Falardeauren 'My Salinger Year' filmak abiatuko du 70. Berlinale jaialdia, gaur

Hemezortzi pelikula lehiatuko dira Sail Ofizialean, eta Jeremy Irons izango da epaimahaiburua. Helen Mirrenek jasoko du ohorezko saria

Joanna Rakoff idazleak nobela batean jaso zituen memoriak ditu oinarrian Falardeuren My Salinger Year filmak. BERLINALE.
itziar ugarte irizar
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Idazle izan nahi duen gazte bat, oihartzun handiko literatur agente baten idazkari postuan hasiko dena lanean. New Yorken, 1990eko urteetan. Bete beharreko zereginen artean, bat berezia: J. D. Salinger idazle entzutetsuaren jarraitzaileek bidalitako eskutitzei erantzutea. Joana Rakoff idazleari gertatu zitzaion; bera zen, graduatu berritan, idazle izan nahi zuen gazte hura. Orduko memoriak eleberri batean bildu zituen gerora, eta, horiek oinarri hartuta, Philippe Falardeauk My Salinger Year filma zuzendu du. Margaret Qualley eta Sigourney Weaver aktoreek egin dituzte protagonista lanak, eta film horrek irekiko du Berlinale zinema jaialdiaren 70. aldia, gaur. Sail Ofizialean erakutsiko dute, baina lehiaz kanpo.

Denera, hemezortzi lan izango dira Urrezko Hartza lortzeko lehian, eta Jeremy Irons aktore britainiarrak gidatutako epaimahaiaren esku egongo da erabakia. Hautagaien zerrenda horretan dira Burhan Qurbani (Berlin Alexanderplatz), Natalia Meta (El prófugo), Christian Petzold (Undine), Philippe Garrel (Le sel des larmes), Kelly Reichardt (First Cow), Abel Ferrara (Siberia), Rithy Panh (Irradiés) eta Sally Potter (The Roads Not Taken) zinemagileen lan berriak. Izen handiko zuzendariak daude tartean, eta, hainbat hedabidek aurreratu dutenez, nabaritzen hasi da jaialdiaren zuzendaritzan egon den aldaketa.

Izan ere, Dieter Kosslickek dimisioa aurkeztu zuen iaz —azken hemezortzi urteetan jaialdiko buru izan da—, eta bi kidek osatzen dute orain zuzendaritza: Carlo Chatrianek eta Mariette Rissenbeekek. Azken aldietan, zenbait ahots kritikok zioten jaialdiaren maila eskastuz zihoala; aurten horri buelta eman zaiola iritzi diote.

Hori berresten ahaleginduko dira, halaber, Giorgio Diritti; Mohammed Rasoulof; Stephanie Chuat eta Veronique Reymond; Caetano Gotardo eta Marco Dutra; Ilya Khrzhanovskiy eta Jekaterina Oertel; Hong Sangsoo; Benoit Delepine eta Gustave Kervern; Damiano eta Fabio D'Innocenzo; Eliza Hittman; eta Tsai Ming Liang zuzendariak. Izenei ez, istorioei begiratu dietela azaldu du Chatrinek, eta hautatu dituzten filmek etorkizunari «amarrurik gabe» begiratzen diotela aurreratu: «Sail Ofizialean lehian diren lanek istorio indibidualak zein kolektiboak kontatzen dituzte; intimoak eta, era berean, transzendentalak. Tonu iluna gailentzen bada, ez da ikara sortu nahi dutelako, begiak ireki nahi dituztelako baizik».

Ohorezko saria Helen Mirren aktoreak jasoko du, eta King Vidorren obra berreskuratuko dute atzera begirako atalean.

Sari berri bat

Urrezko Hartzaren eta epaimahaiaren Zilarrezko Hartzaren ondotik, hirugarren sari nagusi bat izan du aurten arte Berlinalek: Alfred Bauer jaialdiaren sortzailearen izena zeramana. Duela aste gutxi, baina, Die Zeit agerkariak Bauerrek naziekin izandako ustezko harremanak atera zituen argitara, eta, jakin bezain pronto, sari hori bertan behera uztea erabaki zuen zuzendaritzak. Haren ordez, eta Alemaniako gerraondoan sortutako jaialdia 70. urtemugara heldu den aitzakian, sari berezi bat banatuko dute aurten: beste Zilarrezko Hartz bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.