Aitor Amilibia. Txistularia

«Txistuak baliabideak ditu, eta aurrera doa pixkanaka»

Aitor Amilibia txistularia Kursaalean ariko da gaur, Donostiako Musika Hamabostaldian. Villasol, Camarero, Ibarrondo eta beste hainbat konpositoreren obrak interpretatuko ditu.
SILBOBERRI

Alba Cabrera Jauregi -

2019ko abuztuak 22
Aitor Amilibiak (Donostia, 1962) dozenaka urte daramatza txistua jotzen, eta instrumentu horren errepertorioa aberasteko 2000. urtean sortutako Silboberri elkarteko kide da. Euskal musika tradizionaletik at, txistuak bestelako musika egiteko ere balio duela erakustea da haren helburua. Donostiako Musika Hamabostaldian izango da gaur, 20:00etan, Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoan. Bertan, musika garaikideko hainbat pieza interpretatuko ditu, Elur Arrieta perkusionista eta Jose Antonio Hontoria soinu jotzailearekin batera.

Nolakoa izango da emango duzuen kontzertua?

Interpretatuko ditugun bost obrek ez dute zerikusirik batak bestearekin. Hirukote bezala joan arren, obra bakarra joko dugu batera, kontzertuko azken pieza izango dena: Joseba Torre konpositorearen Kantuz elkartuz abestia. Lehenengo obra Carlos Villasolen Cuatro glosas sobre el canto de un pájaro izango da. Ondoren, Camareroren Taupadak interpretatuko dugu. Pieza hori Durangon [Bizkaia] estreinatu genuen, Txistua XXI. mendean emanaldian, eta orain bigarrenez joko dugu. Jarraian interpretatuko dugun obra estreinaldia izango da: Voro Garciaren Beste aztarnak. Ondoren, Eziñeruntz pieza joko dugu, Felix Ibarrondorena. Beraz, hainbat obra joko ditugu instrumentuak txandakatzen. Hala eta guztiz ere, txistua pieza guztietan dago; Silboberriren kontzertua delako, eta elkarteak instrumentu horren aldeko lana egiten duelako.

Zergatik aukeratu dituzue konpositore horiek?

Txistuaren errepertorioa zabaltzeko asmoarekin egiten dugu lan aspalditik, txistuak baliabideak dituelako, eta aurrera doalako pixkanaka. Hamabostaldian joko ditugun obrak kalitate handikoak dira; izan ere, musikagileek txistua entzun, ezagutu eta jatorrizko konposizioak sortu dituzte. Lehen, Euskal Herrikoak ziren pieza gehienak, baita konpositoreak ere, baina, azken boladan, kanpoko musikagileak piezak sortzen hasi dira. Hamabostaldian emango dugun kontzertuan, adibidez, Voro Garcia valentziarraren obra bat interpretatuko dugu; konpositore honek Silboberrik Valentziara [Herrialde Katalanak] egindako bidaia batean ezagutu zuen txistua. Bestalde, Cesar Camarero madrildarraren pieza bat ere joko dugu.

Musika garaikideko zikloan arituko zarete. Nola txertatu instrumentu tradizional bat horrelako musikan?

Txistuan, euskal musika tradizionalerako konposatu izan da gehienbat; beste musika generoetan ez dago ia txisturako errepertoriorik. Hala ere, azken bi hamarkadetako mugimendua izugarria izan da. Gaurko kontzertuan, egungo lengoaietan oinarritutako konposizioak joko ditugu; ez da kontzertu tonala izango, alegia. Kantuz elkartuz abestian, adibidez, mikrotonalismoa erabiltzen da, baina sordina izeneko gailu batekin joko dut txistua, musikagileak hala eskatuta. Horren bitartez, instrumentua jotzean ia entzuten ez diren soinuak sor ditzakegu; horrela, giro berezia lortzen da. Txistua edozein lengoaiari jarraitzeko gai da, nahiz eta euskal musika folklorikoko instrumentua izan. Ez du konposizioa baldintzatzen, eta horregatik egon daiteke edozein musika ziklotan. Gainera, musikagileek ez dute konposatzen txistua instrumentu tradizionala den ideiarekin; instrumentua ezagutzen dute, eta badakite zeintzuk diren bere baliabideak. Hori kontuan hartuta, konpositore bakoitzak txistuaren lengoaia erabilita egiten du pieza. Interpretatuko ditugun obretan ez dago ezer txistu tradizionalaren musikarekin lotura duenik.

Ez da Donostiako Musika Hamabostaldian jotzen duzuen lehen aldia. Nolakoa da esperientzia?

Oso jaialdi interesgarria da, eta errespetu handiarekin joan behar da. Asko entseatu eta landu behar dira piezak. Konposizioak eskatzen duen horretara moldatu behar duzu, eta horrela asko ikasten da; horrelako kontzertuei esker, txistua ondo ezagutzen ari naiz. Norberak ikasteko esperientzia izugarria da.

Kontzertuak emateaz gain, txistuari lotutako ondarea berreskuratzen duzue, ikerketa bidez. Zer-nolako ekarpenak egin dituzue?

Silboberri elkarteak ekarpen handiak egin ditu, baina, nire ustez, handiena izan da Rodrigo Alfredo Santiagok txisturako egin zuen obra osoa berreskuratzea, galtzear baitzegoen. 1980ko hamarkadaren bueltan, txistua oraindik ez zen instrumentu ofiziala, eta esan ohi zen ez zuela ikasketa metodorik. Gabezia hori ikusita, Santiagok erdi mailako eta goi mailako ikasketetarako metodoak sortu zituen. Horrez gain, txistuak ofizialtasuna eskuratu zuen, baina inork ez zuen ezer gehiago jakin Santiagoren lanez. Silboberri sortu zenean, hainbat erronka ipini ziren, konpositorearen lana berreskuratzea tartean. Guztira 820 lan original aurkitu ziren, erdia baino gehiago Galizian. Silboberrik argitaratu egin zituen, eta, gaur egun eduki asko erabiltzen dira bertatik, goi mailako ikasketetan, esaterako. Horrez gain, musika ikasketetara bideratutako hainbat argitalpen egin ditugu. Esate baterako, Ansolatarren 1895. urteko txistu errepertorio bat bildu dugu. Transkripzioak ere egin ditugu, abesteko eta pianorako prestatutako pieza batzuetan oinarrituta, eta diskoak ere grabatu ditugu. Jendea kexu da txisturako edukirik ez dagoelako, baina dagoena galtzeko zorian dago.

Txistuaren errepertorioa eguneratu eta aberastea da Silboberriren helburua. Zergatik ikusten duzue behar hori?

Musikako goi mailako ikasketak egin nituenean, ez genuen txisturako jatorrizko errepertoriorik, eta dena musika tonala zen. Beraz, beste instrumentuetarako egindako konposizioak hartu eta moldatu egiten genituen. Gaur egun, modu ikaragarrian aberasten ari da, eta ikasleek badute txisturako egindako obrekin ikasteko aukera. Gainera, hainbat elkartek gaiarekiko interesa agertu dute, eta zenbait txistularik ere euren kabuz egiten dituzte gauzak.

Musikagilea izateaz gain, Musikeneko eta Bilboko Kontserbatorioko irakaslea zara. Zer leku du txistuak goi mailako musika ikasketetan?

Txistu ikasketetarako materiala badago, eta askotariko obrak estreinatzen ari gara. Horrek ez du esan nahi sobera gabiltzanik; zenbat eta gehiago eduki, hobeto. Ezin gara pare bat obraren argitalpenekin konformatu; horrek jarraipena behar du. Horrela, konpositore gehiago hurbilduko dira, eta instrumentua ezagutaraziko da. Erdi zein goi mailako ikasketak egiten dituen jendea badago. Aldiak izaten dira, baina nik egin nituenetik gaur egungo egoerara, alde handia dago. Jendeak ikusi du egiten ari garen lana, eta interesa agertu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna