«Bakea gugandik eraikitzeko» moduez arituko dira Azpeitian

Hodei Iruretagoiena.
2016ko urriaren 13a
00:00
Entzun
«Bakea eraiki behar dugu. Baina, nola?». Galdera horri erantzun nahi diote bihar eta etzi Azpeitian (Gipuzkoa) egingo dituzten jardunaldietan. Bakea gugandik eraikiz izenburu hartuta, bakegintzako hainbat alorretan dabiltzan aditu ugari elkartuko dira Sanagustin kulturgunean. Ikuspegi ezberdinetatik landu nahi dute prozesu hori: nola ulertu diren indarkeria, demokrazia eta bakea Euskal Herrian; zer berezitasun izan dituen emakumeen aurkako errepresioak; nola landu egia, justizia, erreparazioa eta gertatutakoa berriro ez gertatzeko bermeak; nola erabili kontakizuna adiskidetzerako; eta zer irakaspen atera munduko gainerako bake prozesuetatik.

Egitarau zabala

UEUk antolatu du bi eguneko ikastaroa, Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Diputazioaren laguntzarekin. «Jardunaldi hauek bakea eraikitzeko prozesuan lagundu nahi dute, gizartea eraldatzeko proposamenak lantzeko oinarriak jarriz», azaldu dute antolatzaileek. Gazteak gogoan izan dituzte bereziki:«Ezinbestekoak dira bake prozesuan. Baina iragana ezagutu gabe, nola ulertuko dituzte orainaren klabeak? Eta inplikatzen ez badira, nola izango dira etorkizunaren jabe?».

Ostiral goizean hasita, hitzaldi eta mahai inguru ugari izango dira. Besteak beste, Jon Mirena Landa EHUko Zigor Zuzenbide katedraduna, Sabino Ormazabal Argituz elkartekoa eta Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia elkartekoa arituko dira frankismoaz; eta Amaia Alvarez Justizia Trantsizionaleko doktorea, Ipar Irlandako adiskidetze prozesuaz. Larunbatean, berriz, Itziar Salegi Guardia Zibilak hildako Mikel Salegiren arreba eta Julia Monge Intxorta 1937 elkartekoak jardungo dute kontakizunaz eta emakumeen begiradaz; eta Iñaki Egaña historialariak eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak, egiaz, justiziaz eta erreparazioaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.