Iñaki Alberdi. Eskusoinu jotzailea

«Eskusoinuaren aldeko proposamen berriak egitea gustatzen zait»

Arin-arin, fandango eta kalejirekin lotu ohi da eskusoinua Euskal Herrian. Carlos Mena kontratenorrarekin batera, Alberdik tresna hori ezagutzeko beste modu bat planteatu du 'Coeurs desolez' diskoan.

JESÚS DIGES / EFE.
Miren Garate.
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Iñaki Alberdik (Irun, Gipuzkoa, 1973) uste du diskoen funtzio nagusietako bat, gaur egun, gizarteari dokumentu bat proposatzea izaten dela. Alde horretatik, balio handia du Carlos Mena (Gasteiz, 1971) kontratenorrarekin batera osatu duen Coeurs desolez lanak, halako besterik ez baitzen orain arte. Josquin Des Prez (Tournai, Belgika, 1450- Conde-sur-l'Escaut, Frantzia, 1521) konpositorea hartu du ardatz bikoteak, eta lau konpositore garaikideri ere eskatu diete harengan inspiratutako obrak sortzeko.

Nondik etorri da disko honen proiektua?

Bion lagun batek proposatu zigun elkarrekin aritzea. Lagun hori melomano ona da, eta ezagutzen zuen bakoitzaren lana. Iruditu zitzaion polita gera zitekeela bion artean egindako zerbait, eta hitz egitera gonbidatu gintuen. 2015ean izan zen hori. Hortik aurrera, konturatu ginen soinua egiteko antzeko bidea dugula biok, berak bere diafragmarekin eta nik nire hauspoarekin.

Zer antzekotasun ditu, bada, modu horrek?

Hauspoa eramateko nire bidea abeslari batena bezalakoa da, eta berak ere bere diafragma intentsitate handiarekin eramaten du. Hori praktikoki nola ulertzen den? Arnasa berdin hartzen dugu, entsegurik egin gabe; soinua modu berean bukatzen dugu; ekiteak eta tempoak nahiko modu berean eramatea gustatzen zaigu... Noski, lan handia egin behar izan dugu piezak muntatzeko eta abar, baina laguntza handia da biok musika bide beretan ulertzea.

Behin elkarrekin zerbait egitea erabakita, Josquin Des Prez konpositorean oinarritzea pentsatu zenuten. Zergatik?

Carlosek hainbat lan eman zizkidan entzuteko. Hasieran, bi ahotsekoak eta hirukoak proposatu zizkidan, berak ahots bat egiteko eta nik beste bi, bat eskuinarekin eta beste bat ezkerrarekin. Baina ni mundu nahiko konplexu batetik nator. Musika garaikidea egiten dut, eta guk polirritmia, polifonia eta halakoak lantzen ditugu. Bi edo hiru ahotsekin bakarrik egitea sinplea iruditzen zitzaidan. Gaur egun, asko gustatuko litzaidake bi edo hiru ahotsekin bakarrik egitea, baina orduan lau edo bost ahotsekin egitea nahiago izan nuen. Eta Des Prez aurkitu nuen, eta esan nuen: «Nik hau jo nahi dut». Carlosi ere asko gustatu zitzaion ideia. Bere garaian, musikari oso errebeldea zen, eta gaur egun ere sentitzen da hori.

Lau konpositore garaikideren kolaborazioak sartu dituzue diskoan, eta hori da diskoaren bereizgarrietako bat, ezta?

Nahiko natural atera zen proposamen hori. Hasi ginen Errenazimentuko polifoniak egiten, eta soinu horrek paralelismo handia dauka guk egiten dugun gaurko musikarekin: ez dauka vibratorik, soinua zuzen-zuzen eramaten da... Eta pentsatu genuen: «Esan diezaiegun gure lagunei musika berria egiteko». Haiekin hitz egin genuen, eta halaxe atera zen proiektu osoa.

Jesus Torres, Gabriel Erkoreka, Joan Magrane eta Jose Maria Sanchez Verdu dira lau konpositore horiek. Des Prez konpositorean inspiratzeko esan zenieten. Zer egin dute?

Jesus Torresi asko gustatzen zaio Des Prezen Inviolata, baina ez zuen aurkitzen handik abiatuta zerbait egiteko bide praktikorik. Orduan, esan zidan asko gustatzen zaiola San Juan de la Cruz konpositorea: garai berekoak dira biak, erlijioak inspiratzen zituen... Hortik abiatzera animatu nuen, eta Llama de amor viva egin du. Ez dauka lotura zuzenik Inviolata-rekin, baina, bi piezak elkarren segidan entzunez gero, nik uste sumatzen dela haien harreman espirituala. Ondo sentitzen zara biak jarraian entzutean.

Eta gainerako hirurek?

Erkorekak Messa di Voce egin du. Abeslarientzako teknika bat da; bibraziorik gabeko soinu bat egiten dute, eta gero crescendo handi bat; azken puntura iritsitakoan, berriz, diminuendo egiten hasten dira segituan. Soinu hori eta Mille regretz-en hitzak hartu zituen, eta Erkorekaren musika entzuten da, baina hitzek erreferentzia garbia egiten diote Errenazimentuari eta barrokoari. Magranek piezaren deskonposizio bat egin du: Coeurs desolez-en melodia hartu, eta moztu egin du, eta puska txikiak utzi ditu, poema batean bezala. Entzundakoan, badakizu zer zati falta den, eta irudimena asko lantzen da. Sanchez Verduk Plaine de dueil-en motibo ber-berak hartu ditu, eta bere diskurtsoa sartu du. Haren melodia berbera entzuten da, baina inguruan dena aldatu du. Orduan zuk daukazu zure buruan lehengo soinua, baina kolore, tinbre eta tresna ezberdinekin.

Diskoa kalean da jada. Hemendik aurrera zer asmo duzue?

Diskoek, gaur egun, bide motza dute. Nire ustez, bi funtzio nagusi dituzte: alde batetik, gizarteari dokumentu bat proposatzea; eta, bestetik, kontzertu proposamenak egitea, zure aurkezpen txartela izatea. Eta uste dugu bietatik lortu dugula pixka bat.

Izan ere, badago soinuarekin eta kontratenorrarekin egindako beste diskorik?

Guk ez dugu ezagutzen. Eskusoinuaren aldeko proposamen berriak egitea gustatzen zait. Normala den bezala, fandangoa, trikitia, kalejira, arin-arinak eta horrelakoak etortzen zaizkigu burura Euskal Herrian. Alderdi polita da hori, baina azken hogeita hamar bat urteetan proposamen berriak ere atera dira; besteak beste, eskola berri bat egin dugu. Iruditzen zait horrelako proposamenek eskusoinua ezagutzeko beste modu bat ematen diotela jendeari.

Aurrera begira, jarraipenik izango du Carlos Menaren eta bion arteko elkarlanak?

Proiektu honekin ikusi dugu badaukagula leku txiki bat profesionalen munduan, leku askotatik deitu baitigute. Jendeari gustatu zaio, eta, orain, nahiko nuke proiektu berri batekin zirkuitu hori pixka bat handitzea. Uste dut proiektu berri horretan garrantzitsua izango dela beste instrumentu batzuk sartzen ere saiatzea, baina ez dakit nola egingo dugun. Eta polifonia nahiko erraza lantzea nahiko nuke, bi edo hiru ahotsekin, estilo oso garbian. Gauza errazak ondo egitea ez da hain erraza batzuetan. Ea datorren urterako eginda daukagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.