Erremontea, barne-barnetik

ETB1ek 'Erremontari' ematen du astelehenetan. Sagardoaren Erremonte Txapelketa Hernaniko Galarretan grabatzen dute. Hamahiru kamera erabiltzen dituzte; horietako bat, errebotean.

Kontrakantxan dagoen kamerari bat, erremonte partidaren irudiak hartzen Galarretan, herenegun. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Hernani
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun

«Ostia!». Madarikazioa entzun da Endika Barrenetxea erremonte jokalariaren ahotik, huts baten ostean. Hark diseinatutako sistemarekin, Go Pro kamerak dituzte atzelariek kaskoan. Aurrelariek, soilik mikroak. ETB1eko emankizunetarako, hamahiru kamera erabiltzen dituzte. Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan grabatzen dute, eta Erremontari saioaren errealizazioa ez da nolanahikoa —astelehenetan ematen dute—. ETBren unitate ibiltari «indartsuena» erabiltzen dute, Antton Aldekoa errealizadorea han dela. Hark erabaki du «ostia!» hori Barrenetxea IV.aren irudiarekin batera sartzea.

Aldekoak laguntzaile bat du alboan. Errealizadoreak aldi oro kameren zein zenbaki sakatu esaten dio. Atzean, errepikapenez arduratzen diren beste bi teknikari. Mikro guztiez arduratzen da beste bat. Errealizazioa ondo ateratzeko, badago aurreko lana.

Aldekoak azaldu du aste osoko lana «trinkotzen» dela Sagardoaren Erremonte Txapelketako lehiak izaten diren arratsaldeetan. «Aurretik aritzen gara bideoak prestatzen, edukiak lantzen... sukaldeko lana egiten. Garrantzitsua da dena prest izatea». Erremonteak bere berezitasunak ditu. «Abiadura handiko jokoa da, pilotaleku batean dagoen azkarrena. Eta, bestalde, pilotak egiten dituen efektuak daude. Hori guztia jasotzeak zailtasunak ditu, esku pilotarekin alderatuz».

Barrenetxea jokalariak ondo ezagutzen du Galarreta pilotalekua, eta Erremontari-ren prestaketan lagundu dio ETBri. Aurtengo berrikuntzarik handienetako bat erreboteko kamera da: Barrenetxeak azaldu du kamera robotizatu indartsu bat jarri dutela hor. Lau metro eta erdiko altueran dago. «Saioa hasi baino bi aste lehenago egin zen zuloa. Hartatik atera zen harriak hirurehun kilo pisatzen zituen; asko kostatu zitzaien bi langileri harri hori ateratzea».

Botileroen parean ere jartzen dituzte kamerak. Pilotariak botileroekin komunika daitezke, mikroen bitartez. Hori ere entzuten da ETBko emankizunean.

Erremontari saioaren errealizazioa / Jon Urbe / EFE

Partidak 30 tantora dira. Bi geldialdi egiten dituzte: bat 15. tantoan, eta beste bat, 24.ean. Jokalariak kantxatik atera dira orduan, eta set txiki batera joan, botileroarekin hitz egitera. Eremu berean egiten ditu elkarrizketak Elena Azpeitia kirol kazetariak. Emanaldiak «oso bereziak» direla azaldu du Azpeitiak: «Familia bat bagina bezala sentitzen gara. Denak talde handi baten partaide gara. Oso esperientzia polita da». ETBk alor teknikoan «ahalegin handia» egin duela ere nabarmendu du.

Soinua eta argiak

Arlo teknikoan emanaldia fina izan dadin, funtsezkoak dira soinua eta argiak. Txema Martinez soinu teknikaria 1987. urtean hasi zen ETBrentzat lan egiten, eta argi du: «Soinu aldetik asko hobetu dugu». Pilotariei partida hasi aurretik grabatutako elkarrizketetan, soinu pertikari eusten aritu da Martinez. Gero, partidan, mikro guztien soinua kontrolatzen.

Pilotalekuan dauden argi guztiez, berriz, Gaizka Arostegi teknikaria arduratzen da. «Ke makina bat ere badago, eta jokalariak ateratzen direnean erabiltzen da. Emaitza ona da; beste ohiko partidatan ez ditugu koloretako argiak jartzen».

Asun Zamora teknikariak, berriz, robotizatutako hiru kamera kontrolatzen ditu. «Errebotean dagoen kamera berriak pilotak egiten duen parabola jasotzen du, eta jokaldiaren plano orokorra». Beste kamera bat sei eta erdian dago. Eta hirugarrena, berriz, frontisean, txokoan.

Javier Gazpio jokalari ohia eta Julio Arzelus epaile ohia gustura ari dira partidari begira. «Telebistan orain hobeto ikusten da: sartu egiten zara». Ikuskizuna «bide onean» doala uste dute. Urdinek bi pareta eta tanto. Txaloka jarri dituzte Gazpio eta Arzelus. «Kirol ederra da hau!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.