Albistea entzun

Elena Irureta. Aktorea

«'Patria' errelato bat da, baina beste asko behar dira»

HBOko 'Patria' telesailean egindako lanagatik, Forque, MIM Series —Ane Gabarainekin batera— eta Feroz sariak jaso ditu Iruretak. Aktoreak dio 'Patria' ikuspuntu bat dela, «baina ez da dena».
MARISCAL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko martxoak 10

Antzerkigintzan, zineman eta telebistan Euskal Herriko aktorerik laudatuenetakoa da Elena Irureta (Zumaia, Gipuzkoa, 1955). Los hijos antzezlanaren bira amaitzen ari da egunotan.

Hilabete batean hiru sari jaso dituzu. Noizbait egokitu al zaizu halakorik?

Ez, egia esan, ez. Askotan esaten dut ofizio honetan ematen dituztela bakarrik sariak. Beste ofizio batzuetan, ez dute halakorik egiten. Badakigu zer diren sariak, eta ez ditugu hain modu pertsonalean hartu behar. Telesaila ikusi nuenean, iruditu zitzaidan aktoreok ondo geundela eta ekoizpena ondo egina zegoela, teknikoki landua. Baina baditugu urte batzuk, eta badakigu nondik nora doazen sari hauek.

Eta zuk beti oinak lurrean mantendu dituzu, ezta?

Bai, noski. Gogoan dut behin Euskal Herriko film bakarra zegoela jaialdi batean, eta sari asko, harentzat. Hor zaude, eta saria ematen dizute. Eskertzen dira sariak, baina badakit noraino doazen.

Forque sarietan Ane Gabarain igo zenuen oholtzara, baina Feroz sarietan, joan den astean, ez zizuten hori egiten utzi.

Guztiz debekatua genuen. Esan ziguten pertsona bakarrak igo behar zuela oholtzara... Bale, bale...

Gabarainen lana ere oso goraipatua izan da, ezta?

Bai, Anek ikaragarri ondo egin du. Eta bere pertsonaia oso-oso zaila da [ETAko kide baten amarena egiten du Gabarainek]. Pertsonaiak oso gogorrak dira, eta batak bestearekin joan behar izaten du. Antzerki eskolan elkarrekin aritu ginen duela 40 urte; geroztik, lan ugari egin ditugu elkarrekin.

Suedian, adibidez, arrakasta handia izan du Patria-k. Telesailari esker zure lana toki askotan ezagutuko dute orain.

Bai, ezagutu bai. Baina guk berdin jarraitzen dugu. Ane hiru antzezlanetan dabil; eta ni, bakar batean. Kanaria uharteetan izango ditut laster azken bi emanaldiak.

Patria-ko aktore batek esan zuen telesail batek ezin duela euskal gatazka laburbildu. Gatazkaren ertz guztiak askatasunez jorra daitezke?

Patria errelato bat da, baina errelato asko daude. Uste dut beste errelato asko egin behar direla ikus-entzunezkoetan, eta ikuspuntu desberdinak ikusi. Patria ikuspuntu bat da, baina hori ez da dena. Espero dut beste ikuspuntu batzuk ere ematea.

Netflix plataformaren Alma telesailean parte hartu duzu. Nola izan zen lan hori?

Netflixentzat aurretik Los favoritos de Midas-en aritu nintzen. Alma-ren kasuan, pertsonaia Geraldine Chaplinek egin behar zuen, baina ezin izan zuen grabaketara joan, eta egun batetik bestera deitu ninduten. Larri ibili nintzen: hiru egun, topera. Sorgin berezi baten rola egingo dut hor.

Joan den larunbatean Goya sarien ekitaldian parte hartu zenuen. Bi emakumezko aktore euskaldunek Goya bana eraman zuten. Zeren seinale da?

Euskal Herrian beti izan dugu harrobia. Oso aktore onak dauzkagu. Eta ez bakarrik aktoreak: Euskal Herriko teknikari asko daude, eta oso onak.

Euskaltzale talde bat sinadurak biltzen ari da Netflixi eskatzeko edukiak euskaraz egon daitezen. Zer iruditzen zaizkizu halako herri mugimenduak?

Oso interesgarriak dira horrelako mugimenduak. Bultzada bat badago; izan ere, hemen euskaraz egin behar dira lanak. Eta gure artean horrelako mugimenduak bultzatu egin behar ditugu, bai ala bai.

Koronabirusaren gaitza pasatu zenuen, larri. Aktore batek esan du gaitza ez dela hainbesterako.

Amorrua ematen didate halakoek. Nik gaizki pasatu nuen, nire familiak eta inguruko batzuek ere bai. Hainbestek galdu dituzte euren senideak... eta egun, gaizki pasatzen ari dira herritar ugari. Nola esan daitezke halako txorakeriak?

Zumaiako landetxean lasai antzean egoteko gogoz?

Bai, etxean lasai egoteko gogoa badut. Gertatzen dena da landetxea itxia dugula: azken urtebetean soilik bi hilabete eta erdiz izan dugu zabalik. Antzerkian aritzea egun ere gogorra da: batera eta bestera, funtzio bat egiteko makina bat lan hartu behar izaten da. Gogorra da egoera denontzat. Ea hobetzen den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Kultur politikek mota guztietako interesei eman behar diete jaten»

Zihara Jainaga Larrinaga

Antzerkitik bizi ahal izateko, Euskal Herria utzi eta Suitzara joan zen Gomez, aukera hobeak aurkitu nahian. Hainbat urteren ostean, 'Makers' antzezlanarekin itzuli da. Gaur eta bihar Bilbon arituko da.
Trixertak egin aitzinetik, probak egin dituzte zenbait diseinutan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Elastikoak albiste

Ainhoa Larretxea Agirre

Hiru hanka ditu Trixertak egitasmoak: Oninart, BERRIA eta hiru diseinatzaile. Apirilaren 26an hasi eta uztailaren 4ra arte izanen da martxan albisteak elastiko bihurtzen dituen proiektua.
 ©JON URBE / @FOKU

«Musika ariketa bat egin nahi dut, erakusleiho bat ireki»

Urtzi Urkizu

Asteazkenero hiru musikari edo talde elkartzen dituzte 'Bidegurutzean' saioan. Izagirrek esan du belaunaldi desberdinetakoak biltzen saiatu direla. «Ezusteko politak hartu ditugu».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna