Abesti batek dio Madrilen ez dagoela hondartzarik—«vaya vaya»—, eta egia da. Itsasoa badute, ordea. Galdetu, bestela, Vallecas auzoko bizilagunei. Duela pare bat aste ospatu zituzten La Karmela jaiak, eta «surf» egin zuten «auzoko prekaritatearen eta inflazioaren gainean»; ur jolasak ere egin zituzten.
Madrilen itsasorik ez dagoela uste duenak agian pentsa lezake hiria urdintzen duena PPren zale kopuru handia dela. Arrazoi faltarik ez luke izango. Herenegun egin zituzten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta Alderdi Popularra gailendu da hirian, botoen %40 baino gehiago lortuta. Hala ere, Villaverde, Usera eta Vallecas langile auzoetan PSOE izan da lehen indarra, eta Sumarrek ere boto asko eskuratu ditu. Vallecasen urdina itsasoa da.
Talaia batean dago Vallecas; urrutira ikus daitezke Madrilgo Castellana etorbideko dorre altuak. Madril hegoaldeko auzo paradigmatiko bat da: 1960ko hamarkadan Espainiako beste leku batzuetatik eta 2.000. urte inguruan Latinoamerikatik migratutako jendea bizi da auzoan, batik bat. Ijito herriak ere hamarkada asko daramatza auzoan bizitzen, eta antolatuta daude; emakume ijitoen elkarte bat dute, Alborea izenekoa, esaterako. Langile auzo bat da, hiriko txiroenetako bat. Talaiaren tontorrean dago La Atalaya gaztetxea Barrio rebelde. Vallekas antifascista (Auzo errebeldea. Vallekas antifaxista) dago idatzita pareta batean.
«Auzotarrok Vallekas k hizkiarekin idazten dugu, auzoa geure sentitzeko. Auzo borrokalaria dugula aldarrikatzeko esaten dugu Vallekas», azaldu du Virginia izeneko bizilagun batek. Hori bera nabarmendu dute Raulek eta Carlak, Puerto del Milagro kaleko dorre altuko atari batetik irtetean: «Ezkerra oso desmobilizatuta dagoen arren, auzo sentimendu handia dugu, langile klasekoak izatearen kontzientzia. Horregatik irabazi du hemen ezkerrak».
Esan dute Sumarri eman diotela botoa, eta «itxaropentsua» dela PPk eta Voxek gehiengoa osatu ez izana. Hala ere, gogorarazi dute Vallecas bezalako auzoetan langile askok eskuinari eman diotela botoa. «Gorroto diskurtsoak iristen dira jendearengana, eta gai dira haien interesen aurka bozkatzeko», gaitzetsi du Carlak.
1970eko hamarkadatik, Vallecaseko bizilagunak oso antolatuta daude. Hasiera batean, txabolen ordez, etxe egoki batzuetan bizitzeko eskubidearen alde borrokatu ziren. Gaur egun, gazteen aisia osasuntsua izatearen alde egiten dute borroka elkarte askok, drogak gogor jo izan baitu auzoan.
Elkarte horietako bat da Coordinadora Vallecas. Baztertuta dauden haur eta gazteekin egiten dute lan, eta poztu egin ditu PPk eta Voxek irabazi ez izanak. Izan ere, «inbertsio publikoen beharra» nabarmendu du Jorgek, koordinakundeko kideak, baztertuta dauden gazteekin lan egiteko. «Bizitzeko gutxieneko diru sarreren sistema mantentzea ezinbestekoa da Vallecaseko gazteentzat», esan du.
Vallecasetik Madril erdialdera joan ahala, PPren boto kopurua handitu baino ez da egiten. Malasaña eta Chueca auzoetan PPk irabazi du, baina nabarmentzekoa da Sumarrek boto ugari eskuratu dituela; %29, hain zuzen.
Nahiko auzo antzekoak dira, baina badituzte desberdintasunak elkarren artean. Malasaña Pedro Almodovar zinema zuzendariaren film gehienen eszenatokia da, eta 1980ko hamarkadako movida-ren muina. Soziologia bitxia du. Batetik, moja komentu ugari daude, eta jende diruduna ere bizi da; Madrilgo erkidegoko presidente ohi Esperanza Aguirre —Bornosko kondesa—, adibidez, Malasañako jauregi batean bizi da. Bestetik, Almudena Grandes idazlea izan zen auzoko bizilagun esanguratsuenetako bat, hil zen arte. Instagram-en erakusten duten moduan, moderno asko ere Malasañan bizi dira.
LGTB jendearen exodoa
Chueca antzekoa den arren, ostadarraren koloreek ematen diote munduan ezaguna duen identitatea. Hala ere, azala eta mamia ez dira gauza bera. «Mundu guztiak uste du Madrilgo gay eta lesbiana guztiak Chuecan bizi direla, baina ez da egia. 1990eko hamarkadaren amaieran eta XXI. mendean sartu berritan asko bizi izan ziren, baina, krisi ekonomikoaren ondorioz, Chuecan bizi zen jende LGTB gehienak alde egin zuen. Auzo oso garestia bihurtu da», esan du Mili Hernandezek, Berkana liburu dendaren sortzaileak. Espainiako Lesbianen, Gayen, Transen eta Bisexualen Federazioko presidente izandakoa da Hernandez, Pedro Zerolo ekintzailearekin eta beste askorekin borrokatutakoa.
Askatasun espazio bat da Berkana. LGTBI gaietako liburuetan espezializatutako Espainiako lehen liburu denda da; Harro bozkatu, dioen kartel bat du atean. «LGTBen botoa Sumarren aldekoa izan da, PSOEren aldekoa baino gehiago. Orain. Lehenago PSOEk eramaten zuen guztia. Sozialisten eta LGTB mugimenduaren urrezko urte haietan, LGTBen botoak fideltasun handia zion PSOEri. Orain, galdu egin du», nabarmendu du. Arrazoitu du: «Orain PSOEn LGTB gaiak lantzen dituztenak muskulu askoko eta burmuin gutxiko bi gizon [enfasiarekin] dira. Jar dezakezu, e! Haiei aurrez aurre esan diet».
Berkanan, erosleen joan-etorria behatzen, ekintzaile eta poeta talde bat egon ohi da, Hernandezen alboan eserita. Horietako bat Ramon Martinez idazle eta historialaria da —Maricones de antaño (Antzinako maritxuak) liburuaren egilea—. Esan du egungo egoera politikoak 1970ekoa gogorarazten diola: «Ekintzaile olatu berri bat iritsi zen gauzak aldatzeko (Stonewall-en, adibidez), eta erreakzio oso bortitza jasan zuen. Orduan bezala, ziklo berri batean gaude, baina lan egin behar dugu etorriko den garai berria ona izan dadin».
Antonio Miguel Utrera poeta da tertuliako beste kide bat. Honela deskribatu ditu bozen emaitzak: «Eguzki izpi bat laino artean».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kronika Madrilen
«Eguzki izpi bat laino artean»
Espainiako Gorteetarako bozetan ezkerra gailendu da Vallecasen, Madrilgo auzo antolatuenetako batean. Chuecan Sumarrek boto asko lortu ditu, LGTBI askorenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu