Nafarroako espazio eszenikoetako teknikariek greba egingo dute

Sektorearentzako hitzarmen kolektiboa eskatu dute, eta abian diren lizitazio lehiaketak deuseztatzeko. Abenduaren 18rako deitu dute grebara

Iruñeko Gaiarre antzokia, artxiboko irudi batean, 2006an. LANDER F. ARROYABE / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Nafarroako espazio eszeniko publikoetako ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute, abenduaren 18an. Sektore horretan zerbitzu teknikoa eskaintzen duten enpresa azpikontratatuetako langileak deitu dituzte grebara; Baluarte auditoriumean, Gaiarre antzokian edota kultur etxeetan aritzen direnak.

LAB sindikatuak deitu du protestara: 24 orduko greba izango da, eta mobilizazioak egingo dituzte. Aurretik, hilaren 12an, elkarretaratzea egingo dute, Gaiarre antzokiaren parean. Baina ez dituzte horiek izango lehen ekintzak: azaroaren 26an, LABeko ordezkariak, beste sindikatu batzuetakoekin batera, Nafarroako Parlamentuan izan ziren, kultur jardueren «duintasuna eta etorkizuna bermatzeko» batzorde batean, eta teknikarien aldarrikapenak azaldu zituzten.

Eskaera nagusien artean honako hauek daude: sektoreko hitzarmena sortzea, bidezko baldintza agiriak ezartzea, subrogazioa modu zuzenean egitea, eta lizitazio lehiaketak geldiaraztea. Izan ere, sektorean prekaritatea dago, salatu dutenez. Tamara Angulo da LABeko sektore horretako arduraduna, eta, haren arabera, hitzarmen kolektiborik ez izateak eragin du egungo egoera: «Teknikariek ez dute lan egutegirik, nekez jakiten dute beren ordutegia astebete lehenago, eta gutxi gorabeherakoa da. Goizez, arratsaldez eta gauez aritzen dira; astegunetan, asteburuetan eta jaiegunetan, atseden egun zehatzik gabe. Lanaldi luzeak dituzte: lehenak dira iristen, eta azkenak joaten».

Hitzarmenik gabe, lehiaketa publikoetako agirietan ezartzen dituzten lan baldintzak dituzte, eta horietan ez dituzte langileen eskaerak aintzat hartzen, Angulok esan duenez: «Baluarteren kasuan, proposamen bat bidali zuten, baina agiria atera zuten, eskaerei kasurik egin gabe».

Hori dela eta, administrazio publikoei eskatu diete lehiaketetarako baldintza agirietan kontuan har ditzatela «sektorearen berezitasunak eta teknikarien errealitatea». Hala, proposatu dute espazio eszenikoen behar teknikoak asetzeko gai diren «gutxieneko lantaldeak» ziurta ditzatela, enpresa azpikontratatuek langileei egutegia eman ahal izateko, eta lan baldintza duinak ezarri ahal izateko.

Era berean, arte eszenikoetako kontratazio publikorako jardunbide egokien kode bat sortzeko eskatu dute, langileen tarifak, ordutegiak edota eginbeharrak arautu ahal izateko.

Erakundeen erantzukizuna

Nafarroako Gobernuari, Iruñeko Udalari eta gainerako erakundeei exijitu diete «inplika» daitezela, lan baldintza duinak lortzeko. «Administrazioa edo haren mendeko erakundeak dira enpresak eta teknikariak kontratatzeko eragile nagusiak, eta beren gain hartu behar dute gai horretan duten erantzukizuna». Sektorea arautzen ez den bitartean, martxan dauden lizitazioak bertan behera uzteko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.