Migel Zeberio. Urmuga jaialdiaren sustatzaileetako bat

«Sortzaileentzat sekula egon ez den aukera da Urmuga»

Antolatzaileei lan handia eskatu die Urmugak, baina emaitza ere parekoa izan da. Musika, mendia eta euskaltzaletasuna uztartu ditu jaialdiak hiru astez, eta dagoeneko «ezinbestekoa» dela aldarrikatu du Zeberiok.

JOXEMI SAIZAR.
amaia igartua aristondo
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Hiru astean Euskal Herriko mendietako isiltasuna hautsi ondoren, igandean eskaini zituen azken doinuak Urmuga jaialdiak. «Pozik» agertu da Migel Zeberio (Tolosa, Gipuzkoa, 1966) festibalaren sustatzailea izandako harrerarekin, jarraitutasuna berme ekonomikoen eskuetan dagoela onartu duen arren.

Nola joan da Urmuga?

Balorazioa bikaina da, aurreikusita zegoen guztia bete delako. Hemeretzi eguneko ibilbidea pentsatu genuen, eta nahi bezala burutu da. Egun horietan, Urmugak Euskal Herri osoa zeharkatu du, eta ibilbide hori musikaz bustitzea lortu dugu, aurreikusitako ekitaldi guztiak egin ahal izan direlako. Eguraldiak ere lagundu digu, eta hori ezinbestekoa izan da, egungo egoerarekin ez genuelako emanaldiak leku itxi batean egiteko aukerarik.

Harrera ona izan du?

Ikaragarria, jende kopuruaren eta erantzunaren aldetik. Edukiera mugatu behar izan da, baina ikus-entzuleak ilusioz eta esker onez hurbildu dira. Borobila izan da: goi mailako ekitaldi aberatsa, ñabardura askokoa.

Koronabirusaren ondorioz, aldaketarik egin behar izan duzue?

Antolatzeko garaian. Herri askotan jaiak bertan behera utzi eta gero, halako ekitaldi bat egitea kontraesanezkoa suertatu zitzaien. Festa giroan gerta daitezkeen egoera batzuk Urmugan ez zirela gertatuko azaldu behar izan genien, pedagogia pixka bat egin. Adibidez, Baionako prefekturak, Baigorriko ekintzarako baldintzak jarri baitzituen, antolatzaileak zoriondu zituen igandean. Jendea lasai joan da: neurriak bete ditugu, eta erakutsi dugu kultura egiteko modu asko daudela, eta ez dagoela zertan ekintza guztiak bertan behera utzi; nolabait, kulturari ez daukan toki hori eman behar zaiola. Erakustaldi bat ere izan da, eta gogor lan egin da horretarako; gure ahalmenak mugatuak ziren, kultur ekintzaileak garelako, ez kultur enpresa bat.

Arrazoi ekonomikoek asko mugatu zaituztete?

Azkenean, arrazoi ekonomikoek kudeaketa ahalmena ere baldintzatzen dute. Hala ere, hogeitik gora kantari, hainbat talde, Donostiako Orfeoia eta musikari andana kudeatu behar izan ditugu. Hemeretzi egunean hori kudeatu behar izatea alimaleko kontua da, ez da txikikeria. Eta horri gehitu hainbat lokalizazio izan direla, baldintzak, eta hiru administraziorekin egon garela harremanetan. Oso gauza konplikatua izan da, baina lortu dugu txukun egitea.

Mendizalearen profila gailendu da?

Nik uste dut mendizalearen profilaren barruan euskal kulturarekiko sentsibilitate bat dagoela esatea ez litzatekeela astakeria izango. Nik neuk biekin izan dut harreman estua, nire aita euskaltzale garrantzitsua izan zelako. Gainera, jakin izan dugu Joan Mari Torrealdaik bideoz ikusi zituela kontzertuak. Urmugakoazken kanta berari eskaini genion, omenaldi moduan. Beraz, hor ari dira euskaltzaleak eta mendizaleak, elkarrekin. Uste dut binomio hori badagoela.

Eta adinari dagokionez?

Alde horretatik ere denetarik egon da, musika ere askotarikoa izan delako. Rap abeslari batzuk kanpoan geratu dira, baina aurrerantzean agian arituko dira. Musika etiketarik gabe lantzen jarraitu nahi dugu. Adibidez, gazteen artean Miren Narbaizak eta Pettik izan dute arrakastarik handiena, baina rockerorik zaharrenak ere, Niko Etxartek, erantzun nabarmena jaso du gazteen partetik; oraindik ere gaurkotasunaduen abeslaria da.

Oztoporik egoten al da halako ingurune batean aritzean?

Dena onura da. Mendian jotzean, isiltasunetik edo txorien edo haizearen soinutik abiatzen zara, eta ez hiri bateko burrunbatik. Gero, horren arabera, ahalik eta baliabide rik mugatuenak erabiltzen dituzu. Espazioak asko laguntzen du; zerura begira egoteak bete egiten zaitu. Nik uste dut hori dela musika egiteko antzokirik aproposena. Aldartearen aldetik ere nabaritzen da, zoragarria da. Ohitura sortzea gustatuko litzaiguke: Europa iparraldeko jaialdi askotan ohikoa da eguraldi txarrarekin ere aurrera jarraitzea, anoraka jantzita. Hemen bertan ere, Donostiako Jazzaldira doan jendeak badaki Trinitate plazan kontzertuak ez direla bertan behera gelditzen.

Hurrengo urteetan ere Urmuga antolatzeko asmoa duzue.

Azterketa artistikoa, logistikoa eta ekonomikoa egin behar dugu. Parte hartzaile guztiei duintasunez ordaintzeko adina gaitasun ekonomiko izatea da lehentasuna. Oraingoz, erakunde publikoek txukun erantzun digute. Aurrerantzean ikusi beharko dugu erakundeek, bereziki publikoek, zer balio eman dioten egun hauetan egin dugun horri, eta ea elkarlana finkatzeko prest dauden. Aurten izan dugun babesa zabaltzea gustatuko litzaiguke. Nafarroako gobernuarekin ez dugu lortu traturik ixtea, eta orain horretan gabiltza. Uste dugu sortzaileentzat sekula egon ez den aukera dela.

Alegia, Urmuga beharrezkoa da.

Nik baietz uste dut. Gure kulturaren pertzepzioa eta babesa oso anbiguoa da. Publikoki, beti ahotan dugu kulturaren gaia, baina horrek sustapen garrantzitsu bat behar du, kulturarik eta euskararik gabe ez daukagulako herririk. Uste dut herri aurreratu bat garela, ekonomikoki ere bai, eta beharrezkoa dela apustu sendoak egitea. Eta kultura hiriguneetatik kanpo ere zabaltzea eta askotariko bideak edukitzea oso inportantea da.

Zergatik?

Hiriburuetako betiko lau jaialdiekin geratzekotan eskaintza herren geratzen da. Gure turismoa eta kultur kontsumoa dibertsifikatu behar dira. Nafarroako despopulazioari aurre egiteko lehen keinua izan daiteke, adibidez. Daukagun eredua aldatu beharrean gaude, zer esanik ez izurriteak erakutsi digunaren ondoren. Urmuga eredu bat izan daiteke, jada landuta dagoena eta funtzionatu duena. Gu prest gaude aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.