Sarrionandia irakaslearen eskolan

Habanako Letren Fakultateko bere bulegoan eskaini du Joseba Sarrionandia idazleak euskara eta euskal kulturari buruzko bere lehen eskola. Kuban bizi diren euskal herritarrak ere bildu dira gelara.

Joseba Sarrionandia idazleak astelehenean eman zuen bere lehen eskola Habanako Unibertsitateko Letren Fakultatean, eta hautazko irakasgaia izango dute ikasleek. JOSE GOITIA.
Habana
2016ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Amaitu da eskola, eta irakasleak irribarre lotsati batez eta galdera batekin eskertu ditu ikasleak: «Interesgarria iruditu zaizue?». Kamiseta beltza darama, baina klera hautsez erabat zuritu da amaierarako, arbela eskuz ezabatzen aritu baita etengabe, eta axolagabe garbitu baitu gero bere kamisetan. Oso berezi eta ezezagun zitzaien gai bati buruzko lehen eskola izan da ikasle askorentzat: euskararen historia. Eta berezia da irakaslea ere, batez ere haren izendapenak Espainiako hainbat hedabidetan sortu duen zalaparta dela eta. Joseba Sarrionandia idazle ezagun eta saritua da irakasle hori. Edo jende askok deitzen duen bezala, Sarri, besterik gabe. Astelehenean eskaini du bere lehen euskararen historiari buruzko eskola Habanako Unibertsitateko Letren Fakultate prestigiotsuan. Kuban. Bertan bizi izan da azken urteotan, orain gutxi azaldu duenez.

Sarrionandiaren lantokia da ikasgela hori. Leku hori hautatu du fakultateko dekanoak Etxepare euskal institutuak babestutako euskara eta euskal kulturari buruzko irakurletzarentzat, eta hautazkoa izango da ikasgaia ikasturte honetan, orain arte katalana, galiziera eta turkiera izan diren bezala, eta unibertsitate arteko kooperazio proiektuen parte da egitasmoa.

Ikasle bakoitzak bere lekua hartu du bulego txiki baina eguzkitsuan. Euskara ikasten ari dira haietariko batzuk, orain urtebete pasatxo HABEren babesaz Asociacion Vasco-Navarra elkarteak martxan jarritako eskoletan. Eta haiekin batera entzule daude beren euskara irakaslea, Habanan bizi diren hainbat euskal herritar eta unibertsitateko beste irakasle bat ere. Berez, aurrerago hastekoak dira eskola ofizialak ikasleekin, urteko sasoi horretan hasten baitira azterketa partzialekin.

Denboran bidaiatzea bezala da eskola. Adituen hitzetan bizirik den hizkuntzarik zaharrenaren iraganik urrunenera daramatzate ikasleak Sarrionandiaren hitzek. Prehistoriaren misterio harrigarrietara daramatza entzuleak lehen euskal hitzak azaltzeko orduan, esaterako, edo, hobeki esanda, gaur egunera iritsi diren lehen monosilaboak aipatzeko orduan, eta horri esker ohartu dira entzuleak oso urrunera egin behar dela bidaia lehen euskaldunak topatu ahal izateko.

Kondaira bat kontatuko balu bezala azaldu du irakasleak zer esan nahi duten su, ur, otso, eta hitz hitzek. Ahoskatzeko ere zailak dira hots horiek zenbaitentzat, baina antzinako mundu eta gizarteak ekartzen dizkiete gogora; hizkuntzak, ohiturak, aurkikuntzak eta sinesmenak konpartitu zituzten antzinako gizarteak; eta baita noizbehinka beste herri batzuei aurre egin behar izan zieten gizarteak ere, zeren eta beste herri horiek maiz ez baitzituzten jakintzak eta hizkuntzak soilik eraman, baizik eta baita inbasioak eta bortizkeria ere.

Azken heldu berria

Erabat ezezaguna da euskal idazleak proposatzen duen denbora bidaia askorentzat, baita Kuban euskaldunen eta haien ondorengoen arrasto eta lorratzak presente badaude ere, eta baita kasu batzuetan lorratz horiek fisikoak izan arren ere.

Zero urtera heldu da kontakizuna, eta entzuleak Burdin Aroan utzita amaitu du eskola irakasleak. Hurrengo saioetan zer egingo duen azalduz bukatu du eskola Sarrionandiak. Entzuleak oraindik ez dira kondaira atmosferatik erabat atera. Norbaitek laugarren solairuko leihoetatik ilunabarra begiratzeko gonbidapena egin du: zeru gorriz apaindutako zeru urdin biziaren erdian hegan doa sai saldo bat; Karibe eta Erdialdeko Amerikako putre handi, beltz tipikoak dira: aura tiñosa izenekoak. Irudi luke Sarrionandiaren izendapenak Espainiako zenbait hedabidetan sortu duen «eskandalu» eta zarataren alegoria bat direla. Kuban ez zen zaratarik izan. Aitortu egin zen euskal idazle garaikide onenetariko baten eta euskal kulturaren jakintsu handi baten eskutik eskolak jaso ahal izateko aukera eta pribilegioa.

Inoiz baino urrunago aditzen dira astelehen ilunabarrean zarata mediatiko horren oihartzunak; orain, euskara irakasten duen emakumearen umearen oihuak dira argi eta ozen entzuten direnak. Hura da entzulerik gazteena, eta baita komunitate euskal-kubatarrera azken heldu berria ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.