Erik Bullot. Zinemagilea eta zinema teorialaria

«Promesaren ideiari eutsi behar zaio, motor izan dadin»

Zinema nola hedatzen den ikertu du filmen eta idazlanen bidez. Definizio berriak nahi ditu, zabalagoak, zinema eta hura hautemateko moduak eraberritzeko. Tabakalerako zinema mintegian izango da gaur eta bihar.

ERIK BULLOT.
Andoni Imaz.
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Erik Bullotek (Soissons, Frantzia, 1963) zinemaren formak ikertu ditu urteetan, bere filmen eta lan teorikoaren bidez. Hainbat saiakera argitaratu ditu, haren pelikulak jaialdi eta museo askotan eman dituzte, eta irakasle aritu izan da. Gaur egun, Bourgesko Arte Ederren Eskolan (Frantzia).

Egunotan, Donostiako Tabakalera zentroak antolatu duen Zinetik atera izeneko VI. Nazioarteko Zinema Mintegian parte hartuko du. Gaur, Film baten ametsa izeneko hitzaldia emango du, eta Octubre en Barcelona pelikula (2020) erakutsiko du bihar.

2013koa duzu Sortir du cinéma saiakera. Mintegiak izen bera duela ikusirik, badirudi ideiak ez duela indarrik galdu ordutik. Zer atera da, baina, zinematik?

Aretotik irtetea, ikusleen ekintzaz gain, ideia iradokitzailea da. Pentsa liteke euskarriaren geroan, haren eraldaketan: gaur egun, filmak sakelakoan eta museoko instalazioetan ikus daitezke. Jakin-mina dut ikusteko izenburu horrek zer sortzen duen orain.

Aldatu da ezer?

Uste dut zinemaren eta arte garaikidearen arteko harremanak garrantzia galdu duela. Instalazioen mugimendua hutsaldu egin da; museoetan filmak ikustea gauza normal bat da, eta itzali egin da bere indar kritikoa. Euskarriak alde guztietara sakabanatu direnetik, arte garaikidea ez da garapenerako eremu bakarra.

Ordu eta erdiko edo bi orduko film luzeen konbentziotik harago, zerk bereizten du irudi zinematografikoa gainontzeko irudietatik?

Ez dakit zergatik deitzen diogun oraindik zinema bere gailu teknologikoarekin inolako harremanik ez duen gauza bati. Horrek esan nahi du egin litekeela zinema beste euskarri batzuetan. Esate baterako, hitzaldi batek pelikula birtual bat aktiba dezake. Filmek izkin egiten diote marko klasikoari. Hori interesatzen zait: zein den muga zinema deitzeko genealogia horrekin harremanik ez duen gauza bati. Uste dut zeharo zabaldu behar ditugula euskarriaren definizioak.

Zer kontatuko duzu Film baten ametsa hitzaldian?

Egia esan, hitzaldia bera egin nahi nukeen film bat da. Film baten intuizioa daukat oraingoz. Asko gustatzen zait parte hartzaileei amets bat aurkeztea. Hau da, pelikula baten proiektua eguneratzea nire kontaketa batzuekin, argazkiekin eta film zatiekin, pelikula birtual bat sor dadin hitzaldia egiten den bitartean.

Bi elementu bitxi erabili dituzu.

Bata erretinaz besteko ikusmena da: ikus ote daitekeen ez begiekin, baizik eta azalarekin. 1920ko urteetako teoria bat edo utopia bat da: gorputza bera optika bihurtzea. Bigarren puntua theremina da, ukitu gabe jo daitekeen musika tresna bat. Biek dute harremana irudien eta soinuen birtualtasunarekin.

Zinemagile gisa landu izan duzu ikusi ezin den hori erakustearen ideia, ezta?

Jakin-mina sumatzen dut begiradarekiko, entzumenarekiko, mintzairarekiko... Pertzepzio horiekiko. Berriro definitu behar ditugu. Zinema beti egon izan da bere mugekin elkarrizketan. Ikusten ez den zinemaz edo azalarekin ikusten den film batez hitz egitea zinemaren mugei buruzko metafora bat da, baina baita benetako aukerak dituen amets bat ere, teknologia horra baitoa.

Jean-Luc Godardek zera esan izan du zinemaz: «Ez arte bat ez teknika bat, baizik eta misterio bat da». Zure Sortir du cinéma-k erantzun lezake: ez arte bat ez teknika bat, promes bat dela.

Liburu horretan eta Donostian emango dudan hitzaldian, gauza bat dago presente: betetako promes bat galduta dago. Promesaren ideiari eutsi behar zaio, motor izan dadin. Zinema ikusi nahi nuke beti eguneratu litekeen promes baten gisa.

Zinemaren heriotza aspaldiko kontua da. Horren aldean, bi bide erakusten ditu liburuak: irteera eta errepikapena.

Errepikapenaren ideia bitan banatu dezakegu. Kierkegaardek Gjentagelsen (Errepikapena) liburuan errepikapena eta eraberritzea bereizten ditu. Eraberritzea errepikapen bat da, baina gertatu denaren potentzia garatuta.

Errepikapenak eta eraberritzeak, biek dute lotura mintegiaren barruan emango duzun Octubre en Barcelona filmarekin, ezta?

Pelikularen gaietako bat da, bai. Zer da Kataluniako Errepublika, beti porrot berberak errepikatuko dituen prozesu amaiezin bat, ala badauka errepikapena promes bihurtzeko aukerarik? Beste gaia procés-aren alde performatiboa da. Izan ere, independentzia adierazpena adierazpen performatibo bat izan zen. Ez da procés-ari buruzko film bat, baizik eta procés-ari buruzko film bat pentsatzeari buruzko lan bat.

Noiz sortu zen?

Egoerak berotu egin ninduen. Hasieran, musikal bat egin nahi nuen: Kataluniako Errepublikaren historiako adierazpen guztiak, kantatua. Kontua da baliabide asko behar direla horretarako: abeslariak, musikaren konposizioa... 2019aren hasieran, pentsatu nuen aurretik tailer bat egin behar nuela Kataluniako artista eta ikasle batzuekin, egoeraren neurri zehatzago bat edukitzeko. Eta tailerrak soluzio filmikoaren forma hartu zuen.

Elkarrizketa bat da?

Filma bera prozesu bat da, egitura kopiatzen dio procés-ari, bere alde performatiboarekin, kolektiboarekin... eta arrakastarik gabe. Muntaketa amaitu nuenean, iazko martxoan, dena amaitu zen. Dezepzio bat izan da, eta dezepzioaren ideiak berak garrantzi handia du filmean.

Zer lotura duzu Kataluniarekin?

Hiru urtez bizi izan nintzen han 1990eko hamarkadan, eta beti joaten naiz oporretan. Pelikulan independentistekiko sinpatia bat suma liteke, baina ikuspuntu kritikoak ere bai. Ez da film hotz bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.