Yolanda Mendiola. 'Arte[faktua]' saioko aurkezlea

«Nahiko nuke aipatzen ditugun liburuek norbaiti interesa piztea»

Euskal literaturari eskainitako 'Arte[faktua]' telebista saioaren laugarren denboraldia hasiko da gaur, ETB1en. Euskal Herriko liburu dendarik esanguratsuenei eskainitako atal berri bat estreinatuko dute programan.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Donostia
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
ETB1eko Arte[faktua] telebista saioa laugarren denboraldiarekin hasiko da gaur. Ohiko ordutegia aldatuta iritsiko da, txirrindularitza probak daude bitartean: gaur 13:30ean, eta datorren astean 13:00etan. Kirol probak amaitzean, orain arte bezala, 15:00etan ikusi ahalko da euskal literaturari buruzko emanaldia. Gaur, Pello Lizarralde idazlea izango da elkarrizketatu nagusia; Iruñeko Gaiarre antzokian eta zezen plazan grabatu dute harekin izandako berriketaldia, eta Imanol Ubeda musikaria izango da idazleak aukeratutako gonbidatua. Programaren aurkezlea da Yolanda Mendiola (Aubervilliers, Frantzia, 1963), eta denboraldi honek izango dituen berritasunak aurreratu ditu.

Laugarren denboraldia du hau Arte[faktua] saioak. Berritasunik ekarriko al du?

Ohiko atalez gain, beste hiru berri sortu ditugu, eta ahots ezberdin gehiagori egin diogu lekua. Adibidez, horietako atal bat liburu saltzaileena da: Euskal Herrian dauden liburu dendarik esanguratsuenetara joango gara; non dauden eta nolakoak diren erakutsiko dugu, eta saltzaileekin hitz egin.

Idazleen eta irakurleen arteko bitartekariei ahotsa emango diezue horrela?

Hori da. Gainera, ikusita konfinamenduan zein gaizki egon diren, aproposa iruditu zitzaigun. Konturatu gara zein hauskorrak garen, eta tartetxo bat eman nahi izan diegu.

Zein dira sortu dituzuen beste bi atal berriak?

Bat, kale inkesta: herri batera joan, eta kalean topatzen ditugun herritarrei galdetuko diegu zer ari diren irakurtzen. Horrez gain, Irakurketaren artea izeneko saila ere sortuko dugu, jakin nahi baitugu zer egin behar den ahoz gora irakurtzeko, non egin behar den ahalegina, noiz egin isiluneak... Irakurketa eta ahotsa lanbide duten horiengana joango gara, eta aholkuak eskatuko dizkiegu. Dena den, aurrerantzean ere idazleen elkarrizketak izango dira programaren bizkarrezurra.

Programak orain arte egin duen ibilbideaz zer balorazio egiten duzu?

Oso lan ederra dela, aukera ematen baitizu jende ezberdin asko ezagutzeko, ez bakarrik aurrez aurre, baita literaturaren bidez ere. Horrez gain, eskola batzuetan ikasmaterial gisa erabiltzen dute saioa, eta, beraz, bada ondare txiki bat, Sautrela izan zen bezala.

Idazlearen mundura gehiago inguratzeko hasi zineten elkarrizketak kalean grabatzen. Baliagarria izan da?

Sautrela-rekin alderatuta, formatua aldatu genuen: kalera joan gara, idazlearen lekura edo liburuarekin lotura duen espaziora. Alde horretatik, beste ikuspegi bat lortu dugu, eta idazleari eta haren liburuari beste espazio bat uzten diogu ikusleak hausnartzeko.

Koronabirusak nola eragingo dio denboraldi berriari?

Neurriak hartu ditugu. Elkarrizketak ez ditugu egin maskararekin, gauza asko galtzen baitira: ez da ondo ulertzen, eta adierazgarritasuna murrizten da. Horrek esan nahi du joan behar dugula leku pribatuetara eta aurrez baimena eskatu behar dela elkarrizketaren tartean maskara kentzeko. Lehen, errazagoa zen: herri batera joan, eta, kale edo leku bat gustatuz gero, askatasuna genuen bertan grabatzeko. Ekoizpen lana areagotu zaigu.

Nola ikusten duzu aurtengo argitalpenen uzta? Pandemiak eraginik izan du?

Noski, eragina izan du, udaberrian ateratzeko zeuden liburuak atzeratu direlako. Eta Durangoko Azoka ere aurten ez da gauza bera izango. Orduan, kaltetuta ez dakit, baina albo kalteak alde guztietan daude. Erredakziora liburu berri bat iristen denean, sekulako ilusioa egiten digu. Iruditzen zait ekoizpenak aurrera jarraituko duela, baina oso kezkagarria da egoera: ez bakarrik liburu saltzaileena, baita argitaletxe txikiena ere.

Horregatik, liburu dendetara gerturatzeko keinua?

Hori da. Nahiko nuke astero programan aipatzen diren liburuek norbaiti interesa piztea, hori baita helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.