Zuzeneko ikuskizunen legea. Eñaut Zubizarreta eta Miren Narbaiza musikariak

«Tabernak dira gure eskola; horiek gabe ez gara urrun joango»

Musikariak dira Narbaiza eta Zubizarreta; bi ibilbide ezberdin egin dituzte, ordea. Urte asko daramatza Narbaizak; hasiberria da Zubizarreta. Bat datoz, baina: dekretu berriak ez die mesederik egingo.
IHANA IRIONDO / FOKU

Beñat Alberdi -

2019ko martxoak 10
Bide desberdinak egin dituzte musikan Miren Narbaizak (Eibar, Gipuzkoa, 1986) eta Eñaut Zubizarretak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1992). Musikak batzen ditu biak baina. Narbaizak 2005ean hasi zuen bidea Napoka Iria taldearekin. Orain, bakarlari lanetan dabil, Mice izenez, eta 2017an kaleratu zuen lehen diskoa. Makina bat urte pasatu ditu musika munduan. Zubizarreta, ordea, hastapenetan dabil, bakarlari eta taldean. Trigger izenarekin kaleratu berri du lehen lana. Bi ibilbide dituzte musikan, baina dekretuak eragiten die, eta horrek batzen ditu. Ados daude biak nabarmentzean dekretuak kultur bizitza mugatuko duela eta artista berriei ateak itxiko dizkiela.

Urteak pasatu dira, Miren, musikan hasi zinenetik. Zein izan zen zure lehen pausoa?

MIREN NARBAIZA: Ander Mujika eta ni gitarrarekin elkartzen ginen, eta musika sortzen aritu. Lagun batek aurkitu zigun lehen kontzertua Bilboko Moyua plazako taberna batean.

Tabernatik tabernara egiten da bidea?

M.N.: Lehen kontaktuak horrela egiten dira. Kontzertu bat egiten duzu, eta beti komentatzen dizu norbaitek berak edo beste batek taberna bat daukala. Jo ahala zoaz bideak irekitzen.

Eñaut, zuk atera berri duzu diskoa. Kontzertu bila zabiltza? Nola egiten da hori?

EÑAUT ZUBIZARRETA: Orain arteko bi urteetan, lagunei-eta deika ibili naiz. Gaztetxeren bat lotu dut, eta tabernaren bat edo beste. Horrelako agertokiak ezagutu nahi nituen. Orain, kontzertuak lortzeko, diskoa bidaltzen diet, eta sare sozialetatik nabil idazten jendeari. Lagunei galdetzen diet ea kontzertuak eskaintzen dituen tabernarik ezagutzen duten, eta, gero, tabernari galdetu.

M.N.: Bai, jakin behar duzu zeinek lotzen dituen kontzertuak, eta berarekin saiatu.

E.Z.: Dena den, oso zaila da kontzertu bat lortzea.

Orain, hamabi kontzertura mugatu nahi dute areto txikien eta tabernen kontzertu kopurua urtean. Eragina izango du hasi berriengan?

M.N.: Zuk imajinatu hamabira jaisten badute nolako itxaron zerrendak sortu behar diren kontzertuak antolatzen dituzten tokietan; izugarriak. Ez dago lekurik denontzat.

E.Z.: Urtean hamabi ekarri behar badituzte, ekarriko dituzte hamabi indartsuak.

M.N.: Ez dakit zer egingo duten, baina izan daiteke. Argi dagoena zera da, leku gabe geldituko garela kontzertuak emateko. Azkenean, ez dut uste bat-batean jende guztia hasiko denik kontzertuak antolatzen.

Talde berri batek hasteko tokia aurkitzea zaila izango du?

E.Z.: Lehenago erreko gara. Zertarako ibili behar dut kontzertu baten bila, gero ezin badut plazaratu nire lana? Pasatu zitzaigun Gasteizko lagun batzuekin. Adostu genuen guk geure inguruan kontzertu bat lotuko geniela, eta haiek guri beste bat haienean. Esan ziguten Gasteizen zaila izango zela. Guk jaialdi bat antolatu genuenean, deitu egin genien, baina utzia zuten jada. Kontzertu gehiago egin nahi zuten, baina ez zuten lortzen.

Artista hasiberri batentzat garrantzitsua al da horrelako plaza bat izatea?

M.N.: Bai, eskola bat da. Hasteko, jotzeko tokiak dira tabernak. Jaialdietan eta kontzertu handietan ikusten dituzun musikariak, ziurrenez, horrelako leku batean hasiko ziren; hori mozten baduzu, lokaletan daudenak edo Eñaut bezala hasi direnak ez dira urrun iritsiko. Ezin duzu pentsatu disko bat atera eta BBK Liven joko duzunik.

E.Z.: Gainera, artista guztiontzat irisgarriak dira formatu horiek.

Edukiera txikiko aretoetan probatzen al da artista?

E.Z.: Etengabe formatuz zoaz. Kilometroak egin behar dituzu agertoki baten gainean, beldurrak kendu, jendearen aurrean nola erreakzionatu nahi duzun ikasi. Ez da gauza bera zure herrian edo ondokoan jotzea aurpegi ezagunen aurrean, edo etxetik urrun, aretoa ezezagunez beteta.

M.N.: Argi dago tabernak direla gure eskola, eta tabernarik gabe ez garela helduko inora. Tabernak dira hasten direnentzako eskola, eta bizitza guztia daramanarentzat ere bai. Badauka xarma bat, hor hasten zarelako lehen pausoak ematen, lehenengo aldiz jendearen aurrean zure lanak aurkezten. Lehenengo aldiz ikusten zaituzte, eta hor zure publikoa bila zenezake. Gainera, kontuan hartu behar dugu toki guztietan daudela tabernak, eta auzo eta herriei bizitza ematen dietela.

Euskal Herriko musika zirkuituak badu ospea. Dekretuak eraginik izan dezake bertan?

M.N.: Bai. Guretzat, eta baita kanpoko jendearentzat ere, hemen zirkuitu itzela dago. Kanpoko musikari asko etortzen dira jotzera; izugarria da. Agian gaur txekiar bat dago jotzen, bihar poloniar bat, eta etzi italiar bat. Horrek ere erreferenteak sortzen ditu gugan eta gazteengan. Nik uste dut ez garela guztiz ohartzen neurri honek izan dezakeen eraginaz. Artista horiek ez badatoz, ez dute lo egingo hemengo pentsio batean edo jango jatetxe batean.

E.L.: Nik Bartzelona eta Madril ezagutu ditut, eta hiri horietan kontzertu bat lotzea ezinezkoa da. Kanpoko ia denek goraipatzen dute Euskal Herriko maila musikala, daukagun zirkuitua eta horrek esperientzia hartu ahal izateko ematen dizun aukera.

Dekretua onartu eta gero, eragina izango du artista batek artista gisa bizi ahal izateko?

M.Z.: Mugak existitzen dira jada; honek areagotu egingo ditu.

E.Z.: Areto eta artista txiki guztiak gero eta baldintza okerragoetan gaude. Lehen aukera gutxi bageneukan kontzertu bat lortzeko, orain, gutxiago. Handiek jarraituko dute inongo arazorik gabe.

M.Z.: Garbi daukaguna zera da: jarraituko dugula musika egiten. Hasiberriek ere lortu nahi badute, lortuko dute. Benetan nahi baduzu, egingo duzu. Baina zer baldintzatan? Hori ez dakit.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna