Donostiako 71. Zinemaldia. Perlak. Maite Alberdi. Zinemagilea

«Zinemaren egitekoa memoria emozionala suspertzea da»

'La memoria infinita' filmean, Augusto Gongora eta Paulina Urrutia filmatu ditu, Txileko bikote famatua. Gongora aurten hil da, alzheimerrak jota. Memoria historikoaren eremua ere ukitzen du filmak.

ULISES GUTIERREZ / DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
itziar ugarte irizar
Donostia
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Duela hiru urte El agente topo dokumental saritua erakutsi ostean, La memoria infinita-rekin itzuli da aurten Maite Alberdi (Santiago, Txile, 1983) Donostiako Zinemaldira. Dokumentala da hau ere, eta bikote bat du protagonista: Augusto Gongora kazetari txiletar ikonikoaren eta Paulina Urrutia aktorearen artekoa —Michelle Bacheleten Gobernuan (2006-2010) Kultura ministroa ere izan zen—. 2014an, alzheimerra diagnostikatu zioten Gongorari, eta herrialdeko memoria historikoaren aldeko lanean nabarmendu zenaahazten hasi zen; ez dena.

Txilen oso ezaguna den bikote bat filmatu duzu, bietako bat bizitakoak ahazten hasi denean. Nola sortu zen ideia?

Ustekabean, egia esan. Unibertsitatean nengoela, Paulina handik zebilen Augustorekin, eta harritu ninduen ikusteak nola saiatzen zen Augusto bat gehiago izan zedin. Egoera oso partikular batean, oso maiteminduta ikusi nituen, eta horrek eragin egin zidan. Menpeko pertsonekin lan egin izan dudanetan, bakartzea topatu izan dut, baina hemen ez. Ondo pasatzen zuen bikote bat zen, eta haren inguruak ulertzen zuen beste erritmo batean funtzionatu behar zutela. Hortik sortu zen nire interesa.

Gero sorpresak izan dira. Maitasun istorio bat izan nahi zuenak gauza askori buruz hitz egin du azkenean, eta Txileko diktaduraren 50. urtemugan gaian oihartzun egin duen film bihurtu da. Hori ez nuen inondik ere espero. Agertu diren geruzek Augustorekin zuten zerikusia; berak esan dit nola kontatu behar nituen.

Zenbait irudi zuk hartu dituzu, baina beste batzuetan Paulinak jarri du kamera etxean. Nola antolatu zenuten hori?

2018an hasi ginen, eta filmaketak, denera, bost urte hartu ditu. Nik filmatu nuen lehen bietan, Paulinak ondoko urte eta erdian, eta gero berriz nik. Konfinamenduak oso luze jo zuen Txilen, eta kamera bat bidali nion Paulinari. Orduan ez genuen hain presente pelikula; eguneroko moduko bat izan zen. Bidaltzen zizkidan irudien bitartez kontatzen zidan bizitzen ari zirena.

Deigarria da irudi horietako batzuk desenfokatuta egotea, adibidez, edo erdi ilunpetan.

Bai [barreak]. Nik kamera erabiltzeko azalpen teknikoak eman nizkion Paulinari, eta berak erabakitzen zuen zer filmatu eta zer ez. Kontua da ez zuela sekula ondo ikasi, eta irudiak bidaltzen zizkidanean, esaten nuen: «Ai ene...». Azkenean, baina, zinema lezio bat bilakatu da hori niretzat: beti aritu naiz perfekzio bisuala bilatzen, jendeak ez zezala jakin dokumentala ala fikzioa zen... eta hemen asko dago desenfokatuta, ilunpetan... eta jendeak maitatu egin du materiala, oso erreala delako. Sentimendua hor dago, eta hori da garrantzitsuena. Konfinamendua luzatu ahala, bidaltzen zidan materiala perfekzionatuz ere joan zen. Orduan bihurtu zen film baterako materiala.

Muntaketan idatzitako filma izan da erabat, beraz?

Bai. Muntaketara arte ez zegoen filmik. Hor ikusi nuen narrazio bat eraiki zela, geruza askotarikoak azalarazi zirenean: politikoak, historikoak, kolektiboak, pertsonalak, maitasunarenak... Nik ez bainuen memoria galeraren inguruko lan bat egin nahi.

Paulina aktorea izateak ere pisua du istorioan; antzeztu gabe antzeztu behar du oraingoan.

Berak esaten du aktore izateak kameraz ahazten lagundu ziola. Eta gaitzari aurre egiten ere lagundu ziola, bere lana eszenak errepikatzea baita, eta Augustorekin hori egin behar baitzuen: gauzak behin eta berriz esan, errepikatu beharrari pisurik eman gabe.

Une latzei egoeraren onarpen bareago bat gailentzen zaie filmean. Zaila izan da orekatzea?

Bakarrik orekatu dela uste dut, tragediaren balantzea oso argitsua izan zela azkenera arte. Ni grabatzera joan nintzenetan, ez nintzen inoiz deseroso sentitu, beste batzuetan gertatu izan zaidan bezala. Ondo pasatu nuen. Muntaketan izan ziren une gogorrak, ohartzean, esaterako, berdin begiratzen ziotela elkarri duela 20 urte eta orain. Hori irudietan materializatuta ikustea gogorra egin zitzaidan.

Familiaren artxiboko bideoak eta Augustorentzat hain garrantzitsuak izan diren liburuak ere badira aipatzekoak. Irudiek eta objektuek oroitzapenak gorde ahal balituzte bezala da?

Polita da hori, niretzat ez baita memoria galeraren inguruko film bat, geratzen denari buruzkoa baizik. Oroitzen duen gorputzari buruzkoa; gorputz batdiktadurako mina oroitzen duena, gorputz bat azken egunera arte gogoratzen dena Paulinaz —nik uste nuen haiekin egongo nintzela Gongorak Paulina ahazten zuen arte, baina ez zen gertatu—, eta liburuak beti oroitu zituena. Ez zen irakurtzeko gai, baina bazekien zer izan ziren liburuak bere bizitzan. Ikasgai handia da hori: zer geratzen den dena ahazten denean.

Augustok telebistan erakutsi zituen diktaduraren ondorioak. Une batean dio irudirik egon ez zen urteetan hutsune horretan egon zela herrialdearen memoria. Zer uste duzu irudiaren eta memoriaren arteko loturaz?

Irudien grazia da gauzak bizirik mantendu ditzaketela. Augusto hil zen [aurtengo maiatzean], eta bizi-bizirik dago pelikularekin. Berdin gertatzen da memoria historikoarekin: zinemak ez baditu istorioak jasotzen, ahaztu egingo ditugu azkenean. Augustok esaten du: zinemaren egitekoa ez da zenbakiak kontatzea, memoria emozionala suspertzea baizik. Zinemagileak memoria horren esperientziak oparitu behar ditu.

Txileko diktaduraren 50. urtemugan, gizartearen polarizazioa nabarmendu dute. Zer diozu?

Urtemuga zaila izan da. Urte askotan ikusten ez genuen zerbait ikusi dugu: eztabaidaezinak diren gertakari historikoen ukapena. Joera global oso indartsua da, historia ezabatzearena. Lehen aldiz egin behar izan diogu aurre horri. 30. urtemugan, bazirudien gutxieneko adostasun bat zegoela, eta gogorra da hori zalantzan ikustea urte batzuk geroago.

Filmak, aldiz, kontsentsu nahikoa lortu du. Hor dago zinemaren rola: inork ezin du Augustoren mina ukatu, galdutako lagunak ukatu. Informazioa nahieran maneiatzen saiatzen dira, baina jendearen mina eztabaidaezina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.