Gasteizko Jazzaldiak entzule gutxiagoko 8 saio antolatu ditu

Jazz VG Club izenburupean, zenbait artista ariko dira hilaren 16tik 19ra, Santa Katalinako lorategi botanikoan eta The Garage aretoan

Ruben Salvadorrek hilaren 17an joko du Gasteizen. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Aurten ez da Gasteizko Jazzaldirik izango. Ekainaren hasieran iragarri zuten antolatzaileek koronabirusak eragindako egoerak ezinezkoa egiten zuela jaialdia bere horretan egitea, nahiz eta «azken momentura arte» irtenbideak bilatzen saiatu.

Ohiko formatuko jaialdiaren faltan, ordea, Gasteizko Jazzaldiaren antolatzaileek formatu bereziko ziklo bat antolatu dute: Jazz VG Club. Datorren asteko ostiraletik igandera, gehienez ere berrehun lagunentzako izango diren emanaldi bikoitzak egingo dituzte The Garage Club aretoan, 20:00etan. Ostiral eta larunbateko saioetarako sarrera 15 euro kostako da, eta larunbateko emanaldirako 10 euro ordaindu beharko dira.

Kontzertu sorta hori baino lehen, ordea, Triology bandak eta Lara Vizuete pianista eta kontrabaxu joleak kontzertu bat emango dute Santa Katalinako lorategi botanikoan, hilaren 16an, 18:30ean. Emanaldi hori doakoa izango da, baina gonbidapenarekin baino ezingo da sartu.

The Garage Clubeko kontzertu zikloa Ruben Salvadorrek eta Ernesto Aurignacek hasiko dute, 17an. Salvadorrek bere konposizioak eta klasikoen interpretazio berriak uztartuko ditu bere kontzertuan, eta Aurignacek, berriz, Charlie Parker omenduko du, saxofoi jotzaile horren mendeurrena dela aitzakia hartuta.

18an, larunbatean, Noa Lur kantari bilbotarra eta Javier Moreno kontrabaxu jotzailea izango dira Jazz VG Club zikloan. Noa Lur Europako ahotsik onenetariko bat izateagatik saritu zuten Nomme Jazz jaialdian (Estonia), eta, besteak beste, Bobby McFerrin eta Troublemakerrekin aritu da zuzenean. Morenok, berriz, In Sides diskoa aurkeztuko du.

Azkenik, igandean bi musikari galiziar ariko dira The Garage Cluben: Abe Rabade pianista eta Baldo Martinezen kontrabaxu jolea (taldearekin).

Kontzertuetara joateko aukerarik ez dutenentzat, emanaldi guztiak streaming bitartez emango dituzte www.jazzvitoria.com webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.