestela?

Bien arteko komuneko eszena intimoa; sartu, eta esaten dionean: «Berdin dio zein zaren, nire semea zara». Hori niretzat oso zaila izan zen, asmatu behar nuelako zein zen distantzia egokia. Ezin duzu emozioa behartu, ezta hotz jokatu ere.

Zein izan da pozik handiena?

Filmaketa amaitzea. Denak neka-neka eginda geunden, eta azeleratuta ere bai, bukatzea lortu genuelako. Esan genuen: «Gauza inportante bat egin dugu».

Cannesko arrakastaren ondoren, Hollywoodetik proposamenik iritsi zaizu?

Badut nahiko lan Cannesen gertatu zen guztia prozesatzen [barrez]. AEBetan lan egiteko gogo handia dut, eta dagoeneko badugu proiektu bat martxan, baina Europan lan egiten ere jarraitu nahi dut. Lanerako bi modu dira, biak interesgarriak; uste dut biek egingo dietela mesede filmei.

Esan izan duzu zure filmek ikusleak eraldatzen dituztela. Nola aldatu zaituzte zu?

Nire lana idazten hasten naizenean hasten da. Bost urte joan ziren Grave-rekin, eta beste bost Titane-rekin. Filma amaitzen duzunean, jaialdiak datoz, ikusleekin elkartzen zara, elkarrizketak dituzu... Lana ez da bukatzen. Orain konfiantza handiagoa dut aurrerantzean ere hau egin nahi dudala pentsatzeko, eta, aldi berean, ez dakit berriro egiteko gai izango naizen [barrez].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.