Albistea entzun

Ainhoa Vitoria. Gazteako podcasten arduraduna

«Gazteak ez zaizkigu etorriko gu ez bagara beraiengana joaten»

Vitoriak musikarekin lotutako askotariko gaiak lantzen ditu Gaztearen podcastetan. Sare sozialetan zabaltzeko eduki egokitzat ditu. Haren ustez, podcastek aukera polita ematen dute euskal edukiak sortzeko.
EITB Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2020ko maiatzak 27

2010. urtetik da Gazteako esataria Ainhoa Vitoria (Arrasate, Gipuzkoa, 1987). Makina bat saiotan aritu da, eta iazko udatik irratiko podcastak egiten ditu.

Zer moduzko harrera izaten ari dira Gaztean egiten dituzun gaikako podcastak?

Oso ona. Instagram bidez zenbait entzulek idatzi izan didate. Jendeari gustatzen zaio beste eduki bat izatea eskura, edonoiz entzun ahal izateko.

Zertan bereiziko zenituzke podcast horiek Gaztearen ohiko irratsaioetatik?

Batez ere, eskaintzen diegun denbora. Gure irratiak erritmo oso bizkorra dauka, eta edukiak berehala eman behar dira. Asmoa zen patxada hartzea eta beste gai batzuk jorratzea, musikari lotutakoak izanda ere. Badira zenbait kontu ez direnak irratiko programaziora iristen, ez dugulako astirik eta baliabiderik. Gainera, irratia entzuten ez duenak sarean topa dezake gure eduki hori.

Azkeneko asteetan musika jaialdiak ari zara aztertzen. Jaialdirik ez da izango udan, eta horien zaleentzat aukera ona izan daiteke podcastak entzutea?

Bai, helburua hori zen. Jakinda ez dela musika jaialdirik egingo, ekar ditzagun gure podcastetara, eta, behintzat, ikusi zer egon den nazioartean eta Euskal Herrian. Euskal taldeak ere ikusi izan ditugu jaialdietan sekulako kontzertuak ematen, eta horiei balioa eman nahi diegu.

Nolako erreferenteak dituzu podcastgintzan?

Oso umorezalea naiz, umorearekin lotutakoak bilatzen ditut gehienetan. Azkenaldian entzuten ditudanen artean Barbijaputa-rena dago [Público]. Musikari buruzko podcastetan, BBCk gai zehatzei buruz egiten dituenak oso interesgarriak dira.

Euskal Herriko beste hedabide batzuetan ari dira euskarazko podcast batzuk sortzen. Nolako kalitatea ikusten duzu?

Ikusten dut batez ere ilusioa dagoela, eta hori nabari da. Zerbait berria da, eta formatu atsegina da egiteko. Elkarrizketa sakonak entzun ditut euskarazko podcastetan, eta gizarte gaiak oso ondo lantzen dira. Euskadi Irratian ere helburutzat dute hemendik aurrera podcastak lantzea.

Zuzeu Podcast-eko arduradunek esan izan dute euskarazko audiogintzak eremu oso baliotsua duela, herritarrak ohituta daudelako irratia euskaraz entzutera. Ados al zaude?

Bai, euskarazko irratien entzule kopuruak handiak dira; telebistarenak, ez horrenbeste. Podcasten kasuan oso aukera ona da hartzaile horiek berreskuratzeko. Gazteak berreskuratzeko ere bai: gazteak sare sozialetan daude, eta, haiengana iristen bazara, emaitza ona izango da.

Sare sozialetan zabaltzen dituzue Gaztearen zenbait bideo. Maddalen Arzallusen bertsioek, adibidez, harrera beroa dute.

Primeran funtzionatzen dute. Beste formatu batean eskaintzen baldin baduzu, eduki bera beste publiko batengana iristen da. Badakigu gazteak sare sozialetan daudela, eta haiek ez zaizkigu guregana etorriko gu ez bagara beraiengana joaten. Gaur egun, Instagram erakusleiho oso interesgarria da. Arzallusen bideo bat bertan igotzen den bakoitzean sekulako harrera dauka. Nire podcastak zabaltzeko ere modu egokia iruditzen zait.

Tik Tok sare sozialean ahaleginen bat ere egin duzue.

Bai, Tiktok nerabeen artean oso zabaldua dago, haien erreinua da, baina azkeneko asteetan helduen artean ere hedatzen ari da. Aztoratuta gabiltza denok Tiktok aplikazioarekin. Irratia jada bisuala da, eta hori da beste herrialde batzuetan ikusten ari garena. Irratia bere horretan bakarrik ezin duzu eskaini, beste eduki batzuk eman behar dira publikoa asetzeko.

Gazteen artean ehuneko txiki batek entzuten du gaur egun irrati konbentzionala. Adin batetik beherakoak beste toki batzuetatik harrapatu behar dituzue orduan, ezta?

Instagramen gure target-a 25-35 urte artekoa da. Are gazteago direnek ez dute irrati tradizionala askorik entzuten. Horrenbestez, geure burua beste modu batean aurkeztu behar dugu. Gazteako saio asko Spotifyn daude podcast eran, adibidez. Argi dago irratian bakarrik ezin garela gelditu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Odei Domingo, sentsasioetan eragin nahi duen magoa

«Beharrezkoa da magiaren iraganeko klixeetatik bereiztea»

Julen Otaegi Leonet

'Sentsazioak' izeneko ikuskizuna estreinatu berri du Hodei magoak, Donostiako Antzoki Zaharrean. Datorren urtean antzokiz antzoki ibiltzeko lanean dabiltza.

Aaitz Aizpuru, Lorea Agirre eta Miren Dobaran ©Andoni anellada / Foku

Gazteen kezkak, geruza artean argitara

Urtzi Urkizu

Jakin-ek eta Elkarrek Geruzak egitasmoa sortu dute. Ikus-entzunezko dokumentalen bidez, pentsamendu kritikoa sustatu nahi dute. Gazteak elkarrekin hizketan jarri dituzte horretarako.

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

«Afrika erakutsi nahi diot munduari»

Unai Etxenausia

Boli Kostako kartzela batean gertatzen den istorioa kontatzen du Lacotek 'La nuit du rois' filmean. Iaz, Afrikaldia zinema jaialdian epaimahaiaren saria irabazi zuen, eta atzo jaso zuen saria Gasteizen.
Hainbat irrati librek 40 urte baino gehiago daramatzate Euskal Herrian emititzen. ©BERRIA

Ate bat zabaldu da Hegoaldeko irrati libreak legeztatzeko

Urtzi Urkizu

Espainiako legedi berriaren arabera, irrati libre eta komunitarioek azken bost urteetan etenik gabe emititu izana egiaztatu beharko dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.