Xabier Madariaga. ETB1eko 'Abiapuntua' saioko aurkezlea

«Benetako erreakzioak dira, eta iragazkirik gabeko altxorrak daude»

'Ur handitan'-en jorratu izan dituen gaiak lantzen ditu 'Abiapuntua'-k ere; baina batean elkarrizketatzailea zen; bestean, aurkezlea. Gizartearen aurreiritziak islatu nahi dituzte sei gazteren iritzien eta jokabideen bidez.

ETB.
jakes goikoetxea
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Sei gazte, egoera batzuen aurrean haien iritziak eta aurreiritziak plazaratzeko beldurrik gabe: presoak, kalean bizi direnak, edadetuak, migratzaileak... Pantailaren beste aldean, gazte horien iritziak eta aurreiritziak dituzten hainbat ikusle. Gizartea ispiluaren aurrean jarri nahi du ETB1eko Abiapuntua saioak. Xabier Madariagak (Bilbo, 1981) gidatzen du. Astearteetan eskaintzen dute.

Esan duzue gizartea ispiluaren aurrean jarri nahi izan duzuela. Helburu handia da.

Esperimentu bat da. Gizartea ispiluaren aurrean jarri nahi izan dugu, eta lortzen ari gara. Ez ditugu jarrerak kritikatzen; erakutsi egiten dugu nola jokatzen dugun zenbait egoeraren aurrean. Zer pentsatua ematen du. Ariketa oso interesgarria izaten ari da.

Gaiak landu aurretik aholkularitzaren bat jasotzen duzue?

Harreman dezente izaten ditugu.

Aurkezle hutsa zara edo kazetari lana ere egiten duzu erredakzioan?

Nire parte hartzea mugatua da, batez ere erredakzioak eta taldekideek egiten dute programa. Niretzat ohore bat da programa honi aurpegia jartzea. Telebistak era honetako produktuen aldeko apustua egin behar du.

Gazteek iragazkirik gabe hitz egitea lortu duzuela esan duzu. Gidoia badago? Zuek bideratzen dituzue edo haien esku dago nola jokatu?

Gidoia badago. Badakigu non, zer erreakziotan harrapatu nahi ditugun. Aldez aurretik pentsatzen dugu geuk nola erreakzionatuko genukeen, eta gero ikusten dugu haiek nola erreakzionatzen duten. Iragazkirik gabe hitz egitea lortu dugu. Benetako erreakzioak dira. Iragazkirik gabeko altxorrak daude, berez sortuak.

Zeuen burua islatuta ikusi duzue gazteen aurreiritzietan eta jokaeretan?

Askotan, erantzunak ikusita, konturatu gara geuk ere berdin jokatuko genukeela, baina ez genukeela esango. Haiek, ordea, kameren aurrean esan dute. Gehiengo batek, hala pentsatuta ere, ez luke esango, politikoki zuzena nagusitzen ari den garaiotan.

Zeren bila joan zarete sei gazteak aukeratzeko orduan?

Egoera zehatzetan ausardia izatea edo konplexurik ez izatea haien izaera erakusteko.

Ez dute soilik telebistan agertu behar, baita biluztu ere, haien aurreiritziak guztien aurrean plazaratu.

Oso eskuzabalak izan dira, eta eskertuta gaude.

Gazteen soslai ezberdinak bilatu dituzue, baina guztiek dirudite Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren ordezkari.

Agian bai. Gehiengoaren barruan sartzen saiatu gara. Haien erreakzioetan oinarritu gara batez ere.

Gazteen artean aurreiritziek duten indarra ikusita, heziketa huts egiten ari da?

Ez nuke hainbeste esango. Ez dugu esaten huts egiten ari den gizarte batean bizi garenik. Funtzionatzeko gure modu askotaz jabetzea nahi dugu. Ez gara konturatzen, baina jarrera arrazista eta homofobo asko ditugu. Azaleratu ditzagun. Urteetako pentsamolde baten isla da. Aurreiritziak aurreiritziak dira, ezjakintasunetik sortutako ideiak, urteetan eta urteetan errepikatuak.

Abiapuntua saioa Ur handitan-en osagarri da?

Lehen ere murgildu garen errealitateetan murgildu gara, baina modu guztiz ezberdin batean. Lehen, kanpotik, elkarrizketatzaile modura; orain ere kanpotik goaz, baina gaietan murgiltzeko. Zertarako? Gure gizarteak nola jokatzen duen ikusteko.

Abiapuntua-k badu entretenimendutik. Ikuslearengana hobeto heltzeko?

Egia da reality modura aurkeztuta dagoela, baina reality-aren alderik konprometituena du: aurreiritziak hausteko, hezteko eta ahalduntzeko.

Ahotsa eman diezue gazteei. Ez da ohikoa komunikabideetan.

Gazteriaren aurreiritziak ikusi nahi genituen, haiek izango direlako etorkizunean erabakiak hartuko dituztenak.

Mikel Goñi pilotari ohia agertzeak oihartzun handia izan du.

Titulu batzuk izan ditu komunikabideetan, baina logikoa da, pertsonaia publikoa izan baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.