Koronabirusa

Zer gertatu da gripearekin?

Gripe kasurik ia ez da izan aurten Euskal Herrian. COVID-19aren aurkako neurriak baliagarriak izan dira gaitz horri aurre egiteko, baina aldagai gehiago daude.

Neguan izaten da gripearen hedapena Ipar hemisferioan, baina aurten ia desagertu egin da birusa. JUANAN RUIZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurriek desagerrarazi egin dute gripearen hedapena, ia erabat. Udazkena ate joka ari zenean, osasun profesionalen kezka nagusia zen nola eragingo zioten elkarri sasoiko gripeak eta SARS-CoV-2ak, agertoki jakin bat saihestu nahi zelako: COVID-19aren eta sasoiko gripearen oldarraldiak batera gertatzea, osasun sistemak gainezka egin zezakeelako. Baina errealitateak erakutsi du koronabirusaren kontrako prebentzio neurriak baliagarriak izan direla gripeari aurre egiteko. Izan ere, Hego Euskal Herrian ez da gripe kasu bakar bat ere atzeman azarotik urtarrila bitartean, Espainiako GripearenZaintza Sistemaren azken datuek agerian utzi dutenez.

Baina nola liteke COVID-19ari aurre egiteko hartu diren prebentzio neurriak egokiak izatea gripe kasurik ia ez izateko, eta, aldiz, ez izatea gai koronabirusa geldiarazteko? Galdera hori egiten dio batek baino gehiagok bere buruari. Paradoxa hori azaltzeko arrazoi bat baino gehiago daude, Jose Manuel Jimenez Guardeño Londreseko King's College zentroko Gaixotasun Infekziosoen ikerlariak azaldu duenez. «Arrazoi nagusia da koronabirusari aurre egiteko ezarri diren neurriek—distantzia fisikoak, maskarak eta higieneak batik bat— balio dutela bestelako arnas birusei aurre egiteko, eta, bereziki eraginkorrak direla gripeari aurre egiteko». Gainera, sasoiko gaixotasuna da gripearena, urtero hemisferio batetik bestera bidaiatzen duena, baina aurten mundu osoan ezarritako mugikortasun murrizketek eragotzi egin diote gripearen birusari batetik bestera mugitzea, Jimenezek esplikatu duenez.

Hori gertatu izana «albiste oso ona» dela azpimarratu du Ignacio Lopez-Goñi Mikrobiologiako doktore eta dibulgatzaile zientifikoak, osasun sistemari «arnasa» eman diolako, gehien behar zuen garaian. Izan ere, ohartarazi duSARS-CoV-2 birusarekin batera bestelako arnas birusak zirkulazioan ibiltzea «ekaitz perfektua» izan zitekeela heriotza tasa handitzeko, bereziki adineko pertsonen kasuan. Hori ez da gertatu, eta «poztekoa» dela iritzi dio Lopez-Goñik. Hala eta guztiz ere, ohartarazi du ezin dela baztertu orain albiste ona izan dena datorren urtean «arazo» bat izatea: «Ohikoa izaten da urte arin baten ostean gripearen birusak gogorrago jotzea. Ikusteko dago».

Gripearen aurkako txertoan ere jarri dute fokua adituek. Aurten gripearen aurkako txertaketa kanpaina bereziki zabala izan da, eta inoiz baino herritar gehiagori jarri zaie txertoa. Baina badaude beste bi aldagai gripearen hedapena zergatik eten den ulertzeko: kutsakortasuna eta transmisioa. «Koronabirusa gripearen birusa baino bi aldiz azkarrago zabaltzen da, eta gripearen kasuan, gainera, ez dago superkutsatzailerik», azaldu du Jimenezek. Transmisioak ere badu bere garrantzia, gripearena kontrolatzea samurragoa delako: koronabirusa ez bezala, tantaxka handietan garraiatzen da gripearen birusa eta bi metroko segurtasun nahikoa izaten da transmisioa eteteko. Inkubazio denbora ere gehitu du Lopez-Goñik, «luzeagoa baita COVID-19aren kasuan gripean baino, eta, beraz, sintomak nabaritzen hasteko denbora gehiago behar delako».

«Interferentzien fenomenoa» ere aipatu du Jimenezek gripearen hedapen eskasa azaltzeko. «Birus batzuek badute gaitasunabeste patogeno batzuei atea ixteko, eta gorputzean egoera antibiral antzeko bat sortzeko». Ikertzaileek uste dute hori gertatzen ari dela koronabirusarekin: behin pertsona bat SARS-CoV-2arekin kutsatzen denean, ez du beste infekziorik hartzen. Beraz, uler liteke COVID-19ak balio duela gripeari ateak ixteko. Nolanahi ere, oraindik ez dago erabateko ziurtasuna horri buruz. «Hipotesi hori oso interesgarria da, eta gertatzen ari den zantzuak baditugu, baina sakonago ikertu beharra daukagu», zehaztu du.

Ospitaleetan, lasaiago

Ospitaleetako pneumologia zerbitzuetan ere izugarri sumatu dute aurten gripe kasurik ez egotea. Abendu eta martxo bitartean lanez gainezka egon ohi dira gripearen eraginez sortzen diren arnas gaixotasun eta infekzioak artatu behar dituztelako, baina aurten oso bestelakoa izan da ikusi duten egoera. «Gripe kasu bat bera ere ez dugu izan. Zero kasu». Laura Tomas Txagorritxuko ospitaleko pneumologoak azaldu du «inoiz ez bezalako» negua izaten ari dela gripearen intzidentziari dagokionez, eta ez dutela kasu bakar bat ere artatu. Haurretan ere ez dute detektatu bronkiolitis kasurik pediatria zerbitzuan.

Gripearen arrastorik ez egoteak lasaitua eman die pneumologia zerbitzuetako profesionalei, jadanik COVID-19ak jota gaixotu direnekin lan zama handia dutelako. «Gure beldurretako bat zen Eguberrien bueltan gainezka egongo ote ginen gripeak eta COVID-19ak kutsatutako gaixoekin. Izan ere, bi birusak aldi berean zirkulazioan ibili izan balira, hondamendi bat izango zen». Tomasek kontatu duenez, urtero urtarrila hilabete zaila izaten da gripearen transmisioari dagokionez, birusaren oldarraldiak goia jotzen duelako eta ospitaleen gaineko presioa handitu egiten delako. Txagorritxuko pneumologia gelen okupazioa erabatekoa izaten da garai horretan, eta ehun gaixo inguru egoten dira ospitaleratuta aldi berean. 2018an, adibidez, urte hasieratik apirilera arte egon ziren beteta ospitaleko gelak gripearekin eritutakoekin. Aurten ez dute halakorik bizi, Tomasek esan duenez: «Hirugarren olatu honetan sasoiko gripearen ohiko oldarraldietan baino hobeto egon gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.