Donostiako 67. Zinemaldia. Ken Loach. Zinemagilea

«Gaur egungo zinema indibidualistagoa da hasi ginenekoa baino»

Larritasuna sortzen du Loachen 'Sorry We Missed You' filmak; egungo langile bizimoduaren erretratu zintzoa da. «Errespetuz» begiratzen die zuzendariak pertsonaiei, eta «elkartasuna» bilatzen du kontakizunean.

Andoni Imaz.
Donostia
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Kazetarien joan-etorriak ez du garraztu Ken Loach (Nuneaton, Ingalaterra, 1936) zinemagilearen jarrera adeitsua, ezta elkarrizketa saioak hasi eta lau ordura ere. «Hurrengo txandako bost kazetariak emakumezkoak izango dira, ezta?», esan du bost gizon grabagailuak pizten ikusi orduko. Zinemagile nekaezina da, zinema sozialaren eta zinema ingelesaren ikur handienetako bat. Duela hiru urte, bigarren Urrezko Palma irabazi zuen Cannesko Zinemaldian, I, Daniel Blake filmarekin. Aurten, Sorry We Missed You aurkeztu du han: lan prekario banatara lotutako gurasoen eta beren familiaren errealitate gordina kontatzen du. Donostiako Zinemaldian izan da Loach filma aurkezten, Perlak sailean.

Umoreak beti izan du lekua zure filmetan, baita ironiak ere. Azken urteotako lanetan, ordea, alde batera utzi dituzu. Egoera ilunegia da horretarako?

Istorioaren arabera da hori. Esango nuke baietz, azken bi filmak badirela ilunagoak nolabait, oso gauza serioak kontatzen baitituzte biek. Halere, espero dut umore pixka bat ere gordeko dutela hor nonbait: Ingalaterran, pelikula proiektatzen denean, jendeak barre egiten du eszena batzuekin, ez dakit hemen ere gertatuko den. Protagonista banaketa baten erdian bezero batekin futbolaz eztabaidan hasten denean, horrek badu grazia, eta alabak ere baditu kolpe batzuk. Hori ez da filmaren giro orokorra, noski: komedia elkarrizketetan dago, ez akzioan.

Elkarlaneko ekonomia delakoa argi azaltzen du pelikulak. Enpresa esplotazioaren forma berriekin, langileak bere burua esplotatzen du egun?

Autonomo faltsuak eta horrelakoak zoragarriak dira ugazabarentzat; langilearentzat, aldiz, hondamen hutsa. Bere burua esplotatu behar du, hain zuzen. Dagoeneko ez da nagusirik behar aldamenean, «ea, azkarrago lan egin dezakezu!» oihuka: ardura langilearena da, eta ez du babesik batere. Ez diote oporrik ordaintzen; ezin da gaixotu; lanik egiten ez badu, ez du kobratuko...

Seme-alabak ere kapitalismo modernoaren biktimatzat dituzu, gurasoek ez dutelako haiek zaintzeko aukerarik?

Gizartearen sintoma guztiek erasotzen diote familiari, nola edo hala. Egungo bizi baldintzek familiak jotzen dituzte etengabe. Egoera bakoitza oso konplikatua da, noski, eta kontu handia izan behar da horrekin. Filma prestatzeko, familia askorekin hitz egin genuen, eta guztiek gauza bera kontatu ziguten: azkenean, familiak beti sufritzen du. Askotariko kasuak daude, baina gurasoek egun osoa kanpoan eman behar badute, 10-12 orduko lanaldiak badituzte, etxera leher eginda iritsiko dira, eta horrek kaltea besterik ez die ekarriko seme-alabei. Ez dago zaintzarako denborarik, ezta espaziorik ere.

Familia da norbanakotik gertuen dagoen instituzioa. Haren inguruan eratu behar da kapitalismo basatitik babesteko lehen hesia?

Ekonomia sistema berri bat ezarriz gero, segurtasuna jarri behar da erdigunean. Jendeak segurtasuna behar du: lana, soldata duina, doako eskola, doako osasun sistema... Segurtasuna baldin baduzu, dena ondo joango da. Konfiantza izango duzu, eta, horrekin batera, pazientzia. Pazientzia duena eskuzabala da ondokoarekin, lagunduko dio bizilagunari, beso zabalik jasoko ditu migratzaileak. Zeure burua arriskuan ikusten baduzu, berriz, ixteko beharra sentitzen duzu, kanpokoarengandik babestekoa. Eskuzabal jokatzeko indartsua izan behar duzu; barre egiteko ere bai, nekatuta egon arren.

Nola begiratzen diezu zure filmetako pertsonaiei? Ez soilik film berrian, baita aurrekoetan ere. Errukiz, maitasunez, amorruz, bizi duten egoeragatik?

Hasteko, errespetuz. Errespetua haiekiko, errespetua bizi duten egoerarekiko. Eta, zorionez, ez nago bakarrik, talde bat gara: Paul Laverty gidoilaria, Rebecca O'Brien ekoizlea eta hirurok aritzen gara lanean. Hitz bakarrean esan beharko banu, elkartasuna deituko nioke. Errespetua diet, egoera ulertzen dut, eta elkartasuna adierazten diet. Jarrera hori inplizitua da, ordea, ez esplizitua, eta horrela izan dadin nahi dut, gainera. Paulek idatziko balu egoera azkar batean azaltzeko diskurtso bat pertsonaia batentzat, propaganda litzateke. Eta aspergarria, gainera. Horren guztiaren azpitik egin behar da lan, ikusleek ikus dezaten pertsonaiek bizi duten egoera. Ikusi, ulertu, sentitu.

Filmeko pertsonaiek bizimodu latza dute, baina langileek elkarri laguntzen diote. Errealitatearen isla da hori?

Uste dut baietz. Beti dago jende indibidualista, baina berezko joera elkarri laguntzea da. Halere, ez nuen protagonista perfekturik nahi, horregatik hartzen du lankide baten lekua hura izorratu dutenean.

Telebistarako hasi zinen lanean, free cinema delakoaren legatua hartuta. Konpromiso handiko zinema zen hura. Zinema ingelesak indar ideologiko hori galdu al du ordutik?

Zinemagileek ez dute erabakitzen zein pelikula egingo den, ezta gidoilariek ere. Erabakitzen dute inbertitzaile pribatuek, banatzaileek, institutuek, erakundeek eta telebistek. Haietako batek ere ez du film erradikalik nahi, sistemaren parte direlako. Dirua izango dute finantzatzeko komedia erromatikoak, zientzia fikzioa eta superheroien pelikulak, baina ez besterik. Establishment-a dira.

Pelikulak egiteko modua ere aldatu da denborarekin?

Gaur egungo zinema indibidualistagoa da gu hasi ginen garaikoa baino. 1940ko eta 1950eko hamarkadetan, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, denon ongizatea zen garrantzitsuena, eta elkarrekin lan egin nahi genuen horretarako. Ondorengo belaunaldia [Margaret] Thatcherrena da, ordea; beste kontzientzia bat garatu da. Berak norbanakoaren arrakasta nahi zuen, ez besterik: zaindu zeure burua, izan arrakasta, izan ekintzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.