Ander Gisasola. Kresala zineklubeko kidea

«Nire irudipena da zineklubok irauten egon garela»

Zinekluben arteko elkarlanerako aukera egon daitekeela iritzita, lehen pausoa ematea erabaki du Kresalak, eta zinekluben topaketa antolatu du estreinakoz. Helburu sinple bezain funtsezkoa du: elkar ezagutzea.

Miren Garate.
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Ez dago argi zenbat zineklub dauden Euskal Herrian. Saiatu dira zerrenda bat egiten, baina oso zaila dela uste du Ander Gisasola Donostiako Kresala zineklubeko kideak. Funtzionamendu indibiduala dute taldeek, eta, oro har, ez dute gainerakoen martxari buruzko ezagutza handirik. Elkarlana ere ez da oso handia. Hori aldatzen hasteko saiakera bat egitea erabaki du Kresalak, eta zinekluben lehen topaketa antolatu du Donostian. Larunbatean izango da, eta, besteak beste, beren esperientzien berri emango dute lau zineklubek. Adituek ere parte hartuko dute.

Lehen aldiz antolatu duzue zinekluben arteko topaketa, zineklubok antzeko arazoak izan ditzakezuela iritzita.

Ez dakit arazo deitzeko modukoak diren, baina zinemara gero eta jende gutxiago joaten da, eta zinema ikusteko modua ere asko aldatu da, eskaera bidezko zerbitzuekin aukerak asko zabaldu baitira. Zinema programatzen dugun guztiok partekatzen dugu diagnosi hori, eta ez dakigu zer egin daitekeen horren aurka, eta topaketan ere horrentzako formula magikorik ez dugu aurkituko seguru asko. Alabaina, ikusten genuen zineklubok ez dugula elkar ezagutzen, ez dakigula lan egiteko zer modu duten besteek, zer arazo dituzten...

Sinergiak sortzen laguntzea da topaketaren helburua?

Aurtengoa lehen pausoa da, eta helburu nagusia da elkar ezagutzea, ikustea bakoitzak zer egiten duen eta komunikaziorako bideak zabaltzea. Apirilean, adibidez, Kresalak, Bilboko Fas zineklubarekin batera, Anxos Fananz zuzendari galiziarra ekarri zuen bere pelikula aurkeztera. Horrelako gauzak egin daitezke, baina ez daukagu ohiturarik. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu elkar ezagutzea, bakoitzak zer egiten duen jakitea eta elkarri nola lagundu ikustea, batez ere lan egiteko modu oso ezberdinak ditugula uste dugulako. Azkoitikoek [Gipuzkoa], adibidez, ez dute banatzailearekin harremanik izaten pelikula ekartzeko, udalaren edo aretoko enpresaren bidez egiten dute eskaera, eta galdetzen ziguten nola egiten genuen guk. Errenteriakoek [Gipuzkoa] aipatu ziguten arazoak izaten zituztela pelikula aurkezteko gonbidatuak lortzeko. Beste modu batera egin daitezkeen gauza asko egon daitezke, baina, horretarako, jakin egin behar dugu nola egiten dugun bakoitzak.

Badakizue zenbat zineklub dauden Euskal Herrian?

Ez, oso zaila da jakitea. Bilaketa bat egin genuen elkarteen erregistroan eta sare sozialetan, zinema, zinea, zineklub jarrita, eta zinemaren erreferentziaren bat duten 30 atera zitzaizkigun Jaurlaritzaren erregistroan. Nafarroan hiru aurkitu genituen, eta Iparraldean ere hiru. Azkenean helbide elektronikoa, telefono zenbakia edo Twitterreko kontu bat duten 35i bidali genien mezua, eta batzuek ez digute erantzun; orduan, ez dakigu benetan zenbatek funtzionatzen duten. Beste elkarte bateko parte diren zineklub eta elkarte pila bat ere badago, sare sozialik eta halakorik ez dutenak: bizilagunen elkarteetan, gaztetxeetan, unibertsitatean... Jende horrengana ere heldu nahi dugu. Esango nuke herri guztietan egon izan dela zinekluben bat, batik bat 1970-1980ko hamarkadan, eta gaur egun ere nik uste dut 60-100 talde egongo direla zinemaz hitz egiteko elkartzen direnak, baina zaila da jakitea.

Aipatu duzu filmak ikusteko aukerak asko ugaritu direla. Zer funtzio betetzen dute zineklubek gaur egun?

Gero, pelikulaz hitz egiteko aukera ematen dute, eta ikusle oso leiala izan ohi dituzte. Kresalak, behintzat, urteen poderioz, komunitate edo familia handi bat egin du.

Gazteengana iristeko zailtasunak dituztela aipatzen dute askok.

Aretoetako joera ere hori da, eta ez dugu horri buelta emateko formularik, baina, adibidez, gauza bereziak eskaintzen direnean, jendeak erantzuten du. Hala ere, uste dut gazte askok ez dakitela zer diren zineklubak, ez dakitela beren herrian badagoen ere. Nire irudipena da irauten egon garela, funtzionatzen zuen formula bat geneukalako, baina ez dela egin gazteei proiektua aurkezteko ahaleginik. Eta jendeak ez badu ezagutzen, ezin da etorri.

Larunbateko topaketan, lehen zatian, lau zineklubetako kideek mahai ingurua egingo dute.

Elkarren artean ezberdinak diren zineklubak dira: Fas Bilbokoa da, hiri handi batekoa, eta 50 urte daramatza astero pelikula bat jartzen; Iruñeko Lehen Saioa iaz sortu zen, eta berezia da, nerabeentzako saioak antolatzen dituelako; Errenteriako Ozzinemak programazio iraunkorra du, eta Udalarekin akordioa zinema herrian zabaltzeko; Azkoitiko zinekluba, berriz, zineklub txikiagoa da. Mahai inguru horren erdira lau adibide eramango ditugu, baina nahi dugu publikoan daudenek ere beren bizipenak kontatzea, zerbait irekia izatea.

Eguerdian, berriz, Julio Lamaña nazioarteko zineklub eta zinema elkarteen federazioko idazkariaren hitzaldia izango da. Zeri buruz ariko da?

Hau antolatzeko ideiarekin hasi ginenean, pentsatu genuen zinekluben sareek egon behar zutela, nahiz eta guk ez izan. Eta ikusi genuen nazioarteko zinekluben federazioa bazegoela, eta kontakturako helbide elektroniko bat zutela. Eta idatzi egin genien, elkartzeko ideia genuela eta topaketa horretan zer konta genezakeen galdetuz. Julio Lamañak erantzun zigun, idazkari nagusiak, oso ideia ona zela eta edozertarako laguntzeko prest zegoela esanez. Katalana da, baina Hego Amerikan bizi da, eta kasualitatez irailaren 14an Katalunian egongo zela esan zigun, eta etorriko zela parte hartzera. Izugarrizko zortea izan dugu. Nahi zuena kontatzeko esan genion.

Arratsalderako, berriz, banatzaileak gonbidatu dituzue topaketara.

Zinekluben beharretako bat pelikulak lortzea da. Telefonoz eta posta elektronikoz asko ezagutzen dugu elkar, baina aurrez aurre gutxi, eta iruditzen zitzaigun banatzaileentzat ere interesgarria izan zitekeela, sare bat sortzen badugu, bezero potentzialak izango garelako. Hauek etorriko dira: Bartzelonako Noucinemart, eta horiek, zinema banatzeaz gain, D'A izeneko festibala ere badute; El Sur Filmsekoak ere Bartzelonakoak dira, eta pelikula oso izkinetakoak banatzen dituzte, oso interesgarriak, zirkulu komertzialetatik oso kanpora geratzen direnak; Surtseykoak Madrilgoak dira, eta batez ere film europarrak eta bikoiztu gabeak banatzen dituzte. Euskal Herriko bi banatzaile ere izango dira: Banatu Filmak eta Atera Films.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.