Maialen Beloki. Donostiako Zinemaldiko zuzendariordea

«Ulergaitza zait Ezeiza hain ezezaguna izatea»

Antxon Ezeiza zinemagilearen bizitza, garaia eta lanak aztertu ditu Belokik liburu batean, hari «dagokion tokia» emateko.

GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
«Antonio Eceiza zinemagile espainiarra izan zen, nuevo cine español mugimenduaren eta errealismo dialektikoaren banderaduna, eta, urteekin, mudatu egin zen, Antxon Ezeiza izateko, euskal zinemagilea, euskal zinema nazionalaren banderaduna, azkenerako, haren ibilbide profesionalaren hondarrean, erdibideko zerbait bilakatzeko: Antxon Eceiza, zinemagilea». Hiru izen eta izan horiek gorpuztu zituen pertsonari buruzko doktore tesia aurkeztu zuen 2010ean Maialen Belokik (Donostia, 1983), Donostiako Zinemaldiko zuzendariordeak, eta lan hura liburu bihurtu du orain, Shangrila argitaletxearen bidez —liburuaren sarrerakoa da pasarte hori—: Antxon Eceiza. Vidas, tiempos, obras (Antxon Ezeiza. Bizitzak, garaiak, obrak).

Nola iritsi zinen Ezeizarengana?

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen Iruñean, baina Leioara [Bizkaia] joan nintzen tesia egitera. Egia esan, Santos Zunzunegirengatik; asko miresten nuen: uste dut Espainian egon den zinema teorialaririk eta historialaririk garrantzitsuena dela. Hark proposatu zidan Ezeizaren kasua. Euskal zinemari buruzko tesia egin zuen, eta konturatu zen Ezeizaren inguruan bazegoela mami gehiago. Eta, nahiz eta Ezeizaren filmak eta testuak gaztelaniaz izan, Santosek sentitzen zuen hori ikertuko zuenak euskaraz jakin behar zuela, testuingurua ulertzeko.

Nola hartu zintuen Ezeizak?

Asko harritu zen esan nionean berari buruzko tesia egin nahi nuela. Uste dut orduan ez zuela espero inongo atentziorik jasotzea euskal eta espainiar historiografian. Hortik aurrera, ikaragarri eskuzabala izan zen: etxeko ateak ireki, eta egunak iraun zuten elkarrizketak eskaini zizkidan; egin gabeko proiektuen zirriborroak utzi zizkidan, tratamenduak, gidoiak, sinopsiak...

Pertsonaia berezi bat deskribatu duzu liburuan, disidentziarako joera zuena, baina bi zutaberi irmo heldu ziena beti: zinemari eta politikari.

Bi pasio zituen, eta, batzuetan, kosta egiten da ikusten zein dagoen gainetik. Nire ondorioa da zinema dela. Antxon ezin da ulertu garaiari begiratu gabe: orduan pentsatzen zuten zinemak eta arteak politikoak izan behar zutela, eta hura oso ideologizatuta egon zen gaztetatik. Batzuek haustura bat ikusten dute haren ibilbide ideologikoan, eta besteek eboluzioa. Madrilera iritsi zenean, Espainiako Alderdi Komunistako kidea zen; gero, ezker abertzalera hurbiltzen hasi zen. Eta haren zinema ere eraldatu egin zen.

Zein garaitako Ezeiza da aztertzeko interesgarriena?

Ezin diot erantzun horri. Madrilen zegoenean, mundu guztiak pentsatzen zuen errealismo dialektikoaren mugimenduko zinemagilerik garrantzitsuena izango zela —ikusi besterik ez dago zein zebilen haren inguruan El próximo otoño filmean [1963]—. Euskal Herrian, euskal zinema nazionalaren mugimenduaren erreferentea izan zen. Beti hor egoteko gaitasuna zuen, baina egia da azkenean beste batzuek aurreratzen zutela.

Zergatik?

Ezagutu nuenean, bere buruaren gaineko irakurketa zuhurra egiten zuen, zeren konturatzen zen hor egon zela, eta ez zuela lortu. Esaten zuen: «Zergatik? Pelikulek berek ez dutelako merezi? Edo politikoki beti egon naizelako galtzaileen lubakiari lotuta?».

Ezeizak izan du eskolarik?

Ikuska proiektua oso garrantzitsua izan zen, alde askotatik: lehen aldiz entzun zen euskara zineman, inork ez bezalako erretratu bat egin zion garaiari, eta aukera eman zien zinemagile eta teknikari askori beren lehen filmak egiteko. Eskola bat sortu zuen. Galdera da: zergatik ez dugu ondo ezagutzen?

Eta erantzuna?

Gauza konplexu guztiek bezala, ez du erantzun bakarra: arrazoi asko daude. Haren filmek ez dute lortu kontsentsu bat Espainiako eta Euskal Herriko historian. Baina hori ezin da izan esplikazio bakarra, zeren, hala ere, oso garrantzitsuak izan ziren. Uste dut tartean sartzen direla haren adskripzio politikoak eta haren izaera polemista. Hitz egiteko modu ikaragarri argia zeukan, baina beti bilatzen zuen parean zeukanaren erreakzioa. Hala ere, oraindik ulergaitza zait Ezeiza hain ezezaguna izatea.

Zer distantziatara daude haren filmak eta lan teorikoa?

Batzuetan besteetan baino gehiago gerturatu zen teoriara, baina zinemagile mentala izan zen: argi zuen nora iritsi nahi zuen estetikoki, ideologikoki eta politikoki. Argi zuen zinema gizartea eraldatzeko tresna bat zela. Hiru debate teorikotan parte hartu zuen. Errealismo dialektikoari buruzkoan: zer errealismo egin behar zen diktadurapean; nuevo cine español mugimenduaren ingurukoan, zeharka bada ere: zenbateraino izan zitekeen kritikoa erregimenarekin, erregimenak berak bide ematen zionean mugimenduari, nazioartean itxura irekia emateko asmoz; eta euskal zinema nazionalarenean: harentzat, euskaraz izan behar zuen, euskal estetika baten barruan, eta gai politiko batzuk landu behar zituen.

Alde horretatik, mugarri bat izan zen Ke arteko egunak (1989).

Batez ere Ke arteko egunak-en saiatu zen hiru auzi horiei erantzuten: euskal zinema nazionalaren filmik garrantzitsuena eman nahi izan zuen. Hala ere, debatea husten hasia zen 1989rako: euskal zinema beste toki batean zegoen.

Neurri batean, Ezeizaren isla ere bada filma, ezta?

Uste dut Ke arteko egunak eta Felicidades, Tovarich [1995] ikusita ulertu dezakezula Ezeizak nola ikusten zituen bere burua, bere filmak eta bizi izan zuen garai historikoa. Hala ere, filmeko bi pertsonaiak hartu behar dira kontuan: Pedro eta Kepa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.