Eblis Alvarez. Meridian Brothers taldeko kidea

«Gune herrikoi oso itxietara zuzentzen dut begirada»

Meridian Brothers Donostian ariko da gaur, 'Dónde estás, María?' lan berria zuzenean aurkezten. Hego Amerikako herri doinuen eguneratze bitxi, aurrerakoi eta umorez betea egiten dute.

JUAN CAMILO MONTAÑEZ / MERIDIAN BROTHERS.
Antton Iturbe.
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Meridian Brothers talde kolonbiarrak, Eblis Alvarezen gidaritzapean, Dónde estás María? (Soundway, 2017) disko berria aurkeztuko du gaur, Donostiako Dabadaba aretoan (21:00). Labur esanda, Hego Amerikako doinu eta erritmo herrikoien eguneratze bitxi, aurrerakoi eta umorez betea eskaintzen du taldeak. Alvarezen hitzetan, denborarekin aldatuz joan da Meridian Brothersproiektua: «Nire ideia musikalekin jolasteko laborategi moduan jaio zen, eta pixkanaka talde edo esperimentazio gune kolektibo bat bilakatu da. Iraganeko elementuak museoen esparrutik etorkizunera eraman nahi ditugu, eta, horretarako, herri kulturako estilo eta grabaketa zaharren errepliketan oinarritzen gara».

Hori dela eta, baliteke ohiko kolonbiar cumbia saio bat espero dutenek ezusteko galanta jasotzea. Aldi berean, arrazoi beragatik, proposamen artistiko aurrerakoien jarraitzaile diren asko ez dira gerturatuko. Zuen proposamena erdibideko eremu gris eta oso aberats batean mugitzen da, eta, sarri, entzuleak nahasteko arriskua izan lezake.

Entzuleriari esango nioke komunikazio maila ezberdinak daudela. Batzuetarako, hor dira erritmoa eta festa, eta, beste batzuetarako, tinbre, estilo eta orkestra esperimentazioak. Bakoitzak bere izaera eta gusturako maila egokia aurkitu behar du, eta, behin komunikazioa gertatzen denean, Meridian Brothersen unibertsoaren ateak irekiko zaizkio.

Herri doinuak testuinguru berrietan erabiltzeak nolabaiteko eztabaida etikoak sortzen ditu sarritan; batik bat purismoa, bidegabeko jabetzea, benetakotasuna eta antzeko kontzeptuak oso aintzakotzat hartzen dituztenek eraginda. Baina artistaren barneko egian oinarritzen denean, emaitza oso zirraragarriak ematen dituen uztarketa da.

Ez dut batere garbi artistikoki ni nor naizen edo zer egiten duen Meridian Brothersek. Gainera, uste dut artea mendebaldeak akademikoki eta estetikoki oso ondo definitutako eta inposatutako kontzeptua dela. Niretzat, Meridian Brothersek egiten duen musika energia mota bat da, eta energia hori kultur kanal jakin batzuetan bideratzen da. Horren adibide dira kontzertuaren inguruko errituala edo disko formatu fisikoaren ingurukoa. Biek kanal moduan funtzionatzen dute, eta haien barnean kodifikatuta mugitzen da energia. Cumbia neuk erabiltzen dudan kodea litzateke, kasu honetan.

Beste alde batetik, ez naiz herri kultura baten parte; nire kultura hiri handi batekoa da, eta hor azaltzen da dilema, nire jatorrikoak ez diren musikak egiten baititut. Nire jatorrikoak balira, rock edo EDM doinuak behar lukete, mundu global zibilizatu batenak, azken batean. Ordea, gune herrikoi, oso itxi, oso ghetto modukoetara zuzentzen dut begirada, eta kanal hori erabiltzen dut musikaren bitartez energia moduan adierazi nahi dudana bideratzeko.

Irudikatutako folklore ideia erabili izan duzu noizbait. Zer da?

Orain dela hogei urte inguru sortutako zerbait da. Hasiera batean, inozentzia osoz eta hitzaren esanahia benetan ezagutu gabe ere, neuk ekoiztu eta folklore izan nahi zuten doinuak izendatzeko aproposa iruditu zitzaidan. Era berean, rock eta akademia munduan egiten ari ziren gauzez aldentzeko bultzada eman zidan. Denboraren poderioz, antzaldatuz joan da, eta, egun, existitzen diren folklore musika, eskola eta ghettoak hartzen ditu oinarritzat, eta, Meridian Brothersen ikuspegi arrotzetik begiratzean, faltsuak edo irudikatuak bihurtzen ditu.

Emaitzak alde batera utzita, lan izugarria egiten ari zara kolonbiar herri musika arakatzen Meridian Brothersen edo Ondatropica moduko proiektuetan.

Eskerrik asko, baina ez da nirea bakarrik. Ondatropicaren barnean, Quantic da bideratzaile nagusia, eta hor da Pirañas taldeko Pedro Ojedak egiten duen lana ere. Metodo ia zientifikoa jarraitzen dudala esango nuke: musika parametro musika bat aukeratu, eta muturreraino garatzen saiatzen naiz; grabaketa zaharrak eta artista ezezagunen lanak ikertu, eta egungo teknikekin lantzen eta nahasten ditut gero.

Arakatze lan horri jarraituz, Mendebaldean aurreiritzi franko ditugu oraindik Hego Amerikako herri musikekin. Azkenaldi honetan, bereziki bortitza da reggaetoiaren gaineko arbuioa, oso bidegabea izan litekeena. Zer ikuspegi duzu zuk?

Reggaetoia egungo musika estilo agerikoena da, eta, beste estilo guztiek bezala (vallenatotik hip-hop edo rockera), badauka alderdi ultrakomertziala, eta hori da gehiengoak ikusten duena. Baina historia oso sakona du, eta oso ondo errotutakoa, gainera. Benetako herri musika da, Hego Amerikako XXI. mendeko herri musika, esango nuke nik. Korronte modernoei eta egungo teknologiei ezin hobeto egokitzen zaie, gainera, eta, horrexegatik ere, icebergaren puntaren azpian dagoena ahaztu egiten da sarri. 90eko hamarkadaraino iristen da iceberg hori, eta dembow, guarapo, paipa, uraba edo salsa chocoana moduko milaka azpi-estilo iragankor baina guztiz zintzo eta sakon garatzen ari dira Latinoamerika osoan zehar. Aipatu duzun aurreiritzi horrek azaleko irakurketa bat eragiten du, eta hitz batzuen izaera misogino edo oldarkorraz baliatzen da estilo eta kultura oso bat politikoki gaitzesteko. Baina izaera bereko hitzak badira estilo guztietan, baita guztiz errespetagarriak eta museoetako eduki direnetan ere; bluesean, kasurako.

Umorea nahitaezko elementua da Meridian Brothersen, ezta?

Umorea ez da kanpotik ekartzen dugun eta arrazionalki erabiltzen dugun osagai bat; gure lanaren egituran barnean dator, lantzen ditugun herri musiken muinean baitago, eta, sarritan, musika sortzaile baita. Mendebaldeko ikuspegitik, arte jarduera serioa eta umorea banatuta daude, eta batak bestea erreminta moduan erabiltzen du. Ikuspegi herrikoian, ez da horrela; umorea funtsezko elementu eragile eta eratzailea da, eta horixe da Meridian Brothersek erabiltzen duen ikuspegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.