Albistea entzun

Nola egiten den bat euskaldun

Euskaldun egin eta izateaz, bertzetasunaz eta hautu politikoaz. Horretaz eta askoz gai gehiagoz aritu dira Lutxo Egia eta Irene Arrarats Emakunderen bigarren solasaldian.
Lutxo Egia eta Irene Arrarats, atzo, Usurbilen, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Saiburuordetzak eta Emakundek antolaturiko mahai inguruan.
Lutxo Egia eta Irene Arrarats, atzo, Usurbilen, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Saiburuordetzak eta Emakundek antolaturiko mahai inguruan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko azaroak 11

Zer da euskalduna izatea? Nola egiten da norbait euskaldun? Eta zer dakar horrek guztiak egunerokoan? Galdera horiei erantzunez bertze hainbat galdera sortu zituzten atzo Lutxo Egiak eta Irene Arraratsek, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Saiburuordetzak eta Emakundek antolaturiko Euskara eta feminismoa bidelagun jardunaldietako bigarren solasaldian. Hitzaldiaren izenburuak berak hala zioen: Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara. Eta abiapuntu horretatik hasita, hamaika gogoeta egin zituzten hizlariek euskaldun izateaz, horrek dakarren subalternitateaz eta euskaraz bizitzeko (edo ez bizitzeko) egin beharreko hautu politikoaz.

Kontzeptuak eta haien erabilerak ez baitira neutroak. Egia: «Tipologiak sortzen ditugu errealitateak adierazteko. Ez dira berezkoak, ez dute balio absoluturik». Eta hala, beraz, euskaldun hitzak ere. Arrarats: «Kategoriak ez dira aldaezinak: errealitateak hizkerari eragiten dio, eta alderantziz. Nola pentsa, hala mintza». Bi-biek adierazi zuten botereari lotuta dagoela errealitate hori, eta, beraz, baita euskaldun tipologiaren erranahia ere. «Askotan esaten da hitza duenak ezpata bat duela. Esango nuke alderantziz dela: ezpata duenak du hitza», adierazi zuen Arraratsek. «Ezpata hori boterea da, noski».

Baina nork definitzen du zer den euskaldun izatea? «Erdarak boterea dauka gure hitzak ere itxuragabetzeko», Arraratsen ustez. Eta, horrenbertzez, euskaldunentzat zein behar luke euskaldun hitzaren definizioak? Egiak hainbat proposamen bota zituen; Arraratsek, berriz, «adiera klasikoaren» alde egin zuen: «Euskalduna da euskaraz jakin eta mintzo dena, eta definizio horri eutsi behar diogu; bestela, oparitu egingo diogu beste hizkuntzen ikuspegiari. Oso arriskutsua litzateke». Euskaldun eta erdaldun bereizketa «kategorizazio zaharrena eta modernoena» da aldi berean, Arraratsen ustez: «Bestetasunaren intuizio brutal bat da». Azaldu zuen erdaldun hitza definitzeko premiarik ez dela sentitzen «erdara delako hizkuntza ez-markatua, neutrala, alegia, munduan gizona dena»; eta euskaldunak, aldiz, «besteak»: «Euskara emakumea da, eta, batzuetan, ez da iristen emakumea izatera ere: nik uste dut asteriskoa edo izartxoa dela. Euskaldunok besteok gara, baina ez da bestetasun erreziprokoa».

Arraratsen ustez, «inklusiboa» da kategorizazio hori: «Guretzat euskaraz ikasten duen edonor euskaldun bilakatzen da, eta berdin zaizkigu zirkustantziak. Horrek esan nahi du euskaldun izateko era guztiak posible direla». Alegia, ez duela zertan lotuta egon alderdi politiko batekin edo erlijio batekin, adibidez.

Euskaraz aritze eta, beraz, euskaldun izate hori ez da gatazkarik gabea, ordea. Egiak azaldu zuen, erraterako, nola 2015ean Bilbon egin zuen performancean —hilabetez euskaraz bizitzen saiatu zen, gaztelania alboratuta— ikusi zuen egunero egiten dela bat euskaldun. Eta, gainera, ez denbora guztian: «Euskaldunaren esperientzia diskontinuoa da: trantsitatzera behartuta gaude». Nabarmendu zuen, halaber —eta Judith Butlerrek generoarekin erran bezala—, euskaldunak ere «arau sozialen baitan» eraikitzen direla etengabe: «Jasoko ditugu zigor batzuk, sari batzuk...».

Hautu politikoaz

Egiak nabarmendu zuen «erradikal» eta «ero» deitu zutela zenbaitek performanceagatik. Arrarats: «Lore bat da hori: errora jo zenuelako». Biek nabarmendu zuten, hain zuzen, euskara «despolitizatzeko» deia egiten dela maiz, baina okerra dela: «Euskara erabiltzea ekintza eta hautu politiko bat da», nabarmendu zuen Arraratsek. Baina baita gazteleraz edo frantsesez aritzea ere: «Nola erdara den neutroa, naturala... ematen du ez dela ekintza politiko bat; eta, jakina, bada».

Arraratsek ohartarazi zuen, ordea, hautu politiko hori pertsonala eta kolektiboa dela aldi berean: «Batzuek ez dute aukeratzeko libertaterik; esaterako, bizimodu guztiz prekarioa dutenek; halakoetan, hautu politikoa beste norbaitek egin du haien ordez: adibidez, ez duelako baliabiderik jarri euskaraz doan ikasteko». Egiak azpimarratu zuen «gatazka dagoen neurrian» sortzen dela «hautu» hori: «Gatazkan sortzen eta eraikitzen gara euskaldun gisa». Gatazkari konotazio negatiboa kendu beharraz aritu zen Arrarats: «Gatazkak ez du zertan txarra izan: bestela, ez genuke aurrera egingo». «Itun» batera deitu zuen, galdera bat eginda: «Justiziazkoa da Euskal Herrian edozein eremu eta zirkustantziatan euskaraz jardutea? Bai baldin bada erantzuna, moldatuko gara». Horrek erran nahi luke, Arraratsen ustez, ETB2ko El Conquistador del Caribe saioan parte hartzaile euskaldunek euskaraz egin ahal izatea, erraterako. Egiak «alde diskurtsiboa» lantzeko deia egin zuen: «Euskaldunok eta euskaltzaleok ideologikoki sendoagoak izan behar gara».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Avanzako langileek segurtasun neurriak eskatzeko egindako mobilizazioa. ©HITZA

Falta duten segurtasunaren bila

Beñat Alberdi, Gipuzkoako Hitza

Lurraldebuseko langileak geldialdiak egiten hasi dira astean bi aldiz. Segurtasuna bermatzeko neurri hobeak eskatu dituzte, gauetako txandetan ez ezik, aste osoan ere bai.

Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz. ©JESUS DIGES / EFE

ESPALOIAN ITOTAKO BIZITZA

Ion Orzaiz

Duela bost urte, 2016ko urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye senegaldarra zendu zen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Iruñean. Atxiloketa bortitz baten ostean konfirmatu zuten hila zela. Poliziaren jokabide arrazisten ondorio dela uste dute Ndiayeren lagunek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Egonkorrak bilakatu dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean Frantziako indar armatuek egiten dituzten kontrolak. ©BOB EDME

Sistemaren belauna lepoan

Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena - Ion Orzaiz -Javi West Larrañaga

Migratzaileen aurkako jazarpena fenomeno orokortua da Euskal Herrian. Adituek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Poliziak «sistematikoki» erabiltzen duela bortxa pertsona arrazializatuen aurka.
 ©BERRIA

«Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista iraunarazteko»

Maite Asensio Lozano

Segurtasunaren zein mehatxuen inguruan zabaltzen diren ideiak «eraikuntza politikotzat» dauzka Douhaibik; horrekin lotu ditu kolektibo arrazializatuen aurkako kriminalizazioa eta jazarpen poliziala.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.