Koronabirusa

Beldurrak kutsatu du Bastida

Aste Santua ate joka dela, ezinegonak arnasarik gabe utzi ditu Bastidako herritarrak; birusaren psikosiak turistak uxatu ditu, eta herriko ekonomiak asko nozituko du.

Bastidako herri eskola itxita dago astelehenaz geroztik, eta apenas dagoen umerik alboko plazan egunotan. RAUL BOGAJO / FOKU.
xabier martin
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Bastidak (Araba) bi deitura ditu: ardoa eta turismoa. Ardoaren turismoa esanda lot daitezke biak, baina egunotan erabat erori da bi hanka horietako bat: turismoa. Ez da giro Arabako Errioxako mendebaldeko mugan, herritarrek nahi gabe ere koronabirusaren protagonista bihurtu baitzaie herria, eskolak ixtera derrigortuak izan ondoren. Gasteizen ere neurri gogor hori bera hartu dute, hileta elizkizun baten jatorria duen kutsatze handi baten ostean; baina Bastida da lehen herri txikia COVID-19ak hain gogor jo duena. Atzo, berriz, Arabako eskola guztiak ixtea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Bastida izan daiteke datorrenaren adierazgarri aurreratu bat.

«Kasu gutxi batzuk baino ez daude herrian, eta Gasteizekin eta Madrilekin batera atera gara argazkian, egunkarietan», dio Ana Albanchezek, haserre. Osante landa turismoko etxearen jabea «oso kezkaturik» dago hedabideetan marraztu duten irudiarekin: «Ezin dut sinetsi: erreserba guztiak bertan behera geratu zaizkit, eta gu normal ari gara tragoak hartzen tabernetan. Egia da jende gutxi dabilela herrian, batez ere adineko jendearekin kontu handia eduki behar delako. Baina egiten ari zaigun kaltea izugarria da».

Zuhurtzia edo psikosia?

Bastidaren motorra turismoa dela azpimarratu du, eta ate joka dutela zubi bat. «Galdutzat ematen dugu denok, ostalariok, tabernariok eta bisitariei esker diru sarrerak handitzen dituzten komertzio txikikook ere bai». Esperantza guztia Aste Santuarekin dauka Osante landa turismoko etxearen jabeak. «Ulertzen dut beldurra, baina psikosi honek ez du oinarririk, eta kolpe handia izango da herriarentzat». Atzerriko turismoa ere galdu egin dela esplikatu du, eta Osantek hartzen dituen europarrak eta amerikarrak ez direla azalduko ardoak erakarrita aurtengo lehen erdialdean. «Ahal duenak eutsiko dio, ahal duen moduan. Krisi latza etorri zaigu, eta jendeari esan behar diegu Bastidara etortzeko, ez dagoela beste edozein lekutan baino arrisku handiagoa».

Bastidako plazan dago Ultramarinos Belen, Jasokundearen eta Kristo Santuaren eliz ikusgarrien itzalpean. Udako bero sapari aurre egiteko toki fresko bat da plazako izkina hori; alboko farmaziaren termometroan 35 gradutik gora ageri dira sarritan uztail-abuztuetan, plazako terrazak turistaz lepo daudenean. Baina orain behar lukeen baino hotz handiagoa dago Ebro ibaiaren eta Toloño mendiaren arteko Erdi Aroko kaleetan, mahasti maindirea beti bezain polita dagoen arren.

«Telebistan agertzeak kalte handia egin digu. Oso kasu gutxi daude herrian, baina argazkian atera gara, eta kito», dio Belen Egiluz jabeak. Bastidako plazan «normaltasuna» dago, baina onartu du jendeak «beldur handia» duela. Aurrez aurre dituen tabernak, jatetxeak, hotelak... sufritzen ari direla azaldu du, eta minduta dago. «Ez da horrenbesterako, benetan; badakit beldurra librea dela, baina Aste Santurako normaltasuna lortu behar dugu; bestela...».

Bestela, 1.500 biztanle dituen herri horretako ekonomiaren oinarriak urteko diru sarreren zati handi bat galduko du, eta Bastidaren arnasa astunagoa bihurtuko da geroa irabazteko borrokan. «Asteburuetan etor daitezela etxeak dituztenak, zubiko oporrak normal-normal egin ditzatela, hemen ez baitago beste edonon baino arrisku handiagorik». Gogoratu du Ebroren beste aldean dagoela arazorik handiena, Haron (Errioxa). Han dozenaka dira koronabirus kasuak.

Bastida, datorrenaren isla

Ultramarinos Belen eta Osante landa turimoko etxetik aurrera eginda, Ariño jatetxe preziatuaren atera iristen da, El Frontin kale ederrean. Gaizka Garcia da haren jabea, eta lur jota dago. «Erreserba guztiak erortzen ari zaizkigu. Beteta geneukan astebururako eta datorren zubirako, eta, domino efektu batez, deika eta deika dabil jendea bazkariak eta afariak bertan behera uzteko. Desastre hutsa da». Gehiegizko psikosia dela uste du, eta prentsak ez diola inolako mesede egin Bastidari. «Jatetxeko hainbat produktu ekartzen dizkigutenak ere huts egiten hasi dira, ez dutelako hona etorri nahi. Pentsa, galdara konpontzera etorri behar dute, eta ez dugu lortu teknikaria ekartzea, ez duelako etorri nahi. Erotu egin gara denok».

Bastidaren motorra turismoa dela azpimarratu du Garciak, eta herriaren irudia gehiago zaindu behar dela. «Ikusiko dugu zer gertatzen den Aste Santuan. Nahiz eta guk esan bisitariei herrira lasai etor daitezela, beldurra librea da, eta badakigu aurretik borroka handia dugula normaltasuna berreskuratzeko».

Jatorrena hotel-jatetxea da Bastidako beste zentro turistiko garrantzitsu bat. Martxoko zubirako irekitzeko prestatzen ari dira, baina, erreserbak erortzen ari direla ikusita, ez daukate oso garbi zer egin. «Lehenak izan garenez eskolak ixten, ministroaren ahotan atera gara, eta kalte handia egin digu horrek», dio Soraya Urkidi arduradunak. «Bastidaren izena garbitzea nahi dugu, beste inon baino azkarrago aritu garelako, eta kutsatu gutxi ditugulako». Aste Santua ere ia galdutzat eman du Urkidik, baina «lehen gauza osasuna da, horrek argi geratu behar du».

Luze gabe, Bastidan hartutako tenperatura izan dezakete herri askok Araban, eta beste lurraldeetan ere bai, neurri zorrotzagoak badatoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.