Albistea entzun

Fatmata Binta. Sukaldaria

«Fonioari esker, elikadura krisiari aurre egin diezaiokegu»

Basque Culinary World Prize saria jaso duen lehen sukaldari afrikarra da Fatmata Binta. Fulani etniaren sukaldaritza eta kultura ezagutarazteagatik egin da ezaguna. Fonio zerealari buruzko proiektu bat du abian.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Jimenez Larrea -

2022ko azaroak 19 - Donostia

Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzak ematen duten saria da Basque Culinary World Prize. Zazpigarren aldia izan da aurtengoa, eta egitasmo eraldatzaileak aurrera eramaten dituzten sukaldariak saritzen dituzte urtez urte. Asteazkenean egin zen sari banaketa, eta Fatmata Binta (Freetown, 1984) sukaldaria saritu zuten. Fonio zerealarekin lan egiteko proiektu bat du martxan, eta proiektu hori sendotzeko eta handitzeko erabiliko du saria.

Espero al zenuen saria irabaztea?

Ez nuen espero, baina oso-oso eskertuta nago. Saria irabazi nuela jakinarazi zutenetik, oihartzun handia izan dut, eta pertsona garrantzitsuekin harremanetan egoteko aukera izan dut. Harreman sare oso indartsu bat sortu dut, niri interesatzen zaizkidan gaiak lantzeko. Nire bizitza guztiz aldatu du sari honek, eta horregatik nago hain eskertuta.

Zer proiektu eramango duzu aurrera 100.000 euroko sariarekin?

Fonioarekin lan egiten jarraituko dut. Glutenik gabeko zereal bat da, nutrizio balio handia duena. Lehenik, elikadura segurtasunean jarri nahi dut arreta, baita autojasangarritasunean ere. Sariaren dirua fonioaren landaketa finantzatzeko erabiliko dut, landaketarako, prozesatzeko, paketeak egiteko... Lan horiek egiteaz arduratzen diren emakumeen lana finantzatuko da horrela. Eragin handia izango du emakume horiek bizi diren komunitateetan.

Beti izan da emakumeen ardura fonioa landatzea?

Bai; emakumeen laborantza dela esan ohi dugu. Gizonezkoek beste lan batzuk izaten dituzte. Emakumeak gizarte egitura kohesionatzeaz arduratzen dira. Laborantza aspergarri samarra da fonioarena. Erreminta egokiak izan behar dira, fonioa merkatura atera ahal izateko. Orain erreminta egokiak izateko aukera dugunez, merkaturatu ahal izango dugu. Fonioari esker, munduko elikadura krisiari aurre egin diezaiokegu. Kate oso bat sor dezakegu, emakume nekazarietatik hasi eta esportazioetaraino.

Asko aldatu al da emakumeen egoera zu fonioa landatzeko proiektuan hasi zinenetik?

Bai. Emakumeen artean harreman berezi bat sortu dugu. Edozein proiekturekin hasteko, konfiantza behar da, eta denbora asko eman dugu harreman horiek eraikitzen. Bereziki emakume nekazariekin. Gure kulturaren zati oso garrantzitsua dira, goseari aurre egiteko duten ahalmenarengatik. Oso inspiratzailea da jakitea gure lanarekin mundu osoko gosearen arazoa konpontzen has gaitezkeela.

Fulanien kultura eta gastronomia jendeari erakusteagatik egin zara ezaguna. Zer da zuretzat fulania izatea?

Nortasuna, komunitatea, jasangarritasuna, baita elikadura komunitatea hobetzeko aukera moduan erabiltzea ere. Hori da fulania izatea. Fulani kulturaren parte da kontaktuak egitea eta mantentzea; ni hori egiten saiatzen naiz. Gastronomia munduan bultzatzeko, Afrikako tradizio gastronomiko eta kulturala babesteko aukera izan dut, eta oso eskertuta nago nire pasioa jarraitu ahal izan dudalako. Sariak jasotzeko aukera izan dut, baina oso lan gogorra da, eta egunero ohera lasai eta zoriontsu joaten naiz.

Beste arlo batzuetan lan egin ostean hasi zinen sukaldaritzan. Betidanik izan duzu argi sukaldaritzarekin lotutako zerbait egingo zenuela?

Txikia nintzenean, asko gustatzen zitzaizkidan bai sukaldaritza eta baita jatea ere. Unibertsitatean nengoenean, ikasle egoitzako ikasleentzat kozinatzen nuen. Nire izebak asteburuetan ni bisitatzera etortzen ziren, eta zenbait plater egiten erakusten zidaten. Niretzat, kozinatzea meditatzea da. Askotan, etxean bakarrik nagoenean, niretzako platerak prestatzen aritzen naiz. Beti izan da nire pasioa, baina ez nekien nire bidea edo lanbidea izatera iritsiko zenik.

Zure herrialdeko sukaldaritza ezagutarazteko, Dine on a mat proiektua jarri zenuen martxan. Noiz eta nola hasi zinen?

Kuriositatearen bitartez hasi zen. Unibertsitatean hastean, ez nuen ulertzen zergatik ezin nuen nire komunitatean, fulaniekin, kozinatzen nituen platerak egin; zergatik ez zegoen sukaldaritza afrikarrik nire inguruan. Ikertzen hasi nintzen, sukaldari moduan nire filosofia eta nortasuna aurkitu nahi nituelako, eta bidaiatzen hasi nintzen. Geroz eta gehiago bidaiatu, orduan eta interesgarriagoa iruditzen zitzaidan dena. Ez nekizkien gauza asko ikasi nituen, eta zera pentsatu nuen: «Ikasi dudan guztia alde batetik bestera eraman badezaket, eta jende askorekin partekatu badezaket, oso interesgarria izan daiteke». Horrela sortu zen Dine on a mat.

Zer-nolako platerak dasta daitezke?

Nik haurtzaroan jateko nuen modua da Dine on a mat-ekoa. Jendeak lurrean jaten ditu niretzat hain kuttunak diren platerak. Mundua oso azkar doala konturatu naiz, eta Afrikako tradizio gastronomikoa zabaldu nahi nuela erabaki nuen. Pop up estiloa nire ideiarekin oso bateragarria dela ikusi nuen, afrika munduko edozein lekutara eraman baitezaket. Nire ustez, sukaldaritzaren bitartez istorioak konta daitezke, eta nik istorioak kontatzen ditut.

Gustatuko litzaizuke esperientzia hori Euskal Herrian egitea?

Bai. Euskal Herriak asko eman dit denbora gutxian, eta esperientzia hori euskal herritarrekin ere egin behar dudala uste dut. Oso lanpetuta ibiliko naiz datozen hilabeteetan, baina hartuko dut tarte bat Euskal Herrira berriro etorri eta esperientzia hemen ere egiteko.

Ba al dago antzekotasunik euskal gastronomiaren eta zuk lantzen duzun gastronomiaren artean?

Euskal Herrira iritsi berri naiz, baina atzo gauean afaltzera eraman ninduten, eta izugarria iruditu zitzaidan. Egun batzuk igaroko ditut hemen, eta hemengo sukaldaritzako plater gehiago dastatzeko desiratzen nago. Orain arte probatu dudana asko gustatu zait. Egia esan, ikusi ditut antzekotasun batzuk fulanien sukaldaritzarekin. Adibidez, hemengo sukaldaritzaren erritmoa ere motela iruditzen zait, jendeak disfrutatu egiten du kozinatzen, eta platerak landuak dira.

Zer da etxera itzultzean egingo duzun lehen gauza?

Tamalera joan; Ghana iparraldean kokatuta dago. Han dago gure proiektuetako bat. Nekazaritza eremuetara joango naiz, proiektuak aurrera eramateko behar diren materialak eta elementuak zeintzuk diren jakitera. Fonioaren balio katearekin hasteko, jendearekin hitz egin behar dugu, eta nahiz eta ahalik eta bizkorren hasi nahi dugun, gauzak poliki egin behar dira. Zirraraz beteriko etorkizuna datorkit, eta oso lanpetuta egongo naiz datorren urtean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Bortxaketa salatzeko erabili dut musika»

Ane Insausti Barandiaran

'Medusa' izeneko EPa sortu du AyVeek, jasan zuen bortxaketa eta ondoren bizi izandakoak kontatzeko. Haren hitza zalantzan jarri zutela salatu du, eta ingurukoen babesari esker egin duela aurrera.
ETB1eko <em>Go!azen</em> telesaileko aktore gazteak. ©ETB

Hiru haurretik batek ikusi du aurten 'Go!azen' ostiraletan ETBn

Urtzi Urkizu

ETB1eko telesailaren denboraldia gaur amaituko da. Kontzertuek maiatzera arte jarraituko dute

 ©AITOR KARASATORRE / FOKU

«'Bollera' izaera bat da, bizitzeko modu bat»

Iker Tubia

Haur literaturaren alde egin du Jakak, adin horretan «dena jaten» dutelako «gose handiz». Letretan dagoen sexu disidentziaz mintzatu da, eta euskarak LGTBI mugimenduan behar duen presentziaz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...