Josu Aztiria. Elhuyarren Adimen Artifiziala Hizkuntzan unitateko koordinatzailea

«Aurrerapauso bat eman behar da»

Aztiriak itzulpen automatikoaren bidez edukiak itzultzeak euskal hedabideei zer aukera ematen dizkien aztertu du Behategiko urtekarian.

JON URBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
Usurbil
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Euskarazko edukiak gainerako hizkuntzetara ez itzultzea dagoeneko «ez da aukera bat», Josu Aztiria Elhuyarren Adimen Artifiziala Hizkuntzan unitateko koordinatzailearen arabera (Zumarraga, Gipuzkoa, 1978). Behategiaren urtekarian Itzulpen automatikoa: euskara hutsezko hedabideetatik, euskara ardatz duten proiektu komunikatiboetara artikulua idatzi du, eta nabarmendu du adimen artifizialak sortutako aukerak«hartu, ulertu eta baliatu» egin behar direla,euskaraz sortutako edukiak beste hizkuntza batzuetan zabaltzeko.

Hedabide guztiek egin behar dute eleaniztasunaren aldeko apustua?

Nik esango nuke hautuak denena izan beharko lukeela; beste kontu bat da hautuaren nolakotasuna, hedabide bakoitzaren ezaugarrien arabera. Goierriko Hitza-ri edukiak katalanera edo galizierara itzultzeak ez dio ekarpen handirik egiten, baina gaztelaniara itzultzeak bai. Aldiz, BERRIAk eduki oso orokorrak ditu, eta, munduan Euskal Herriarekiko dagoen interesa ikusita, ingelesera itzultzea balia daiteke.

Hainbat aukera proposatu dituzu: eduki osoa edo zati bat itzultzea, eduki berezituak sortzea... Nola erabaki behar du hedabide bakoitzak zer molde erabili?

Entsegu eta akatsen dinamikan sartu behar garela uste dut. Zaila da aldez aurretik jakitea nolako erantzuna egongo den. Nik animatuko nituzke hedabideak saiakerak egitera, gero zerk funtzionatzen duen ikusi eta erabakiak hartzeko. Aurrerapauso bat eman behar da, baina aukerak badaude, teknologia oso heldu dago, eta Elhuyar bezalako erakundeetan laguntzeko prest gaude.

Zer mesede egingo lieke itzulpenak euskal hedabideei?

Nik bi onura ikusten ditut: batetik, edukia beste hizkuntza batera itzuliz gero, bilatzaileetan hobeto indexatuko da, eta erabiltzaile askoz ere gehiagok aurkituko dute; bestetik, euskaraz oso eduki interesgarria ekoizten da, eta euskaraz ez dakien jendearengana iristeko aukera egongo litzateke. Elia itzultzailea, adibidez, jarrita dago zientzia.eus-en, eta bisitak laukoiztu edo boskoiztu egin dira.

Akordioetarako ere baliagarria izan daiteke; BERRIAK Nòs Diario egunkariarekin eta Vilaweb-ekin dituen moduan.

Bai, oso modu azkarrean elkar trukatu daitezke edukiak, gainera. Akordio konkretuak izan daitezke, eduki batekin lotuta, edo atalka edo proiektu bereizgarri bat sortu zure euskarazko markari kalterik egin ez diezaion...

Arriskuak ere badaude, ordea: hedabide erdaldunak euskarazkoei gailentzea, adibidez.

Aukera bat da, bai, eta lehia handiagoa sortuko litzateke. Dena den, euskarazko hedabideen ezaugarria ez da bakarrik hizkuntza, baizik eta ikuskera bat, balio batzuk eta atxikimendu bat eskaintzen dutela. Agian ez dira hain erraz gailenduko, baina oso adi egon beharko da.

Jendea euskara ez ikastera eraman dezake itzulpenak?

Aukera desberdinak daude euskarazko edukia lehenets dadin:edukia asimetrikoa izan daiteke. Argitaratu dezakezu erreportaje bat euskaraz, baina beste hizkuntzetan bertsio laburragoa eman.

Zer eginkizun dute instituzioek horretan?

Badago hedabideentzako finantzaketa sistema egonkor bat, martxan jarri zena. Horrez gain, nik uste dut lerro indartsu bat irekitzea beharrezkoa dela, hedabideen eraldaketa digitala bultzatzeko, luzera begira.

Posible ikusten duzu euskarazko edukien webgune bateratu bat sortzea?

Ez neukan pentsatuta, baina interesgarria da. Gainera, gaur egun garatzen ari garen teknologiak aukera ematen du albisteak sailkatzeko eta kategorizatzeko gaien arabera.

Itzulpenak ikus-entzunezkoetan ere erabil daitezke, eta sektorea estrategikoa da.

Itzulpena ez da bakarrik interesgarria testuetarako; ikus-entzunezkoen ekoizpena izugarri ari da handitzen, eta, beste hizkuntzetatik edukia gurera ekartzeko, azpidatzi automatikoa sortu daiteke, eta gero itzuli. Edo alderantziz: euskaraz ekoitzitako edukiak azpidatzi daitezke. Hori bai dela indartsua, euskaraz lehenesten duzulako ahotsa, eta azpidatziak beste hizkuntza askotan jartzen ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.