Printzesak badoaz, Mustangak datoz

'Irabazi arte!' bukatu eta gero, ETB1ek 'Mustang miragarriak' estreinatuko du etzi gauean

Mustangs FC futbol taldeko jokalarietako batzuk. Aurrean, Marnie kapitaina. ABC.
jakes goikoetxea
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Ez dira Arene, Leire, Olatz, Nora eta Itsaso. Marnie, Anusha, Liv, Bella, Ruby, Lara... dira. Ez dute Learoko Printzesak futbol taldean jokatzen, Australiako hiri bateko Mustangs FC taldean baizik. Batzuek eta besteek, baina, gustuko dute futbola, taldea hutsetik sortu beharko dute, eta futbolak elkarren arteko harremanak sendotzen eta konfiantza estutzen lagunduko die.

Iragan ostiralean bukatu zen Irabazi arte!, nesken futbol talde batean oinarritutako telesaila, ETB1en. Etzi, berriz, nesken futbol talde bati buruzko beste bat estreinatuko du, 21:15ean: Mustang miragarriak. Horrela, ETB1ek eutsi egingo dio haur eta gaztetxoentzako ostiral gauetako eskaintzari.

Marnie da Mustang miragarriak telesailaren protagonista. Mustang FC futbol taldeko kapitaina eta jokalaririk onena. Haren ametsa Matilden taldean jokatzea da, hau da, Australiako futbol selekzioan. Nesken arteko harremanak, elkartasuna, integrazioa, lehiakortasuna, nesken kirolaren gutxiespena... azalduko dira telesailaren ataletan. ABC Australiako telebista publikoak sortu du telesaila. Mustangs FC edo Mighty Mustangs du jatorrizko izena.

Aritz Galartza EITBko Kanpo Erosketako eta Programazioko buruak Australiako haur eta gazteentzako ekoizpenen kalitatea nabarmendu du: «Oso ondo egituratuta egoten dira; zentzu publikoarekin egiten dituzte; baliagarriak dira balioen eta hezkuntzaren aldetik, eta, guretzat, ezaugarri oso garrantzitsua da. Gainera, oso entretenigarriak dira. Badakite umorea nola jorratu: tonu berezia dute». Mustangs FC telesaila Hardball-ekin parekatu du, hura ere Australian egina eta ETB1ek eskainia.

Irabazi arte! bukatuta, ETB1ek eutsi egingo dio haur eta gazteentzako eskaintzari ostiral gauetan, etenik gabe. «Ohitura horri eutsi nahi diogu, eta apustua egin dugu kalitate oneko fikzioarekin, bai barne ekoizpenekin, bai kanpokoekin», Galartzaren arabera. «Euskaraz ikusten ez badute, beste hizkuntza batean ikusiko dute».

Aspaldiko apustua da, Go!azen-ekin abiatu eta sendotutakoa. Ostiral gauetan ETB1 ikusten dutenentzat, etxekoak bihurtuko dira Mustangs FC-ko Marnie eta lagunak. EITBk telesailaren hiru denboraldien eskubideak erosi ditu, eta 39 atalak jarraian emango ditu, baita udan ere. Hurrengo denboraldian, gainera, Go!azen-en eta Irabazi arte!-ren atal berriak izango dira; biak Pausoka ekoiztetxearenak dira.

'Irabazi arte!'-ren datu onak

Nesken futbol taldeetan oinarritutako bi telesail elkarren segidan. Nahita egindakoa dirudi. Galartzak zehaztu du, ordea, ez dela aurrez pentsatutako zerbait izan, baizik eta horrela egokitu dela.

Arrakastatsua izan da Irabazi arte!-ren lehen denboraldia. Azkeneko atala ikusi zen gehien: 111.000 ikus-entzule izan zituen tarteren batean; %6,6ko ikusle kuota izan zuen; euskaldunen artean, %16,2koa; eta 4 eta 12 urte bitarteko umeen artean, %51,6koa. Denboraldiko batezbestekoak ere onak dira: %5,3ko ikusle kuota; euskaldunen artean, %12,3koa; eta 4 eta 12 urte arteko umeen artean, % 35,6koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.