Funanbulistaren kaleidoskopioa

Primavera Sound jaialdiak musikaz bete du Kataluniako hiriburua asteburuan, ia 200 emanaldi eginda. Popak eta rockak ez ezik, beste musika estilo ugarik ere osatu dute aurtengo egitarau eklektikoa.

Bjork artista islandiarrak unibertso paralelo batetik ekarritako oihana bihurtu zuen Bartzelonako Primavera Sound jaialdiko oholtza. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Iñaki Lasa Etura.
Bartzelona
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Musika jaialdiak perretxikoak bezala ugaldu diren garaiotan, eta, afixei erreparatuta, bata bestetik bereiztea geroz eta zailagoa denean, gutxi dira homogeneotasun horretatik aldentzeko asmoa dutenak. Bartzelonan egunotan egin duten Primavera Sound da espezializatu gabe nortasun propioa duen bakanetakoa. Funanbulista batek nola, berezkoa du oreka Primaverak, eroso dago doinu aniztasunean, lehen begiratuan antipodetan dauden eskaintzak uztartzen. Horrela uler daiteke soilik 50.000 zale biltzen dituen talde baten ondoren 40 lagun soilik egotea oraindik diskorik atera ez duen Taiwango talde bat ikusten; edo Maliko abeslari garrantzitsuenetako batek ehunka europar zuri dantzan jartzea arratsalde sargori batean. Hori dena eta gehiago da Primavera. Kaleidoskopio musikala.

Kaleidoskopioaren metafora azaltzeko artista aproposik badago, Bjork da hura, zalantzarik gabe. Islandiarra zen aurtengo kartelburuetako bat, eta jada beste garai bateko oihartzunik ez badu ere, jendetza bildu zuen oholtza gainean, bere Utopia nola irudikatzen zuen ikusteko. Espero bezala, ikusgarria izan zen aurkeztutako unibertso bukoliko eta koloretsua. Unibertso paralelo batetik ekarritako oihana bihurtu zuen oholtza, eta maskara antzeko batekin agertu zen. Bjork ez da inoiz izan atzera begira zalea, eta Bartzelonako emanaldian gutxitan aldendu zen Utopia diskotik: Isobel, Human Behaviour eta gutxi gehiago.

Islandiarraren unibertsoa argitsu defini badaiteke, guztiz kontrakoa izan zen jarraian Nick Cavek eman zuen kontzertua. Eroritako aingeru baten gisa iritsi zen australiarra: ilun eta gordin. Predikatzaile batek bezala, bildutako fededunak sorgindu zituen Jesus Alone abestiaren lehen estrofetatik, The Bad Seeds taldearen laguntza ordainezina ondoan zuela. Zauri diren abestiak erraietatik kantatu zituen, eta taldekideen energiak are sinesgarritasun handiagoa eman zion emanaldiari. Leuntasunaren eta basakeriaren artean jolasean, jaialdiko kontzertu onenetako bat eman zuten. Akelarrean amaitu zuen kontzertua; 40 bat jarraitzaile oholtza gainera igoarazi zituen Cavek, eta haiek alboan zituela abestu zuen Push The Sky abestia, besarkada, izerdi eta selfie festan.

Australiarrak baino 30 urte gutxiago ditu Alex Turnerrek, baina hark bezain ongi menperatzen du oholtza. Bere belaunaldiko rock izarrik handiena da ziurrenik, eta beste behin ere erakutsi zuen horren zergatia. Halere, Arctic Monkeys taldeko abeslari eta liderrak crooner garaikidea bihurtzeko urratsa egin nahi du. Tranquility Base Hotel + Casino diskoarekin guztiz atzean utzi dituzte estreinako diskoetako erritmo frenetikoak, eta jakin-min handia zegoen halako norabide aldaketa zuzenean nola erakutsiko zuten ikusteko. Ezin daiteke gezurrik esan: entzunaldi gehiago behar ditu Sheffieldekoen seigarren lan luzeak. Abesti berriak guztiz sustraitu gabe daude zaleen artean, eta horrek eragina du zuzenekoan. Dena den, klasea sobera dutela erakutsi, eta gazitik baino, gozotik izan zuen gehiago kontzertuak.

Antzera gertatu zen The Nationalekin. Ahotsarekin justu antzean ibili zen Matt Berninger hasieratik, baina emanaldia aurrera ateratzea lortu zuen, eskarmentuari esker. Lehen baino elektronikoagoak dira amerikarrak, baina ez dute rocka bazter utzi, eta hor dirau epikak eta melodien progresioak. Father John Mistyk ere kontzertu txukuna egin zuen. Izugarrizko magnetismoa du Josh Tillmanek, eta, Bilbon aritu zenean baino lotuago ibili arren, arreta osoa bereganatu zuen kontzertua hasi eta berehala.

Betikoak eta berriak

Raparen eta bereziki traparen igoera nabarmendu da aurten—tartean Migos kartelburuak, nahiz eta azken unean kontzertua bertan behera gelditu—. Erritmo berriek gazteak gerturatu bazituzten ere, oraindik ez dute doinu klasikoen erakartze ahalmenik. Nolanahi ere freskotasuna eman zioten jaialdiari A$ap Rocky, C. Tangana, Vince Staples, Skepta eta abarrek.

Kontzertu gogoangarri ugari utzi ditu aurtengo Primavera Soundek, denak zerrendatzea ezinezkoa bada ere: Mogwai eskoziarren post-rock instrumentala, Ty Segall and The Freedom Banden psikodelia, The War on Drugs, Car Seat Headrest, Lorde, Jane Birkin, Charlotte Gainsbourg, Oumou Sangare...

Euskal Herriko musikaririk ere izan zen Primaveran. Mikel Laboaren doinuak moldatu zituzten Deloreanekoek; Fermin Muguruza The Suicide of Western Culture kolektiboko kideekin batera igo zen oholtza gainera; Vulk ohi bezain basati aritu ziren; La Bien Queridak pop pilula dotoreak oparitu zituen; eta Amaia Romerok hainbat bertsio ezagun jo zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.