Primeran: edukiak azpidatziekin

EITBren Primeran plataformako eduki batzuk bikoiztuak izango dira, eta euskarazko azpidatziak izango dituzte guztiek. Euskarazko edukiak zabaltzeko dagoen hutsunea betetzea da asmoa.

Unai Iparragirre, Xabier Alkiza, Gaizka Aranguren, Eki Pagoaga, Iban Arantzabal eta Miren Mindegia Iruñeko Kondestablearen jauregian, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
EITBren Primeran plataformaren aurkezpen bideoa erakutsi zuten atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregian: «Ikus-entzunezko edukirik ez duen herri batek ez dauka kontakizunik». Hori da plataformaren lelo berria. Zer ekarriko liguke euskarazko streaming plataforma batek? Galdera hori erantzuteko elkartu ziren Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, Xabier Alkiza Bieuseko bikoiztailea, Gaizka Aranguren Napar elkarteko lehendakaria, Eki Pagoaga Kanaldudeko zuzendaritza taldekoa eta Iban Arantzabal Tokikomeko presidentea.

Primeran plataformaren etorkizunaz aritu ziren batez ere Miren Mindegiak moderatu zuen mahai inguruan, eta Primeran plataformaren etorkizunaz aritu ziren partaideak. Iparragirrek argitu zuen plataforman ez direla EITBko edukiak soilik ikusiko: euskarari eta Euskal Herriari buruzko edukiak eskainiko ditu, filmak, telesailak, nazioarteko fikzio ospetsuak, dokumentalak eta dibulgazio programak, besteak beste. «Primerako herri batek primerako eduki bat merezi du», esan zuen Iparragirrek. Primeran plataforman eskainiko diren eduki batzuk bikoiztuko dituzte; hala ere, eduki guztiak jatorrizko hizkuntzan jarriko dituzte, euskarazko azpidatziekin.

Azpidatzien ideia aspalditik zetorren, Iparragirreren arabera, baina, hori aurrera eramateko, eragileen eta hedabideen arteko elkarrizketa «ezinbestekoa» izan zela adierazi zuen. Elkarrizketa horretan parte hartu zuen Gaizka Arangurenek, eta plataforma osatzeko ahots «anitz» behar direla esan zuen. Ahots horiek pluralagoak izan beharko luketela argudiatu zuen Eki Pagoagak, eta, euskara batuaz gain, beste euskalkiek lekuren bat aurkitu beharko luketela: «Hori da Euskal Herriaren aberastasuna».

Etxe guztietan

Primeran plataformak Euskal Herriko etxe guztietan lekua aurkitzea zen sortzaileen helburua, baita nazioartean zabaltzea ere. Iparragirrek nazioartean bizi diren euskaldunen egoera kontuan hartu nahi zuen, eta, horregatik, Euskal Herritik kanpo ere plataformako edukiak ikusteko aukera eskainiko dute.

Hala ere, Euskal Herriko ikuspegia mantentzea izan beharko luke proiektuaren helburu nagusia, Arangurenen arabera, eta euskal edukia zabaltzeko orduan sortu den «hutsa» betetzea. Xabier Alkizak, hala ere, esan zuen plataformaren etorkizunari «jakin-minez» begiratzen diola, zalantza batzuekin: «Beldur naiz. Espero dut beste plataformetan eskaintzen duten eduki berdina ez izatea».

Plataforma ahoz aho eta etxez-etxe zabaltzea zen hizlarien asmo nagusia, batez ere gazteen sakelakoetara iristeko. Hala ere, oraindik «lan handia» dagoela esan zuen Iban Arantzabalek: «Batzuetan oso onak gara edukiak sortzen, baina horiek zabaltzen ez hainbeste». Arangurenek Primeran etxeko egongeletan egotea nahiko luke: «Plataformaren botoi bat jarri beharko genuke telekomando guztietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.