Zigor. Eskultorea

«Artistak ahalegindu behar du ez dakien hura egiten»

Zigor eskultoreak 'Egu iturria' erakusketa zabaldu du Miarritzeko Bellevue jauregian, abuztuaren 29ra arte. Bi zati handitan antolatuta dago: eskulturak eta margolanak batetik, zuri-beltzeko argazkiak bestetik.

JON URBE / FOKU.
Gorka Arrese.
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Zigor goitizenez ezaguna da Kepa Akixo eskultore eta argazkilaria. Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaio zen 1947an, baina Miarritzen (Lapurdi) bizi da aspaldi. Argazki kazetaria izan zen 1970eko hamarkadan, eta 1983an Remigio Mendibururen estudioarekin liluraturik murgildu zen eskulturaren bideetan. Ezagunak dira Zigorren zenbait eskultura publiko, esate baterako, Miarritzeko Talaian dagoen Olerki brontzezkoa, hiri hartako merkatuaren aurrean paratutako Urkulu, eta Angeluko Txoria itsasoari beha.

Orain, Miarritzeko Bellevue jauregian, Egu iturria izeneko erakusketa handi bat aurkeztu du, uztail eta abuztu osoan ikusgai izango dena. Bellevue guneak mila metro koadro baino gehiago ditu. Ilunpe batean sartuko da bisitaria, eta argiztaturik ikusiko ditu Zigorren eskulturak eta margoak; eta beste gune batean, zuri-beltzeko argazkiak.

Arturratzeko lehen izpiari erreferentzia egiten dio izenburuak?

Egu hari zuri gris bat da, zeruan agertzen dena. Hark ematen du mundua ikusteko lehen aukera, zuri-beltzez bakarrik. Eta koloreak pixka bat geroago agertzen dira, eguzkiarekin batera. Egu horrek bizi itxaropena ekartzen du egunero. Gure mitologian, eguna ez da momentu horretan hasten, eguna bezperan hasten baita, ilunabarrarekin. Eguzkia ilunean sartzen den unean hasten da eguna, beste batzuek gaua deitzen duten garai horretan. Eta goizean egiten da argi zuri hori. Horrek guztiak ziklikoa egiten du gure denbora, eta ez lineala.

Mitologiari buruzko erakusketa bat da?

Mitologiari buruzko irakurketa poetiko eta plastiko bat. Bidaia baten kontakizun poetikoa. 30.000 urteko bidaia da hemengo biztanleek egin dutena. Haien beldurrekin, haien munduaren ikuskerarekin, haien premiekin egin zituzten gaur inguratzen gaituzten paisaiak. Paisaiak ez baitira zerutik erori bata bestearen atzetik. Paisaiak eginak izan dira, gizakiak eginak, hizkuntza batekin. Erakusketaren bigarren zatian, argazkien bidez erakusten dut nolakoak diren gaur Euskal Herriko paisaiak, non bizi garen, eta nola egiten ari garen gu ere paisaia eta hizkuntza.

Ez duzu erakusketarik egiten Hego Euskal Herrian?

Ez didate inon erakusketarik eskatu. Bilboko Epelde eta Mardaras galerian erakusketa kolektibo batean eta Aretxabaletako udaletxean erakutsi nuen zerbait 2002an. Besterik ez. Ni neu ez naiz erakusketak galdetzen ibiltzen. Hortaz, galdetzen didaten lekuetan bakarrik egiten ditut. Baina badira nire artelanak Bilboko Itsas Museoan, Gasteizen...

Zein dira bereziki maite dituzun erakustokiak?

Bordeleko Urpeko Ontzien Basea zoragarria da, 5.000 metro koadro baino gehiagorekin; 2010ean, erakusketa eder bat egin genuen, iluntasun sakon batean. Beste leku bat da, inork ez dakiena non den ere, Musee de la Vallee de la Creuse; Eguzon Chantome herrian dago, Frantziaren erdian, barne-barnean; plazer handiarekin egin genuen han 2014an. Baina Hegoaldean ez dit inork galdetu erakusketarik. Agian, nork daki, Bellevuen den Egu iturria ipiniko dute Donostiako San Telmon, baina aurrena bisitatu behar dute, ikusteko ezin dela nonahi sartu.

Bidaia bat azaltzen duzu...

Hori da. Eta bidaiak badu egitura bat, dimentsio bat. San Telmo aproposa izan liteke. Baina badituzte programazio luzeak, eta ez dakit nahiko duten.

Miarritzen 2018an egindakoak eta honek ez dute zerikusirik?

Orduko hura atzera begirakoa izan zen. Baldintza bat ere jarri nuen: izan zedila neguan. Hau da, etxekoentzat; eta ez kanpotarrentzat eta bildumagileentzat. Izugarrizko jende piloa izan zen; 7.000 lagun. Poztu nintzen Garazitik eta Baigorritik ere etorri zirelako, bazter guztietatik. Kontent naiz, zenbaitzuk orain badakitelako abstrakzioa ere haientzat dela, ulergarria dela, abstrakzioarekin bizi garela egunero. Inork ez daki amodioa zer den, baina sentitzen dugu bizi dugula.

Berri-berriak dira erakusketa honetako artelanak?

Denak. Bidaia hau kontatzeko eginak izan dira. Urte eta erdian egin ditugu 74 pieza. Badira baita txiki-txikiak ere, jendeak jakin dezan obra nagusiak nondik eratorriak diren. Artelanetan gehienak egurrezkoak dira. Hiru edo lau brontze jarri ditut. Eta lehen sekula landu ez ditudan buztinezkoak ere jarri ditut. Ortzaizera [Nafarroa Beherea] joan nintzen, Goikoetxea buztingintza etxera, lagunak baititut; eta, orain dela milaka urteko jendeak tresnak egiten baitzituen buztinez, nik ere egin nahi nituen. Han egindako lanetatik zortzi salbatu ditut. Erakusketako lan goxoenak niretzat lur horiek dira momentu honetan. Lur xume batzuk dira, baina... Badakizu, artistak ahalegindu behar du ez dakien hura egiten. Jolas egin. Haurrentzako ofizioa da hau, poesia bezala.

Poesia idazten segitzen duzu?

Poeta ona banintz, ez nuke artelanik egingo. Gauza konplexuak eta sakonak ahalik eta xumeen esatea oso zaila da. Segitzen dut urtero lauzpabost poema bidaltzen Hatsaren Poesiara. Idazten ditudan poemak gero eta laburragoak dira. Maiatz argitaletxearekin 1992an argitaratutako Zoro garaia liburukoak laburrak ziren, baina orain laburragoak dira.

Uztailaren 29an, Lucien Etxezaharreta Bellevueko erakusketara etorriko da hitzaldi bat egitera, eta esango diot liburua egingo ote dugun astia duenean. Erakusketan sartu ditudan poemak bildu nahi nituzke.

Berriz argazkiak egiten ari zara azken hamabi urteetan.

Aspaldi, argazkilaria izan nintzen prentsan. Uste nuen argazkiekin gauzak aldatuko genituela; baina ohartu nintzen ni aldatzen nintzela, baina gauzak batere ez. Orain berriz plazer handiz nabil argiarekin. Kontenplazio tresna ikaragarria da. Poesia idaztea eta argazkiak egitea antzekoak dira. Hil arte egiten ahal dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.