Albistea entzun

Gontzal Agote eta Izaskun Barber. Labako kideak

«Mugimendua zegoen, eta espazio hau bilakatu da»

Euskara eta euskal kulturarentzako gune bat sortu dute Iruñean, «topagune, gozagune, sorgune» izango dena. Finantzaketa prozesua abian jarri dute. Agote eta Barber sareko kideak dira.

IñIGO URIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko ekainak 11

Iruñean borborka izan den mugimendua saretu eta plazara ateratzeko egitasmo bat sortu dute: Laba. Kide askok osatzen dute, eta horietako bi dira Gontzal Agote (Donostia, 1973) eta Izaskun Barber, Zaku (Iruñea, 1989). Proiektu, ideia eta amets asko dituzte, eta gune fisiko bat, Gazteluko plazan. Han bildu dira BERRIA-rekin.

Laba Iruñeko euskaldunentzako eta euskal kultur sorkuntzarentzako topaleku eta erakusleihoa izango dela esan liteke?

IZASKUN BARBER: Oraindik ez dugu argi zer izango den osotasunean; ez ditugu ateak itxi nahi. Hasieran gaude, esperimentatzen. Eginez joaten garen heinean jakingo dugu zer izanen den.

GONTZAL AGOTE: Guk bota dugu lehenengo harria, baina mugimendu zabal bat izatea nahi dugu; horrek ekarriko ditu aukera berriak. Guk proiektu batzuk jarri ditugu mahai gainean, gunearekin lotuta, baina, guneaz gain, sarea ere bada. Sarea ahalik eta zabalena egin nahi dugu, eta proiektu gehiago sortuko dira. Amets asko ditugu.

Zer motatako proiektuak irudikatzen dituzue hemen?

I.B.: Irudikatzen dugu oholtza bat, eta horrek ematen dituen aukerak: liburu aurkezpenak, kontzertuak, hitzaldiak... Eta fisikoa da, lokal hau da, baina proiektu berrietarako eta sorkuntzarako bide berriak ere ireki nahi ditugu.

G.A.: Geure burua ezagutzen ari gara; prozesu bat egin dugu, eta orain plazara ekartzen dugu espazio hau. Proiektua egingarri ere egin behar dugu; ikusi beharko dugu zer babes jasotzen dugun, eta noraino zabaltzen den sarea.

Euskara eta euskal sorkuntza dira kide guztiak batzen zaituzteten elementuak?

I.B.: Euskaraz bizi garela eta bizi nahi dugula, gehienbat. Baina jende mota asko bildu gara; batzuk euskalgintzatik datoz, beste batzuk herri mugimenduetatik, beste batzuk ez... Hori polita da.

G.A.: Eta kulturarekin lotura du, zentzurik zabalenean, baina izan dezake lotura beste gauza batzuekin ere. Iruñean euskaraz bizi ahal izateko sortzen ahal ditugun baliabide guztiak, ongi etorriak.

 

Alde fisikoari lotuta, Iruñeko erdigunean dago, bihotzean.

 

I.B.: Bai, oso ohituta gaude euskaraz bizi garenok bazterretan egotera, eta hau oso aukera polita da erdigunera ateratzeko, horrek esan nahi duen guztiarekin.

G.A.: Hemen egoteak badu garrantzia. Karrikiri eta Zaldiko Maldiko hemen bertan daude, baina Gazteluko plazaren sinbolismoa geureganatzea inportantea da, ikuspegi praktiko edo pragmatikotik ere: hemen gaude, honen parte gara. Naturaltasunez atera gara plazara, eta plazak gu ikusi eta onartu beharko gaitu. Ahalduntze moduko bat da.

Kide asko eta askotarikoak zarete, adinez nahiz izaeraz. Ezaugarri garrantzitsu bat da hori?

I.B.: Bai, eta ez gara zerotik hasi; oreka dago esperientziaren eta sortzeko nahiaren artean, eta orain tokatzen da lekukoa pasatzea eta gauza berriak sortzea.

G.A.: Jende asko dago beste leku batzuetan; elkarteetan, komunikabideetan... Eta adinari dagokionez, zorionez, aniztasun gutxiago dago, oso jende gaztea dagoelako. Uste dut Laba lortzen ari dela belaunaldi gazteagoak aktibatzea.

Pizgarria izan da, beraz?

G.A.: Bai, baina gazte horiengan bazelako gogoa. Iruñean gero eta euskaldun gehiago gara, eta belaunaldi gazteak gero eta euskaldunagoak dira. Gazte horiek behar dituzte proiektuak euskaraz bizitzeko, agian beteranoagook ezagutu ez ditugun moldeetan.

Zer garrantzi izan du aurreko belaunaldiengandik jasotakoak?

I.B.: Handia. Haiek badute esperientzia, eta gu gogotsu eta indartsu gaude; asko sortu nahi dugu, eta sortuko dugu, baina ongi dago ikustea nola bideratzen ari den transmisioa. Eta ez da bukatu.

G.A.: Eta jende eta elkarte horiek lanean jarraituko dute. Askok horietan jarraitzen dugu, eta hau da beste molde bat. Gure asmoa da dagoen horrekin gu ere indartzea.

Nolakoa izan da prozesua? Pandemia baten erdian izan baita...

G.A.: 2020ko urtarrilean hasi zen, baina oso nodo txikia zen. Gune honen eskaintza heldu zen, eta katalizatzaile horretatik hasi ginen zabaltzen. Etxeratze garaian hasi ginen lanean, online. Poliki-poliki joan gara parte hartze prozesua eginez, eta aukera izan denean elkartu gara. Bestela, taldeka funtzionatzen dugu, koordinazio talde batekin.

I. B.: Eta bitxia da: pandemia batek bildu gaitu. Beraz, ikusten da mugimendua zegoela. Erreferentzia fisiko txukun bat izateak gogoa piztu du, eta erraza izan da sartzea; jendeak ez du trabarik ikusi.

Sare ireki bat da; nahi duenak nola parte har dezake?

I.B.: Behar dira gogoak, proiektuak, egiteko nahia... Eta saiatzen gara gure harremanen artean zabaltzen, baina ailegatu nahi dugu ailegatzen ez garen jendearengana ere.

G.A.: Eta espero genuena baino jende gehiago gehitu da, eta diferentea. Nahi duena laba.eus webgunearen bitartez jar daiteke harremanetan gurekin.

Diru bilketa martxan jarri duzue. Nola egin daiteke ekarpena?

I.B.: Atzo hasi zen. Kopuru zehatz batekin hasi gara, 30.000 euro. Finantzaketa kolektibo bidez egingo dugu, itsulapikoa.eus-en. Espazio honi forma emateko dirua behar dugu, baina lagun gehiago ere behar ditugu.

G.A.: Une honetan behar dugu elkartasun eta ekarpen praktiko hori, eta uste dut denontzat izango dela onuragarria, Iruñean bizi ez direnentzat ere bai.

Laba izena jarri diozue, eta lurpean magma borborka ari dela diozue. Zer esan nahi duzue?

I.B.: Mugimendua zegoen, sumatzen zen, eta borbor hori espazio hau bilakatu da. Ezkutuan egon den mugimendu bat azaleratu da.

G.A.: Niri gustatzen zait imajinatzea laba hori joango dela zabalduz, poliki-poliki, eta hartuko duela gero eta espazio handiagoa, eta hor itsatsita geldituko dela.

Noiz helduko da erupzioa?

I.B.: Erupzioa egon da jada. Hau mugarri bat da, baina prozesua luzea izango da. Poliki, magmaren erritmoari jarraituko diogu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Baita ozenki esan ere

Baita ozenki esan ere

Edu Lartzanguren

Gaur duela 30 urte, Gure Jarrera diskoa aurkeztu zuen Negu Gorriak taldeak. Haien bigarren diskoa zen, eta eurek sorturiko Esan Ozenki zigiluaren lehenengoa.

Peio Agirre, Damaris Pan eta Dario Urzay aurtengo saridunak, goizean egindako aurkezpenean, Bilboko Arte Ederren Museoan ©Aritz Loiola/ Foku

Dario Urzai, Damaris Pan eta Peio Agirre dira 2021eko Gure Artea irabazleak

Amaia Igartua Aristondo

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Urzai; sorkuntza lana aitortu diote Pani, eta artearen dibulgazioan eginiko lana hartu diote aintzat Agirreri

Norman Foster 'Agravitas' proiektua azaltzen, 2019an ©Foku

Bilboko Arte Ederren Museoak 700 metro koadroko terraza bat izango du eskulturak erakusteko

Amaia Igartua Aristondo

Norman Fosterrek museoa zabaltzeko lehiaketara aurkeztutako proiektuak ez zuen jasotzen aire zabaleko eremurik; azken lanketetan, berrikuntza hori gehitu diote. Halaber, aurreikusi baino zabalagoa izango da erakusketa areto nagusia: 25 metrotik 29 metrora igaro da

Imanol Iribarren eta Peio Irigoien taldeko kideak. ©Gorka Rubio / Foku

Euskal kantuak latin jazzera eraman ditu Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak

Mikel Lizarralde

'Iri barrenetik' diskoa argitaratu du Imanol Iribarren pianista eta tronboi jolea buru duen zortzikoteak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna