Albistea entzun

Michael Formanek, Mary Halvorson eta Tomas Fujimara. Thumbscrew musika taldeko kideak

«Denak gara liderrak, eta denak gara laguntzaileak»

Azken urteetan jazz garaikidearen esparruan sortutako gehien laudatuetako talde bat da Thumbscrew, nahiz eta taldekideek uko egiten dioten musika estilo jakin batean sailkatuak izateari. Gasteizko Jazzaldian izango dira gaur.
AMY TOUCHETTE Tamaina handiagoan ikusi

Antton Iturbe -

2021eko uztailak 15

Egun aurki daitezkeen jazz talderik zirraragarrienetako bat ariko da gaur zuzenean Gasteizko Jazzaldian: Thumbscrew AEBetako hirukotea. Michael Formanek (baxua), Mary Halvorson (gitarra) eta Tomas Fujiwara (bateria) hamaika proiektutan aritzen dira, esperimentazioa eta abangoardiako musika jorratuz, estilo arteko mugak hankaz gora jartzeko beti prest. Musikari gisa izena eta ospe handia dute hirurek, eta Halvorson jasotzen ari den laudorioak eta oihartzun gero eta handiagoa bereziki aipagarriak dira. Baina Thumbscrew talde edo, hobe esan, kolektibo moduan planteatzen dute, eta dagoeneko sei disko bikain eta askotariko plazaratu dituzte gisa horretara. Never Enough da azkenaren izena, taldearen jarrera langile eta erronkazalearen isla ezin egokiagoa. Hirukotea Iradier Arenan ariko da gaur, 19:30etatik aurrera, Pablo Martin Caminero Triorekin batera.

Hainbat proiektutan parte hartu ondoren, zerk bultzatu zintuzten Thumbscrew taldea sortzera? Zer duzue komunean, eta zer da taldea bermatu eta itsasten duena? Edo, beste era batera esanda, zertan da ezberdina Tumbscrew?

MICHAEL FORMANEK: Thumbscrew izenpean musika sormenaren inguruan ideia estetiko oso antzekoak konpartitzen ditugun hiru pertsona gaude, eta sormen hori lantzeko garaian, kooperatiba baten moduan funtzionatu nahi dugu hirurok. Horretaz gain, hiruron artean halako kimika berezi bat sortzeko gai izan gara, eta, aldi berean, kimika hori erabiltzeko modu berriak aurkitzen ditugu etengabe. Gure paleta edozein norabidetan zabaltzen jarraitu ahal izatea da gure asmoa. Gainera, konfiantza handia dugu batak bestearengan, eta erabat aske sentitzen gara edozein unetan nahi eta behar adina ekarpen edota proposamen egin ahal izateko.

Zuen musikak, hasieran, bateria/baxu/gitarra hirukotean mimo handiz eraikitako jazz leuna eta konbentzionala dirudi. Gitarrak doinu atseginak marrazten ditu, eta pentsa daiteke baxuak eta bateriak, laguntza eta sostengua ematera mugatuta, ez dutela ekarpen handirik egiten. Baina arreta handiagoz entzuten bada, nabari daiteke hiru instrumentuak soinu izate bakar bat bilakatzen direla.

M.F.: Thumbscrew moduan sortu dugun soinua azken hamar urteetan garatu dugun zerbait da. Elkarrekin konposatzen, jotzen eta bizitzen pasatu izan ditugun ordu guzti horien emaitza da. Oinarrizko instrumentazioa diozun hori da, eta eredu jakin batzuk daude gitarra trio horri oso lotuta daudenak, baina horrek ez du esan nahi beste eredu batzuk posible ez direnik. Aurreiritzi hori izateak musika bere kabuz eta bere baldintza naturaletan balioztatzea eragozten du. Thumbscrew kolektibo bat da zentzu guztietan, eta kontzeptu hori gure jotzeko modura ere igortzen da. Denak gara liderrak, eta denak gara laguntzaileak; ez dugu rol finkorik. Etengabe aldatzen ari da hori, doinu batetik bestera, eta egun jakin batean pieza bera entzuten dugun moduaren arabera ere bai.

Konposatzeko garaian egitura oso sofistikatua eta inprobisatzeko tokia konbinatzen dituzue, eta kontu handiz doitutako demokrazia jarraitzen duzue konposizio eta exekuzio prozesuan. Zenbateraino da naturala eta zenbateraino zeuen buruari ezarritakoa? Eta, bide horretatik, zer ematen dio zuetako bakoitzak Thumbscrewren soinuari?

TOMAS FUJIWARA: Denok gara konpositoreak, eta gure kasa Thumbscrewrentzako doinuak idaztea plazer handia da denontzat, baita taldearen esparrura ekarri eta denboraren poderioz garatu, entseatu, jo eta grabatzea ere. Konposizioek materiala interpretatzeko eta inprobisatzeko inspirazio moduan funtzionatzen dute. Gure soinua entzule bakoitzaren baitan ulertu eta gauzatzen da hoberen. Gero eta pertsonalagoa bilakatu da, eta pertsona moduan —indibidualki eta kolektibo gisa— aldatzen garen neurrian aldatzen da.

Zuen aurreko diskoa Anthony Braxton konpositore eta interpreteari eskainita zegoen. Harekin askotan egin duzue lan; irakasle eta inspirazio iturri izan da zuentzat?

MARY HALVORSON: Hirurok jaso dugu Anthony Braxtonen musikaren eragina, eta hainbat aldiz egin izan dugu lan harekin. Oso pertsona argia, berezia eta berritzailea da, eta oso erronka zirraragarri eta pozgarria izan zen haren musikan oinarritutako disko oso bat grabatzea. Neure buruari buruz soilik hitz egin dezaket hemen, baina esango nuke Braxtonen eraginak erabat blaitzen duela nire musika; batik bat haren esperimentaziorako grinak eta jarrerak, haren ikuspegi zabalak eta arriskuak gainean hartu eta mugak bultzatzeko duen ausardiak.

Jazz talde modura sailkatzen zaituztete, baina etiketa hori mugatzaile samarra da zuentzat. Beste etiketaren bat jarriko zeniokete zuen musikari? Eta zergatik uste duzue dela hain zaila Thumbscrew bezalako talde bat jazz zirkuitutik kanpo ikustea?

T.F.: Ez dugu etiketarik behar gure musikarentzako. Batzuek hala behar dute, eta, horren ondorioz, musika entzuleria zabalago batengana eramateko aukera eragozten dute. Baina tira, ezin duzu jendea behartu ikusmina izatera eta belarri irekia izatera...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Noaingo Faktoria zentro koreografikoko ikasleak. Beltzez, Laura Armendariz irakaslea. ©Iñigo Uriz / FOKU

Dantzaren nazioarteko mapan

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Noaingo Faktorian lanean ari da, irailetik, zentro koreografiko horretako ikasleen bosgarren belaunaldia. Marta Coronadok, Laida Aldazek eta Carmen Larrazek jarri zuten proiektua martxan, 2019an, herrialdeko dantza garaikideari astindu bat emateko. Pedagogia eta sorkuntza dituzte ikur.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Sorkuntza jada ez da nire munduaren zilborra»

Aitor Biain

Ez du diskorik egin plazan egoteko; plazan dago jada. Baina '#itsasoadabidebakarra' bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du, pertsonala bezain kolektiboa den lana. Azken urteetako bizipenetatik abiatuta ondu du, eremu abisaletik ur azalera ateratzeko bidea oinarri hartuta, eta Kubatik joan-etorria egin duten kantuekin.
Gaur egungo musikariez inguratu da John Cale <em>Mercy</em> disko berria ontzeko. ©MADELINE MCMANUS

Erortzen ari den munduaz

Mikel Lizarralde

81 urte betetzear dela, John Calek segitzen du pauso bat aurretik, 'Mercy' bere azken diskoak erakusten duenez. Klasizismoaren eta abangoardiaren artean beti.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...