Asteburuan hasiko da 'Teknopolis', koronabirusaz haragoko gaiekin

Zientzia eta teknologia lantzen dituen dibulgazio saioak 24. denboraldia du

Teknopolis saioko lantaldea atzo Mondragon Unibertsitatean egindako aurkezpenean, Arrasaten. ELHUYAR.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Arrasate
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
COVID-19a bazter utzi gabe, baina bertzelako zientzia gaienertzak «zorrotz, zehatz eta modu interesgarrian» ekarri nahi ditu erdigunera Teknopolis zientzia eta teknologiari buruzko dibulgazio saioak 24. denboraldian. Larunbat honetan hasiko dira berriz. ETB1en larunbatetan ikusi ahalko da, eta ETB2n, berriz, igandeetan, 14:30ean. Sarean ere eskuragarri egongo da, EITB Nahieran plataforman.

Azken ikasturtean arreta nagusia osasun krisiaren nondik norakoak publiko orokorrari azaltzean paratu ondotik, bertze gai asko landuko dituzte datozen saioetan: itsaslabarren azterketa droneen bidez, elikadura osasungarriaren eta iraunkorraren arteko oreka, armiarma sareak, mikrotxipen krisia eta argindarraren prezioaren gorabeherak, bertzeak bertze. Gai sorta zabal hori «zientzia, ikerketa eta berrikuntza gelditu ez diren seinale da», Iñaki Leturia saioko aurkezle eta zuzendariaren arabera.

Atzo egin zuten denboraldi berriaren aurkezpena, Mondragon Unibertsitateko Arrasateko (Gipuzkoa) campuseko ikasgela batean, eta leku horrek berak saioaren helburuarekin duen harremana nabarmendu zuen Leturiak: «Ikasgelan bezala, Teknopolis ikustean zerbait gehiago ikasten du ikusleak».

Saioko lantaldearekin batera,Teknopolis babesten duten erakundeetako kideak ere izan ziren aurkezpenean. Amaia Eskisabel Eusko Jaurlaritzako Ikerketa zuzendariaren arabera, zientziaren beharra «nabarmena» da: «Gaur egun inork ez zu zalantzan jartzen zientziak eta teknologiak gizarte, ekonomia eta ingurumen erronkei erantzuteko duten beharra, eta Teknopolis erreferente bat da zientzia eta teknologiaren dibulgazioan eta hedapenean».

24 urteko esperientzia

Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko elkarlanaren ondorio da saioa, eta Elhuyarren «ikurra» eta harro erakusten duten produktu bat dela azpimarratu du Jon Abril erakundeko zuzendari nagusiak: «Egungo telebistaren panoraman rara avis bat da saioa, daraman urte kopuruagatik, eta saioak lantzen dituen gaiengatik». Saioak ikasturte berrirako dituen helburuak ere aletu ditu Abrilek: «Inoiz baino gehiago izan nahi dugu komunitate zientifiko horren bozgorailu; egiten dutena modu dibulgatiboan zabaltzen, haien beharra nabarmentzen, ikuspegi etikoan eta kritikoan sakonduz eta zientzia politiketan eragiteko beharra agerian utziz». Eta bertze egiteko bat ere nabarmendu zuen: emakume ikerlari gazteak ikusgai egitea.

24 denboraldiren ondoren, helduaro betean dan Teknopolis. Hala ere, gogotsu daudela nabarmendu du Leturiak: «Gaiak ez dira amaitzen, eta lan egiteko gogoa ere ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.