2020an, ETB1ek %1,6ko ikusle kuota izan du; ETB2k, %10ekoa

ETB1ek lau hamarren galdu ditu aurreko urtearekin alderatuz gero. 'Teleberri'-k %22ko kuota izan du; 'Gaur egun'-ek, %2,3koa

urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Oso joera desberdina izan dute ETB1ek eta ETB2k amaitu berri den urtean ikus-entzule datuei dagokienez: behera egin du euskarazko kateak, eta inoiz izan duen batezbestekorik txikiena bereganatu du: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %1,6ko ikusle kuota izan du, aurreko urtean baino lau hamarren txikiagoa. ETB2k, aldiz, gora egin du: 1,7 puntu hazi da, %8,3ko kuotatik %10ekora.

Batezbesteko datu horietan eragin handia izan du udaberrikohilabeteetako kontsumoaren bilakaerak: ETB2ko albistegien datuek gora egin zuten. Aldiz, euskarazko katearen ehunekoa jaitsiz joan zen martxoaren erdialdetik aurrera. Beherakada horren iceberga maiatzean iritsi zen: hilabete horretan %1eko ikusle kuota izan zuen ETB1ek, inoizko txikiena —aurreko urteko maiatzean %2,4ko kuota izan zuen—. Udaberrian pilota emanaldirik eta zuzeneko beste kirol emanaldirik egon ez izanak eragina izan zuen ETB1en beherakadan.

Udazkenean bere ohiko datuetara itzuli da ETB1: %2ren bueltan ibili da —abenduan %2,2ko kuotara igo da—. Izan ere, hori da bere maila: 2010etik 2019ra, urteko batezbestekoa %1,9 eta %2,2 artean ibili da. Maila horretatik jaitsi den aurreneko urtea izan da 2020a.

Udazkenean fikzioaren aldeko apustua egin zuen euskarazko kateak: urrian, Alardea telesailak %1,6ko ikusle kuota lortu zuen; azaroan, Hondar ahoak-ek, %2,2koa; eta abenduan, Altsasu-k, %4,6koa. Altsasuko (Nafarroa) gazteen inguruko telesailak datu apartak bereganatu zituen gazteen artean: 13-24 urte bitarteko ikus-entzuleen artean, %20,6ko kuota lortu zuen. Aurreneko atalak %6,4ko ikusle kuota lortu zuen orokorrean, eta euskaldunen artean datu paregabea bereganatu: %14,2koa. Adin tarteetan, 45-64 urte bitarteko herritarrak izan dira Baleukoren telesaila gutxien ikusi dutenak.

Aipagarria da, halaber, Go!azen-ek zer tiradizo handia duen neska-mutikoen artean: 4-12 urte bitarteko ikusleen %37,7 ari dira telesailaren azkeneko atalak ikusten ostiral gauetan —Eguberri egunean, haurren ehunekoa %47,2raino iritsi zen—.

Albistegiei dagokienez, ETB2ko Teleberri-k 2020an %22ko batezbestekoa lortu du, eta liderra izan da; ETB1eko Gaur egun-ek, berriz, %2,3koa izan du.

ETBko beste bi kateetan 2019ko datu berberak izan dituzte joan den urtean: %0,3ko ikusle kuota ETB3k, eta %0,6koa ETB4k.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tele5k jarraitzen du lidergoan: %14,4ko batezbesteko kuota izan du 2020an. Bigarren tokian Antena3 dago, %10,1eko kuotarekin, ETB2 ozta-ozta gaindituz. La1k %8,9ko kuota du, eta La Sextak, %7,9koa.

Katalunian, TV3 ikusten da gehien, eta 2019ko datu berbera lortu du: %14,6ko kuota; Tele5k %11ko kuota du Katalunian. Galizian, galegozko TVG kate publikoa sei hamarren hazi da, eta %9,9ko batezbestekoa bereganatu du.

Kanpaietan, Antena3 buru

Herritarrek ohi baino denbora gehiago pasatu behar izan dute etxean 2020an, eta horrek telebista kontsumoa areagotzea eragin du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritar bakoitzak egunean hiru ordu eta 51 minutu pasatu ditu telebista tradizionala ikusten —%8 igo da—.

2021ari ongi etorria eman zitzaion gauean, kanpaien unea Antena3en ikusi zen gehien: %27,7. Bigarren tokian La1 geratu zen: %25,9. ETB1ek %9,6ko kuota izan zuen, eta ETB2k, %7,9koa (295.000 lagunek egin zuten bat ETBko Durangoko emankizunarekin). Kanpaien ostean, ETB1eko Go!2021 saioak %5,7ko kuota lortu zuen (euskaldunen artean, %13,3koa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.