Albistea entzun

Donostiako 70. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. Maria Elorza. Zinemagilea

«Literaturak jendea askeago bizitzeko balio behar du»

Literaturak jende soilaren egunerokoan betetzen duen lekuaz hausnartu du Elorzak 'A los libros y a las mujeres canto' bere lehen film luzean. Lau emakumeren bitartez hurbildu da gaira, tonu intimo eta jostalariarekin.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2022ko irailak 22

Danteren figurak bildumatzen dituena, autoaren atzeko jarlekuan liburutegi bat daramana, arropak lisatu bitartean ahots goran poemak errezitatzen dituena, katean zigarroak bildu ahala irakurketak jarraitzen dituztenak. «Emakume armada» oso baten ordezkari, Toninaren, Loretoren, Vikyren eta Walen erretratu bizia egin du Maria Elorzak (Gasteiz, 1988) A los libros y a las mujeres canto bere estreinako film luzean. Etxean dituzten liburuak —eta helduleku zaizkien irudiak— hartu ditu horretarako abiapuntu, eta Txintxua Films-ek ekoitzi du lana.

Non dago istorioaren hazia?

Ezusteko anekdota sinple batean. Egun batean, amak deitu zidan esanez istripu bat izan zuela, liburuak erori zitzaizkiola, eta ospitalean zegoela behatzean min hartuta. Etxera igo nintzen, panorama ikusi nuen, apalak lurrean, Danteren infernua erditik hautsita gelaren erdian... Kamera hartu, eta irudi horiek grabatu nituen, asmo jakinik gabe. Hortik abiatuta hasi nintzen beste gauza batzuk grabatzen: ama literaturaren inguruan hizketan, ama eta ahizpa gertatutakoa kontatzen... Gero eta gehiago grabatu, interes handiagoa piztu zitzaidan eguneroko bizitzaren eta liburuen arteko harremanaren inguruan, eta hor hasi zen pelikula zabaltzen.

Nola heldu zinen beste hiru protagonistengana?

Ama grabatu ondoren, beste pertsonaia batzuen bila hasi nintzen, baldintza batzuk beteko zituztenak: nire gertukoak izatea, liburuetatik oso gertu bizitzea eta euren bizitzaren parte bat literaturaren bitartez bizi izana. Amaren hiru lagun hauek aukeratu nituen, gustatzen zitzaidalako bakoitzak literaturarekiko gerturatze ezberdin bat izatea. Batek [Loretok] gehiago jotzen du antzerkitik, jolasetik, gerturatze ludikotik; Vikyk irakurketa eta ezagutza aktibismo politikoari lotuago bizi ditu; eta Walek memoriara jotzen du. Gustatzen zait idazleez lagun intimoez bezala hitz egiten duela; haiekin elkarrizketan egote hori egunerokoan. Haiengana jo nahi izan nuen bizitza intimotik hitz egiteko literaturaz, eta ez unibertsitateko aditu baten katedratik.

Hori da, hain justu, filmaren gogoeta harietako bat: zer leku betetzen duten liburuek eta jakintzak jende arruntarengan.

Bai. Pelikularen planteamenduetako bat da literaturak balio behar duela jendea askeago eta zoriontsuago izateko, eta ez elite baten gozamenerako. Alde horretatik, dibulgazioak eta transmisioak rol garrantzitsua jokatu behar dutela uste dut, eta protagonista hauek ere horregatik aukeratu nituen, nirekin transmisio lan hori egin dutelako. Ni irakurzalea naiz, ez aditua, baina dakidan asko haiengandik ikasi dut.

Literaturaz harago, ordea, sentsibilitate orokorrago bat omentzen da.

Bai, iruditzen zaidalako ikuspegi globalagoa eduki behar dugula, eta ez ulertu zinema, literatura eta beste diziplinak alor independenteak balira bezala. Zineman badago literatura, badago filosofia... eta berdin beste diziplinetan ere; pentsamendu formak dira guztiak, adierazteko bideak. Gaur egun, gainera, iruditzen zait galera bat dela letrak eta humanitateak hainbeste zatikatzeko joera. Benetako formakuntza sakon batek dena hartu beharko luke kontuan.

Protagonistetako batek aipatzen du, hain justu, belaunaldi gazteagoak gero eta ezjakinagoak direla, bakoitza oso jantzita dagoela berean, baina oinarri asko falta dela. Bat zatoz?

Probokazio eran esaten du, baina uste dut baduela oinarri bat. Zentzu askotan, garai batean baino atzerago geratu da letretako formakuntza.

Etxe giroko elkarrizketekin batera sartu dituzu artxiboko irudiak, animazioa... Nola joan da kontamoldearen bilaketa?

Une batzuetan badu collage puntu bat, bai. Hasieratik garbi neukan ez nuela talde handi batekin filmatu nahi, gauza intimo bat izan behar zuela, eta irudiak eta soinua nik hartu behar nituela. Horrek markatzen zuen jada forma jakin bat. Oso hasieratik ikusi nuen baita ere zinemagile gisa interesatzen zitzaidala literaturako irudiak zinemara pasatzea, eta horretarako bide bat izan da nire artxibo zinematografiko pertsonalera jotzea, nire imajinarioko irudiak erreskatatzea eta kontatzen dutenaren itzulpen zinematografikoa egitea. Horrek berehala markatzen zidan muntaketa askoko pelikula bat izango zela, artxiboarekin lan asko egingo nuela. Hori izan da pelikularen lanik handiena.

Horiez gainera, hala ere, gauzak probatu nahi nituen, jolastu, ez gauza ortodoxo bat egin. Gauza serioez hitz egin arren, jendeak ondo pasatu zezala. Animazioa eta fikziozko parteak horrela joan ziren ateratzen.

Musikak ere merezi du aipamenik; ahozko transmisioari egin diezaioke keinu izenburuak.

Bai, canto [kantatzen dut] horrek musikaltasunaren ideiara eramaten ninduen, eta horrek ere gauzak konta zitzala nahi nuen, horrekin umorea ere egin. Literatura, hasieran, ahozkoa zen, eta kantatzen edo kontatzen dizkiguten istorioen bidez gerturatzen gara lehenik. Historian eta bizitza pertsonalean badago kointzidentzia hori.

Virgiliok gizonak eta armak aldarrikatu zituen; zuk, liburuak eta andreak. Beste erresistentzia forma bat goratzean datza?

Egia esan, izenburuarekin gorabehera asko izan ditut. Azkenean horrela utzi dut pelikulako jarrera asko islatzen dituelakoan; erresistentziarena, baina baita tradizioarekin elkarrizketan egoteko gogoa ere. Nik ez nieke inoiz gizonei eta armei abestuko, baina iruditzen zait bere garaian bazuela zentzu bat eta tradizio horretatik ere ikas dezakedala.

Gertuko jendea soilik ez, zeu ere agertzen zara filmean.

Beti sortzen ditu duda asko bizitza pertsonalari buruz hitz egiteak; intimitatearen mugak oso ondo neurtu behar dira. Ni irudian ez naiz agertzen ia, ahotsa agertzen da. Ikusi nuen zentzua zuela literaturari eta kantatzeari buruzko film batean ahotsa agertzeak, eta, kasu honetan, nire ahotsarekin egin behar nuela kontakizuna.

Lehen film luzea duzu hau. Nolako esperientzia izan da?

Film laburrekin askoz zuzenagoa izaten da lana; filmatu, muntatu, eta epe labur batean bukatuta daukazu. Film luze batekin, berriz, prozesu guztiak dilatatu egiten dira, eta hori izan da aldaketa handiena. Lau urte inguru igaro dira lehen irudiak grabatu nituenetik. Gainontzean, lan metodologia aldetik, ez da alde handirik egon; askatasun handiarekin jardun dut, aurreko lanetan bezala. Nik normalean postprodukziorik ez dut egiten, edo oso xumea izaten da, baina film honek izan zezakeen hedapenak amaierako kopian irudia eta soinua beste kalitate batekin uztera behartu gaitu. Hori ere izan da aldaketa bat: aurretik egin ez ditudan prozesu tekniko batzuk egin ditudala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Colectivo Silencioko kide saridunak, gaur, Iruñean. ©Jagoba Manterola / Foku

'El polvo ya no nubla nuestros ojos' filma izan da garaile Ikuspuntu jaialdian

Andoni Imaz

Comes Chahbazianek lortu du zuzendari onenaren saria, Notre village filmarengatik. Sharon Lockharten Eventide filmari eman diote laburrik onenaren saria.

Zeinen Ederra Izango Den jaialdia, iaz, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). ©RAUL BOGAJO /FOKU

Ederra izango da beste behin

Miren Mujika Telleria

Milaka lagun batuko dira gaur Zeinen Ederra Izango Den festan, Barakaldoko BEC erakustazokan

1 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Gizartea interpelatu zuen artea

Aitor Biain

1950. eta 2000. urteen artean euskal arte garaikideak eginiko bidea errepasatu du Gasteizko Artium museoak. Bildumako lanekin osatu dute erakusketa, narratiba berriak sortuz. Ez du amaiera datarik
Edurne Azkarate aktoreak jokatu du Iratiren rola izen bereko filmean. Irudian, filmeko fotograma bat. ©IRATI FILMA

'Irati' filmak 105.000 ikusle izan ditu Euskal Herrian bost astetan

Ainhoa Sarasola

Otsailaren 24tik, beste 37.500 lagunek ikusi dute filma Euskal Herritik kanpo. Estreinaldiko asteburuan euskarazko lan batek inoiz izaniko daturik onenak bildu ditu Paul Urkijoren filmak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...