Era askotako musika izango da gaur Gaztea Maketa Lehiaketako finalean

Sara Azurzak, Silitiak, Uddak eta Miruak joko dute Bilboko Kafe Antzokiko finalean

Raitxek irabazi zuen Gaztearen maketa lehiaketa iazko. EITB MEDIA.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Gaur egingo dute 2021eko Gaztearen maketa lehiaketako finala, Bilboko Kafe Antzokian. Sara Azurza, Udda, Silitia eta Mirua musikariak lehiatuko dira lehen sariagatik.

Aurtengoarekin, 30 aldiz egin dute lehiaketa, betiere Euskal Herriko talde gazteei ikusgarritasuna eta musika zirkuitu batean sartzeko aukera ematea xede dituela. Haren bereizgarrietako bat, Xabier Doncel Gazteako zuzendariaren aburuz, «bi ertzeko hautaketa prozesu parte hartzailea da»: «Batetik, Julen Idigoras, Izaro Andres eta Josu Ximun Billelabeitia musikariek osatutako epaimahaiaren botoak daude, eta, bestetik, entzuleenak».

Hiru epaimahaikideek aurkeztutako maketa guztietatik hiru aukeratu dituzte aurtengo finalerako; hautaketa horri entzuleek gehien bozkatutakoa gehitu behar zaio. Horrenbestez, lau dira finalean taularatuko diren hautagaiak.

Orotariko proposamenak

Doncelek, gainera, adierazi du aurten txapelketan «denetariko proposamenak» izan dituztela; dena dela, azpimarratu du «egungo musika» jorratu dela gehien; ildo horretan, maketa lehiaketa «Euskal Herrian entzuten eta lantzen den musikaren isla» dela gehitu du. Isla horren barruan, «emakumeen presentziaren gorakada eta askotariko estiloak» nabarmendu ditu. Iaz, pandemia tarteko, Donostiako Viktoria Eugenian egindako saio «alternatiboaren» ostean, aurten Kafe Antzokira itzuli da,eta, Doncelek dioenez, «rocka bueltan da».

Finalista bakoitzari helduz, Mirua taldea Tolosako lagun batzuek osatzen dute, eta soinu elektronikoetan errotutako proposamena dute. Antzeko giroak jorratzen ditu Silitia taldeak, alde elektronikoa rockarekin zein poparekin nahasten baitute. Udda izenekoa Aitor Armentia gasteiztarraren bakarkako proiektua da. 20 urte izan arren, badu esperientziarik musikaren alorrean: 2021eko uztailean bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du, En las nubes izenekoa. Sara Azurzak hainbat musikarirekin kolaboratu du, besteak beste, finalean bere bandako kide gisa ibiliko den Iker Laurobarekin. Soul doinuak onduko ditu Azurzak gaur gauean.

Epaimahaiaren saria lortzen duen musikariak 5.000 euro eskuratuko ditu, baina, batez ere, 2022ko BBK Live jaialdian jotzeko parada izango du. Entzuleen saria, berriz, 2.500 eurokoa izango da. Bestalde, sariketaren 30. urteurrena kari, Harrobia saria estreinatuko dute: izena eman duten taldeetako batek lau abestiko EP bat grabatu ahalko du, Oso Polita diskoetxearekin. Sail horretako garailea ere gaur argituko dute.

Finala 21:00etan abiatuko da, edukiera bete arteko sarrera librearekin. Musikariek ordu erdi izango dute epaimahaia konbentzitzeko. Halaber, emanaldia streaming bidez ikusi ahalko da: Gaztearen Youtube kanalean eta eitb.eus atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.