Albistea entzun

Donostiako 69. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera. Mikel Gurrea. Zinemagilea

«Film ikusgarri baten ordez, arnasa eta keinuak nahi nituen»

Aurrera egin ez zuen proiektu pertsonal baten hondarretatik sortu zen 'Heltzear' film laburra, eta nazioarteko zinemaldi garrantzitsuetan parte hartu du. Mikel Gurreak intuizioz lotu zituen hura osatzen duten piezak.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2021eko irailak 25 - Donostia

Heldu hitzaren polisemia baliatuta, nerabe eskalatzaile baten gogoeta eta kezkak euskal gatazkarekin txirikordatzen dira Heltzear film laburrean. 2000. urtean, Donostian, Sarak anaiari gutun bat idazten dio, bere bizitzako igoerarik zailenerako entrenatzen ari denean. Mikel Gurreak (Donostia, 1985) bere bizipenetan oinarritu du fikziozko kontakizun hori, eta lana urrutira iritsi da denbora gutxian: Veneziako Zinemaldiko Orizzonti sailerako hautatu zuten.

Momentu arraro batetik atera da filma; pandemiaren erdian egin duzue, grabaketa bat atzeratu zelako, eta Veneziara iritsi da. Nola joan da urtea?

Filmarekin gertatu den guztia opari bat izan da, horrela bizi izan dut hasiera-hasieratik. Film luze bat grabatzekoak ginen 2020ko udan; soilik udan egin daiteke, kortxoaren kanpaina orduan egiten delako. Atzeratzea erabaki genuenean, nik zerbait filmatzeko beharra neukan. Heltzear-en proiektua hor genuen, eta aukera suertatu zitzaigun hiru egunetan filmatzeko. Berezia izan da denontzat.

Noiz hasi zinen eskalada eta euskal gatazka lotzen istorio bat kontatzeko?

Fikzioa osatzen duten hiru ezaugarri nagusiak nire biografiaren parte dira: 2000. urtean 15 urte nituen, kirol eskaladan bizi nintzen, eta testuinguru sozial eta politikoa euskal gatazkak zeharkatzen zuen. Eta munduko edozein nerabek garai horretan dauzkan ezaugarri unibertsalak ere hor zeuden. Geruza horiek elkarren artean nahasi nahi nituen, hala oroitzen nituelako. Lotura horretatik esanahi interesgarriak aterako ziren irudipena nuen.

Istorioa idaztean, argi zenuen zenbat kontatu, zer erakutsi...?

Argi zegoen filmean agertuko zirela Sararen entrenamenduak, eta, amaieran, entrenamenduen helburua: igoera bat. Kobazulo batean izango zela ere bai, nolabaiteko iluntasunetik nolabaiteko argitasunera irteteko. Banekien oso gutxi erakutsiko zela testuingurua. Autobuseko eszena hor zegoen, eguneroko ikonografia horrelakoa zelako; markatxo bat nahikoa zen. Gutuneko testua ez da askorik aldatu lehen bertsiotik. Izan ere, neba-arreben artean gauzak ez dira hainbeste aipatzen, sentsazioez hitz egiten da.

Kamerak gertutik jarraitzen du pertsonaia, ingurutik bereiziz. Horrek ere hala behar zuen?

Film fisiko bat egin nahi nuen, eta uste nuen eskaladak emango zuela zinematografikoki berezia eta adierazgarria zen zerbait. Nik eskalada barrutik ezagutzen dut, ez kanpotik; ez nuen gauza ikusgarri bat egiteko interesik, bere arnasa eta keinuak nahi nituen. Enpatiaren begirada lantzeko, gertu egon behar ginen bera ito gabe. Saiatu gara hori neurtzen. Horregatik ikusten da hamasei milimetroko leihatila osoa.

Izaera fisiko horrengatik erabili duzue zeluloidea?

Bai. Fisikoa da, uki dezakezu, eta kamerarekin beste toki batean kokatzen zaitu. Ezin genuen errepikapen askorik egin, stock gutxi geneukalako eta Haizeak [Oses, protagonista] egin behar zuenagatik. Filma errebelatu arte ez dakizu zer dagoen, eta hori onartzen duzunean, aukerak zabaldu egiten dira.

Aktore guztiak eskalatzaileak dira, ez antzezle profesionalak.

Duela lau bat urte, nire biografiari askoz ere lotuago zegoen film luze bat egiteko asmoa nuen: Heldu. Dokumentatzeko, proba batzuk grabatu genituen nerabe eskalatzaileekin, rokodromoetan, gaztetxeetan, boulderretan... Eta Haizearekin egin genuen topo. Bazuen zerbait kameraren aurrean: ausardia, magia. Baina 12 urte zituen, eta guk 15ekoak behar genituen. Proiektu hura bertan behera geratu zenean, Heltzear idatzi nuen, hango magma biltzeko, eta harekin gogoratu ginen.

Azken urteetan, zinemagile batzuek sortu dituzte zenbait lan gatazkari ikuspuntu pertsonal batetik begiratuta. Sumatzen duzu hori kontatzeko gogoa?

Baietz esango nuke, eta naturala iruditzen zait. Istorioak idaztean, beti jotzen duzu atzera, eta gure kasuan, testuinguru hori oso espezifikoa zen. Muntaia ia itxita geneukanean, zenbait laguni pasatu genien, eta eskatu genien audio mezu batean kontatzeko zer ikusi zuten. Euskal herritarrak, espainiarrak, irlandarrak, norvegiarrak, libanoarrak, estatubatuarrak... Askotan uste dugu gure kodeak ditugula, gureak soilik, eta ederra da ikustea zenbateraino diren unibertsalak. Denek sumatu zuten Sarak anaiaren falta sentitzen duela, maite duela eta anaiaren irudiak kontraesan bat eragiten diola.

Donostiako Zinemaldian aurkeztu duzu filma, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean, gainera.

Izugarria da. Zinemaldia, sail hori, areto hori... Pentsa, Ikusmira Berriak-en hasi nintzen Suro film luzea garatzen. Areto horretan pelikula asko ikusi nuen: Jia Zhangkeren Xiao Wu, Agnes Vardaren Kung-Fu Master!... Hor zinema deskubritu dut.

Aurtengo udan lortu duzue Suro filmatzea?

Filmatu dugu eta muntatzen hasi gara. Eguberriak arte ariko gara horretan, eta gero hasiko gara soinuarekin eta postprodukzioaren beste faseekin. 2022an estreinatzeko asmoa daukagu; ea zer jaialditan aukeratzen duten.

Gustura?

Askotan esaten da filmaketa zer gogorra den, zenbat frustrazio dagoen... Bada, nik asko gozatu nuen. Esperientzia positiboak ere kontatu behar dira. Sorkuntza posible da sufrimenduaren inguruko kulturik gabe. Familia giroa sortu zen, eta arriskuak hartu genituen. Orain neure burua ikusten dut materialean.

Prozesu osoan, filmaketan gozatzen duzu gehien?

Neurri handi batean bai. Zintzoa izanda, esango nuke funtsean ez naizela idazlea. Idazketa prozesua bakardadean bizi dut, eta hori kosta egiten zait. Muntaketan gozatzen dut, baina grabaketak badauka aukeraren zera hori, familia puntu hori, udaleku puntu hori; asko gustatzen zait. Jakina, amaitzen denean, biharamun emozional eta fisiko handi batekin gelditzen naiz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Durangoko Azokako eta BBK erakundeko ordezkariak gaur, Bilbon ©Aritz Loiola/ Foku

Sortzaileentzako lau eguneko topagune profesionala antolatu du Durangoko Azokak

Iñigo Astiz

Musikariak ez ezik, bestelako sortzaileak ere bide profesionalean laguntzeko helburuz egingo dute DA! Pro abenduaren 1etik 4ra bitarte

Nogen taldeak jaialdian parte hartuko du. ©Gorka Rubio / Foku

S.A., Nogen, Skakeitan, Tremenda Jauria eta Rodeo, Hatortxu Rocken

Berria

Hamazazpi artista ariko dira guztira abenduaren 18an Atarrabian euskal presoen alde egingo den jaialdian.

Altsasuko minak taularatzea

Altsasuko minak taularatzea

Iñigo Astiz

Maria Goirizelaiak idatzi eta zuzendu du 'Altsasu' antzezlana, eta bihar estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian. Ahozko epaiketako transkripzioak izan ditu pieza sortzeko abiapuntu nagusi.

Edorta Jimenezen liburuak Nikole Atxikallenderen eta Sabino Aranaren argazkia du azalean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Edorta Jimenezek 'Nikole bijotzekua' ikerketa idatzi du

Gorka Arrese

Edorta Jimenezek 'Nikole bijotzekua' ikerketa idatzi du. Nikolasa Atxikallenderen biografia osatzeaz batera, Sabino Aranaren bestelako ikuspegi bat dakar. Elkar etxeak argitaratu du liburua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.