Nahia Zubeldia eta Manu Matthyss. Lumi taldeko kideak

«Polita itsustea eta zikintzea interesgarria iruditzen zaigu»

Nahia Zubeldiak konposatutako abestiei Manu Matthysek elektronika elementuak gehitzean sortu zen Lumi taldea. Azken lau urteetan, baina, elkarrekin egin dute lan, eta horren emaitza da 'Itzal zikinak' diskoa

Jon Urzelai
Arrasate
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Argitasuna iradoki arren, lumi hitzak prostituta esan nahi du, berez. Hala erabiltzen omen zuten Ziburuko buhameek, eta hala jarri zioten Nahia Zubeldiak eta Manu Matthyssek beraien musika taldeari ere. Berbak moduan, beraien musikaren ageriko ederrak badu bere ifrentzua ere. Zubeldiak gitarrarekin konposatu zituen abesti batzuk Matthysek elektronikaz jantzi zitzan eskatzerakoan sortu zen Lumi, baina askoz ere gehiago da egun. 2015ean kaleratu zuten lau kantuko disko labur baten ostean, aurten argitaratu dute lehen lan luzea, Moi-Moi zigiluaren eskutik datorren Itzal zikinak. Asko ikasi dute bidean, nahiz eta bikotearen musikan oraindik ere distirak bezain garrantzitsuak diren berau estaltzen duten lainoak.

Badirudi bi gorputzek bat egin eta osotasun bakarra osatu duzuela, azalak iradokitzen duen moduan. Introak berak ere argi uzten du zer etorriko den gero.

MANU MATTHYS: Egia da hastapenean bagenuela epemuga bat, kontzertu baterako sortu baikenituen kantu haiek. Oraingoan, Nahiak asko aldatu ditu erabiltzen dituen gailuak, eta ahotsa eta gitarraren soinua eraldatzeko efektuak.

NAHIA ZUBELDIA: Kantuak elkarrekin sortze hutsak asko laguntzen du bi mundu horiek gehiago bat egiten. Efektuenak ere anitz egiten du, gitarrari eta ahotsari efektuak sartuz, pistak pixka bat lausotzen dira: ez dago argi zer den makina, zer den ahotsa... hori zen helburua.

Batzuetan zaila da gitarraren soinua identifikatzea, baita ahotsa zenbateraino eraldatuta dagoen igartzea ere.

M.M.: Egia da, gitarrak ez du beti gitarraren soinu klasikoa. Askotan hor ere badira efektuak. Era berean, diskoa etxean grabatu dugu, eta elkarrekin lan egin dugunez, nahi beste landu eta berriz hartu ditugu kantuak.

Oinarri elektronikoari dagokionez, erritmo eta testura oso konplexuak topa litezke. Halere, atmosferaren mesedetan dago eraikia dena, ezta?

M.M.: Bai, bai. Helburu bat izan da. Halere, botoiak nik sakatu arren, biok egin ditugu. Batzuetan berak erraten zidan soinu konkretu bat bilatzeko edo ez dakit zer egiteko...

N.Z.: Asmoa sakontasun bat bilatzea izan da. Oraingoan, askoz gehiago sartu gara bakoitza bestearen lanean.

Ahotsaren erabilera ere aldatu al da?

N.Z.: Efektu gehiago sartu ditut, eta orain looper bat ere erabiltzen dut zuzenean. Beraz, bai, horrek asko aldatu du guztia. Ahots geruza ezberdinak sortu ditugu edizio tresnen bidez etxean, eta zuzenekoetan looperaren bidez egiten dut hori.

Erraza izan al da elementu horiek guztiak modu koherentean lotzea?

N.Z.: Abesti bakoitza asko landu dugu, eta, diskoa osatuko zuten abestiak zeintzuk ziren jakindakoan, inkontzienteki bada ere, saiatu gara koherentzia bat mantentzen.

M.M.: Baina ez da aldez aurreko plan bat egon. Kantuak izan eta gero, saiatu gara koherentzia hori lortzen.

Laborategiko lan hori guztia nola islatzen duzue gero zuzenekoetan? Zehaztasuna bilatzen duzue ala askatasun gehiago ematen diozue zeuon buruari?

N.Z.: Lehengo zuzenekoekin alderatuz gero, bada inprobisaziorako tarte bat. Askoz ere gehiago. Orain ez dugu ordenagailuaren halako mendekotasunik, eta zati batzuk luza ditzakegu nahi beste. Joko gehiago dago.

M.M.: Zuzenekoa lasaiagoa edo bortitzagoa bilaka dezakegu testuinguruaren arabera. Askatasun handiagoa dugu orain.

Hasieratik zuengan presente egon den elementu bat izan arren, atentzioa ematen duen gauzetako bat ere bada diskoari darion iluntasuna.

M.M.: Bai, nik uste dut badela EPtik aldatu den zerbait. Bai musikan eta bai hautatutako gaietan eta hitzetan ere.

N.Z.: Ez da nahita izan, halere; hala atera zaigu. Inoiz ezin da aurreikusi zer gertatuko den, baina zaila egiten zait gure disko alai bat imajinatzea. Ez gara pertsona tristeak, baina uste dut halakoak garela gu ere [barreak].

Hitzek badute zikinetik, baita musikak ere. Elkar eragin duzue horretan, ala hasieratik zeneukaten argi kontzeptu eta soinu horien bueltan arituko zinetela?

N.Z.: Bortxaz badu musikak eraginik hitzetan. Hitzek bat egiten dute normalean, gehienetan ondoren etorri baitira. Batzuetan, lehenagotik hasita zeuden, dena dela.

Mainguak, itsuak, zaurituak, andere bizardunak eta gizon gonadunak. Estatua perfektuen itzal zikinak. Bazterrekoak, aipatzen dituzue, orokorrean, diskoan. Zerk erakartzen zaituzte mundu horretatik?

N.Z.: Ez dakit. Nik, emaztea izanik, euskalduna izanik, badut sentsibilitate bat bazterreko jendearentzat. Gauzek zein itxura duten eta gero egiazki zer diren ere horrekin lotzen dut. Etorkinei buruzko beste bat ere badago... Zaila zait hitzak azaltzen, baina uste dut interesgarriagoa dela eta gehiago hunkitzen nauela bazterrak: bilatu behar duzu, ez da horren erraz aurkitzen, konplexuagoa da...

Zer moduz zuzenekoak? Sumatu duzue jendeari zuen musika iritsi zaionik?

N.Z.: Bai, gero eta gehiago. Japonian ere egin genuen bira bat joan den neguan, eta aunitz jo genuen. Askatasun handiagoa dugunez, jendeak gehiago sentitzen du bion arteko konexioa orain. Diskoan oinarritu arren, askatasun hori gauzak muturrerago eramateko aprobetxatzen dugu.

Beste hamaika proiektutan ere bazabiltzate, dela Moi-Moi zigilua edo Unama eta Odei taldeak. Zer espero behar da zuongandik aurrerantzean?

N.Z.: Lumirekin espero dugu geure mugetatik harago joatea. Hegoaldean gehiago ari gara orain agian, baina Euskal Herritik kanpo ere jo nahi dugu. Orain hasi gara, eta horixe litzateke hurrengo urratsa. Elkar ezagutzan noraino irits gaitezkeen ikustea ere bada helburu bat: metodo bat lortu dugu kantuak sortzeko, eta hurrengo lana prestatzeko denbora gutxiago behar izatea espero dugu. Orain arte, gailu berri bat erosi eta dena berriz aldatzen hasten ginen, gauzak probatu eta berriz grabatzen... etxean grabatzeak hori ere badu. Orain, jada ez gaude horrenbeste horretan. Unamarentzat, ez da halako xederik. Unamaren helburua zen diskoa argitaratzea. Irail amaieran izango da beste kontzertu bat, ez gehiago. Horrez gain, dokumental baterako soinu banda ere sortu dugu. Hiru uhinak deitzen da, eta Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dute. Biziki ongi pasatu dugu hori egiten; gu beti gara halako esperientzien gose.

M.M.: Odeirekin beste disko bat argitaratuko dugu laster, segur aski. Musika klasiko garaikidearekin erlazionatutako zuzeneko proiektu bat ere badugu eskuartean. Moi-Moiri dagokionez, Baleapopen azken edizioa izan da aurten, eta hori izan da elkartearen proiektu nagusia orain arte. Beraz, berrantolaketa fase moduko batean gaude orain.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, jo helbide honetara:

www.badok.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.